Zuzenean
«Etxebizitza larrialdiaren soluzioa sektore pribatuaren interesen arabera planteatzen ari dira»
Pello Otxandiano EH Bilduko parlamentaria NAIZ Irratian izan da. Imanol Pradalesen legegintzaldiaren lehen urtearen balantzea egin du, eta euskara, industria, etxebizitza eta estatus berria izan ditu hizipide, besteak beste.

«Etxebizitza larrialdiaren soluzioa sektore pribatuaren interesen arabera planteatzen ari dira»

Pello Otxandiano EH Bilduko talde parlamentarioko bozeramaileak «diskurtso berri bat» atzeman du Imanol Pradalesen Gobernuaren lehen urte politikoaren jardunean aurrekoarekiko, «eten bat» ere bai –«aspektu batzuetan osoko zuzenketa bat ere egin du, diskurtsiboki behintzat–, baina hala ere ez du ikusten diskurso aldaketa hori «herri honek behar dituen aldaketa politikoetan» gauzatzen denik.
NAIZ Irratian egin dioten elkarrizketan, balorazio horretatik abiatuta hainbat gai izan ditu hizpide Otxandianok, horien artean Pradalesek atzo bertan iragarritako euskararen erabilera sustatzeko biltzarra, 2027rako.
EH Bilduko legebiltzarkideak «sentsazioa» du azken urte hauetan euskararen auziarekin ere «rotonda batean gabiltzala bueltaka», eta «beste bi urte oinarri eta printzipio batzuen inguruan hitz egiten hastea ez ote den biribilgune horri beste buelta bat ematea». Bere ustez, Euskal Herriak «biribilgune honetatik atera behar du», euskararen inguruan sektore zabalen artean dagoen «adostasun transbertsala» aprobetxatuta eta «jauzi bat» egin, «beste bi urte itxaron gabe».
«Ezin ditugu pasa bi urte oinarri eta printzipioen inguruan prozesu lauso bat planteatuz. Adostasun soziala eta araubide berri bat behar ditugu, berme egiturazkoak. Kronograma bat, plangintza bat behar dugu, eta ja hasi behar da», nabarmendu du.
Aurreratu duenez, astearte honetan bertan erregistratuko du EH Bilduk Parlamentuan enplegu publikoaren legearen aldaketa. «Egin dezagun eztabaida Parlamentuan eta has gaitezen agenda aldatzen, hizkuntz eskakizunek izan dezaten berme bat. Epaitegietatik legegintzan ari dira eta hori ezin da onartu. Bada momentua urratsak egiteko, kontsentsuak landuz; Parlamentua da eztabaida politiko ordenatu bat egiteko tokia», insistitu du.
Industria
Iragan asteko industriari buruzko osoko bilkura monografikoaz balorazioa ere egin du Otxandianok. Beretzat «esperientzia positiboa» izan zen eta «poso positiboa» utzi zuen Legebiltzarrean. «Lehen esperientzia pertsonala izan da non egon den dialektika parlamentario bat, hartueman, kontraste bat, iritzi eta posizio ezberdinen inguruan».
Lakuako industria politikaren inguruan, nabarmendu du industria politikak behar duela «herri ikuspegi sendoa», eta hemen ere «ez da aski helburu lausoak definitzea, baizik eta misioak eta erronkak definitu behar dira, eta proiektu estrategikoak identifikatu».
Ildo horretan, «publiko-pribatu harremana birdefinitzeko beharraz aritu da. «Arriskuak partekatu behar ditugu», eta aldi berean «gaitasun publikoak irabazi». Izan ere, Otxandianoren aburuz, «esanguratsua da aholkularitza batek definitu behar izatea industria plan bat», Madrilgo enpresa bati kultur sitemari buruzko legea osatzeko egindako enkarguaz.
Horrekin batera, XXI. mendeko ekonomian sektore estrategikoak zein diren zehaztu behar dela adierazi du, «non sektore publikoak izango duen posizio fuerte bat: etxebizitza parke publikoa, sistema finantzarioa...». Puntu horretan sektore publikoaren interbentzioaren alde agertu da, baieztatu delako «neoliberalismoaren paradigma ekonomikoa frakaso bat izan dela eta merkatuak ez diela egungo erronkei aurre egiten», eta «paragidma aldaketa» horretara «iritsi garelako gaitasun instituzional eta muskulu gutxirekin».
«Interbentzio bat egon behar da, beraz. Kontua da nork egiten duen eta noren zerbitzura dagoen». Bere esanetan, «herri ordezkaritza duten erakundeek egin behar dute interbentzio hori, sektore publikoak orientatu egin behar du transformazioa, herri erronken edo misioen zerbitzura. Harreman publiko-pribatuan arriskuak partekatu behar dira, baina baita irabaziak ere, eta hor ere interbentzio bat egon behar da», nabarmendu du.
Etxebizitza
EAJ eta PSEk berriki aurkeztu dute etxebizitza planaz galdetuta, Otxandianok «oso kritikagarritzat» jo du eta «sektore pribatuaren menpeko politika bat» egiten ari direla salatu. «Etxebizitza larrialdiaren soluzioa sektore pribatuaren ustezko interesen arabera planteatzen ari dira».
Bere esanetan, Denis Itxasko «sailburuak justifikatu behar badu» legea sektore pribatuak esaten duelako etxebizitza publikoko promozioak ez direla errentagarriak, «datuak jarri behar ditu mahai gainean».
Gogoratu duenez, «azken hamarkadetan errentabilitateak izan dira bi digitokoak. Orain arte ez da legislatu sektore pribtuaren errealitatearen arabera, baina orain bai. Zer berme daukagu hurrengo urteetan sektore pribatuak presio egiteari utziko diola?», galdetu du
Horren aldean, EH Bilduren alternatiba da «lur erreserba estrategiko bat» egitea etxebizitza publikoarentzat, Lurralde Plangintza Sektorial bat egitea eta etxebizitza publikoaren garapenerako funts bat osatzea.
Bukatzeko, estatus berriari buruz galdetuta, «erlojuaren kontra» ari garela esan du Otxandianok, eta eztabaida «fase resolutibora» eramateko beharra azpimarratu. «Hizkuntza politikarekin bezala, rotonda batean daramagu bueltaka urtetan estatutu berriarekin» bere iritziz. Ibarretxe planetik hogei urte igarota, uste du «hau» dela momentua eta aprobetxatu egin behar dela. «Bi urte ditugu aurretik aurrerapauso kualtitatiboak eman behar dira, eta eztabaida fase resolutibora eraman», amaitu du.