Zuzenean

Zaintza greba orokorraren ondoren, hausnarketa eta lanketa prozesuari ekin zioten Araban, eta hainbat eskualdetan egindako bileren bidez lurraldeko zaintza egoera aztertu zuten. Horren emaitza gisa, Araban herri mailako lehen asanblada antolatu zuten, 90 lagun baino gehiagorekin. «Grebaren ostean argi genuen lan horri jarraipena eman behar geniola», azaldu du Aranaldek.
Prozesu horretan parte hartu dute hainbat sindikatuk (LAB, ESK, STEILAS), zaintza sektoreko langileek eta eragile feministek. «Mugimendu feministak hartu du lidergoa, baina asko gara prozesu honetan murgilduta gaudenak», nabarmendu du. Horrela osatu dute 10 bloke handitan banatutako aldarrikapen mahaia.
Aldarrikapen nagusien artean daude zaintza sistemaren publifikazioa eta zaintza langileen lan baldintzen duintzea, baina baita sistemaren ikuspegi feminista, ez-sexista eta arrazakeriarik gabekoa ere. «Ezinbestekoa da gizonek ere ardura hartzea. Ez da emakumeon kontua soilik», gogorarazi du Aranaldek.
Atzerritartasun Legearen indargabetzea ere jasotzen du proposamenak. «Ezin dugu zaintzaz hitz egin eskubiderik gabeko pertsonak dauden bitartean», esan du. Izan ere, zaintza lan asko migratutako emakumeek egiten dituzte, eta askotan «esklabutza egoeran» aurkitzen dira. «Atzerritartasun legeak pertsonak ilegal bihurtzen ditu, eta eskubiderik gabe uzten», salatu du.
Azkenik, erroldatzeko eskubidea baldintzarik gabe bermatzea eta kontziliazio erantzunkidearen aldeko neurri zehatz eta eraginkorrak exijitu dituzte, bai eremu pribatuan eta baita publikoan ere.
Aranalderen esanetan, «zaintzak guztion ardura izan behar du, eta horregatik da ezinbestekoa zaintza sistema publiko, komunitario eta feminista baterantz jotzea». Arabako Foru Aldundiari zuzendutako eskaeren bidez, zaintza eredu berri baten aldeko konpromisoak eskatu dizkiote.


