Zuzenean

NAIZ irratia

Adi eta Ari | Zenbatzaileak

[2X31] Atal honetan zenbatzaileak landuko ditugu.

Audio_placeholder

Adi eta Ari | Zenbatzaileak

Loading player...
1215_Hertzainak
1215_Hertzainak (Hertzainak)

NEREA:
Kaixo, Ander.

ANDER:
Zer moduz zaude, Nerea?

NEREA:
Hertzainak musika taldeari buruz hitz egingo dugu gaur.

ANDER:
20. mendeko musika talde bat da Hertzainak, euskal rockak eman zuen talde ezagunenetako bat.

NEREA:
Esaten da 1981eko Urtezahar egunean egin zutela lehen kontzertua. Baina lehendabiziko diskoa 1984koa da.

ANDER:
Beraz, aspaldiko kontuak dira. Izan ere, 80ko eta 90eko hamarkadan izan zuen bizitasuna eta arrakasta.

NEREA:
Sei edo zazpi disko egin zituzten. Eta, rockeko eta punkeko talde asko bezalaxe, bertan behera gelditu zen taldea.

ANDER:
Zertaz hitz egingo dugu gaur, orduan?

NEREA:
Hertzainak taldeak emandako azken kontzertuez. Ospakizun moduko batzuk eginez, betiko agur esan zuen Hertzainak taldeak joan den abenduan eta urtarrilean.

ANDER:
Kontzertu handiak izan ziren: aurrena Barakaldon, eta, ondoren Gasteizen.

NEREA:
Kirolariak, politikariak, idazleak, bertsolariak, musikariak, antzerkilariak... Denetik ikusi genuen entzuleen artean.

ANDER:
Josu Zabala izan zen Hertzainak taldearen sortzaileetako bat, eta orain 69 urte ditu. Eta Gari zen taldeko kantaria, eta honek 60 beteko ditu aurten.

NEREA:
Bi musikari horiek irratian solas egin zuten azken kontzertu haien bezperan. Entzun ditzagun.


GARI, GARITAONAINDIA


ANDER:
Gari kantariak aipatu du :«hainbat bariable». Zer esan nahi du hainbat hitzak?

NEREA:
Zenbat adierazteko modu bat da. Beraz, hitz zenbatzaile bat da. Baina ez da zehazki zenbaki bat.

ANDER:
Ez da zenbaki bat, ez duelako kopurua zehatz adierazten, ezta?

NEREA:
Hala da. Esate baterako, asko eta gutxi hitzek ere kopuruak adierazten dituzte, baina ez dute zehazten doi-doi zenbat, gutxi gorabehera baizik.

ANDER:
Asko adierazteko beste hitz batzuk dira: ugari, anitz, franko.

NEREA:
Gutxi esateko urri ere erabiltzen da.

ANDER:
Eta orduan, hainbat hitza noiz erabiltzen da?

NEREA:
Berez, hainbat esatea da batzuk esatea. Adibidez: «Hainbat adiskide batu ginen Hertzainak taldearen kontzertuan». Beste era honetan aipa nezake: «Adiskide batzuk batu ginen rock kontzertuan».

ANDER:
Baina, Nerea, niretzat hainbat hitzak kopuru handia adierazten du. Hau da: niretzat, batzuk baino gehiago da hainbat.

NEREA:
Arrazoi duzu, Ander. Hainbat hitzak iradokitzen du asko. Horregatik, esan nezake: «Adiskide asko batu ginen kontzertuan».

ANDER:
Nik batzuk adierazteko sarritan erabiltzen dut zenbait hitza. Adibidez: «Hertzainak taldearen zenbait kantu buruz dakizkit». Eta horrek esan nahi du batzuk dakizkidala, baina ez direla asko-asko.


JOSU ZABALA


NEREA:
Ongi berezi dituzu bi hitz horiek: zenbait eta hainbat. Biak kopuru zehaztugabeak adierazteko erabiltzen ditugu. Zenbait hitzak esan nahi du batzuk. Eta hainbat hitzak esan nahi batzuk baino gehiago.

ANDER:
Guk formula bat erabiltzen dugu batzuek baino gutxiago adierazteko.

NEREA:
Eta zein da hori?

ANDER:
Batzuen batzuk.

NEREA:
Ongi, Ander. Horrek iradokitzen du gutxi batzuk. Adibidez: «Batzuen batzuk Espainiatik eta Frantziatik etorri ziren Hertzainak entzutera».

ANDER:
Zer ikasi dugu gaur?

NEREA:
Ikasi dugu kopuruak adierazteko modu bat. Eta honi deitzen diogu zenbatzaile zehaztugabea.

ANDER:
Zenbait, batzuk, hainbat, asko, ugari, gutxi edo urri zenbatzaileak dira. Baina ez dituzte zenbateko zehatzak adierazten.

NEREA:
Orain kontatu beharra daukagu nola egiten den deklinazioa.

ANDER:
Zenbatzaile hauen ondoan ipintzen ditugun izenak ez dira pluralean deklinatzen.
NEREA:
Zenbait disko erosi ditut. Txartel batzuk erosiko ditut. Jende asko izango da kontzertuan. Hainbat adiskide elkartuko gara. Kantu gutxi dakizkit osorik.

ANDER:
Eta aditza singularrean eta pluralean esan dezakezu, nahi duzun bezala. «Hainbat disko erosi ditut” edo “hainbat disko erosi dut».

NEREA:
«Kontzertuaren aurretik zenbait kantu ikasi dut» edo «zenbait kantu ikasi ditut».

ANDER:
Agur, bihar arte.

Jaurlaritza Logoa