Zuzenean

Oiartza Pampliega eta Marko Ganuza

Alpeetatik Goierrira gazta goxoen bila

Gazta izango da aste honetan bidaiatzeko aitzakia. Montreux herrian xarmagarria ezagutuko dugu, diotenez Freddy Mercuryren herri kuttuna zen hau. Ondoren, Gruyere herria bisitatuko dugu, bertakoa da zulodun gazta famatua. Etxean amaituko dugu itzulia, Goierrin.

Audio_placeholder

Alpeetatik Goierrira gazta goxoen bila

Loading player...
Gruyére herriko kale nagusia
Gruyére herriko kale nagusia (Wikipedia (CC))

Paisaia ederrak eta gastronomia bikaina uztartzen duen bidaiaren bila bazabiltza, izan zaitez gurekin bidaiari Suitzako paraje ederrenetan zehar. Laku ertzean paseatuz, Montreaux bezalako herri xarmagarriak ezagutuko ditugu eta gizateriaren ondarea diren mahasti ikusgarrienak bisitatuko ditugu. Eta hori guztia, Gruyere herria eta baita bertatik izena hartzen duen gazta ezaguna dastatzeko. Euskal Herrira itzuliko gara gero Idiazabal gaztaren sekretu guztiak deskubritzeko. Gaztarik goxoenak dastatu nahi?

Genevako harrizko-galtzadaz beteriko alde zaharra eta luxuzko denda handietatik haratago, Suitzak, mendi eta lakuen artean kokaturik, edertasun natural paregabea dauka. Gure ibilbideak Leman lakuaren iparraldean zehar eramango gaitu, Lausana eta Montreaux artean, Gruyére gazta ezaguna dastatzea da helburua.

Ilargi-erdi formako Leman laku handia Alpeetako mendikateak menderatzen du. Suitzako altxor naturala da eta mendebaldeko Europako aintzirarik handienetako bat da. Leman aintzira duela 16.000 urte baino gehiago sortu zen, Rodanoko glaziarra azken glaziazioan urtu zenean. Suitzarren eta turisten lekurik gogokoena da paseatzeko, arrantza egiteko edo hondartzan bainatzeko. Leman lakuaren inguruan hondartza ugari dago, hondarra eta guzti, horregatik, ideia bikaina da lakuaren ondoan aparkatzea bainu freskagarri bat hartzeko.

Leman lakuaren ertzari jarraituz gure ibilbidean Chateaux Chillon topatuko dugu, Montreaux hirian. XII. mendeko gotortutako gaztelu hau haitz uhartetxo baten gainean eraiki zen, Europako iparraldearen eta hegoaldearen arteko pasabidea kontrolatzeko babes natural eta kokapen estrategiko gisa balio izan zuena. 1816an egin zen ezagun Lord Byronek ‘Chilloneko gatibua’ idatzi zuenean. Hau da, François Bonivardi buruzko poema bat idatzi zuen, bere ideia independentistengatik gaztelu honetako ziegetan giltzapetua egon zelako. Hala, ez da harritzekoa gaztelu hau Suitzako eraikin historiko bisitatuenetako bat izatea. Ia lau mendez, gainera, Savoiako kondeen egoitza izan zen eta aduana-postu oparoa. Denboran atzera egiteko benetako bidaiaz gozatzeko lekua da: beste garai bateko altzariak, armak eta armadurak, pinturak... Baina, batez ere, ez ahaztu Bonivard gatibu egon zen ziegak bisitatzea.

Montreaux: Freddy Mercuryren hiri kuttuna

Gazteluaz gain, Montreaux hiriak interesgune asko ditu: Kasinoa, jazz-jaialdia edota Eguberrietako azoka, besteak beste. Hiria ezagutzen hasteko, kafetegi batean eseri behar da lakua eta Alpeen liluraz gozatzeko. Ondoren, alde zaharrean galtzea merezi du, San Bizente eliza bisitatu eta itsas pasealekutik Freddie Mercuryren estatuaraino iritsi. Aintziraren ertzean dagoen Freddie Mercuryren estatua horrek gogora ekartzen du Queen taldeko abeslariak album bat grabatu zuela hirian, hirurogeita hamargarren hamarkadan musika talde askoren inspirazio-iturri izan zen Montreaux eta gaur egun urtero ospatzen da bertan Jazzaldia.

Bidaiatzeaz gain zerbait biziki maite badugu, hori enoturismoaz gozatzea da. Horregatik, bidaia honetan Lavauxeko mahastien terrazak ezagutzea ezinbestekoa da. Vaud kantoiko sei eskualde ardogileetatik, Lavaux ikusgarriena da. Lausana eta Montreux artean dago eta UNESCOren Gizateriaren Ondare izendapena dauka.

Mahastizaintza eskualde honek 30 km-tan zehar hedatzen da, Lausana eta Montreux artean, eta bere lehenengo mahastiak XI. mendean landatu ziren. Mahastiak ezagutzeko eta paisaia ikusgarri horietaz gozatzeko modurik erosoena,  'Train des vignes', tren txikian eserlekua erreserbatzea da. Azkenik, tren ibilaldia hori mahastizainen familia baten jarduna gertutik ezagutzeko probestu daiteke, upategia bisitatuz eta ardo dastaketa eginez. Primerako esperientzia enoturistikoa da.

Gruyeres herria eta zulorik ez duen zulodun gazta

Gruyeres herria Leman aintziraren eta Alpe mendikatearen erdibidean dago eta Suitzako ikur gastronomikoa den Gruyeres gaztari eman dio izena. Herri txiki eta berezi hau muino txiki baten gainean kokatuta dago, Friburgoko Alpeak atzean dituela.

Gruyeres nahitaezko bisita da Suitzarako bidaia batean. Hasteko, XIII. mendeko gaztelu gotortuak eskualdeko ikuspegi panoramiko ederrenetako bat du. Gazteluan barrena ibiltzea ere esperientzia bikaina da: zaldunen gela, dorreak, almenak, harresi gotortua eta lorategia espazio historiko interesgarriak dira. Ondoren, herriko oinezkoen kalexketan barrena paseatu behar da, argazkiak egiteko ehunka motibo aurkituz. Horietako bat, Gruyeres herriaren armarria da: kurrilo bat hondo gorri baten gainean. Antzinako Gruyere kondeen sinbolo hau oraindik oso presente dago eskualdean eta Gruyeres herriko  arkuetan eta ateetan agertzen da aldiro.

Gruyere izena, ordea, gazta mota ezagun batekin zuzenki lotuta dago. Urtero, jatorri-izendapena duen gazta gogor horren milaka tona ekoizten dira. 'La Maison du Gruyère' gaztandegi modernoak, 1969an inauguratu eta gazteluko muinoaren oinetan bisita daiteke gazata mota horren fabrikazioa ezagutzeko. Plan bikaina Suitzan zehar bidaiari bukaera emateko.

Gastronomia eta gaztak hizpide hartuta, Euskal Herrira itzuliko gara Basque Highlands izenez ezagutzen den Goierri eskualdean zehar bidaiatzeko; Idiazabal gaztaren kultura ezagutuz, Zeraingo Parke Kulturalean meatzaritzaren jarduerak deskubrituz eta Segurako Erdi Aroko hiribildua, Ardixarrra etxea eta jauregi barrokoak, bisitatuz. Gainera, mendi-ibilaldiak maite badituzu, GR 283 Idiazabal Gaztaren Bidetik txangoak proposatu ditugu.

Jaurlaritza Logoa