Zuzenean

NAIZ irratia

Adi eta Ari | Pentsamendu, gogoeta, hausnarketa...

[2x26] Atal honetan hiztegia landuko dugu. Barne pentsamendu, barru, gogoeta, hausnar eta gogoeta egin esamoldeak landuko ditugu.

Audio_placeholder

Adi eta Ari | Pentsamendu, gogoeta, hausnarketa...

Loading player...
Amets Arzallus, buruz burukora pasa dela jakin duenean.
Amets Arzallus, buruz burukora pasa dela jakin duenean. (Iñigo URIZ | FOKU)

ANDER:
Egun on, Nerea.

NEREA:
Baita zuri ere, Ander.

ANDER:
Entzun hau: ♫ Itsasaldean izarra ♫ hari begira lizarra ♫ euskara salbu ikusi arte ♫ ez dut kenduko bizarra ♫

NEREA:
Abesti oso ezaguna da. Mikel Laboa kantariak egin zuen.

ANDER:
Bai, doinua Mikel Laboarena da. Baina nork idatzi zituen bertsoak?

NEREA:
Ez dakit. Beharbada... Xabier Amuriza bertsolariak?

ANDER:
Ez, ez... Gabriel Aresti idazleak sortutakoak dira. ‘Harri eta herri’ poema liburuan argitaratu zituen 60ko hamarkadaren hasieran.

NEREA:
Ez nuen espero horren aspaldikoak izatea.

ANDER:
Bertsolariak gustatzen al zaizkizu?

NEREA:
Maialen Lujanbio asko maite dut.

ANDER:
Eta Amets Arzallus?

NEREA:
Bueno... niri Maialen Lujanbio eta Alaia Martin gustatzen zaizkit.

ANDER:
Oso ongi. Baina gaur Amets Arzallus bertsolariaren grabazio bat entzutea nahi nuke.

NEREA:
Zerbait garrantzitsua esan al du ba?

ANDER:
Bertsolariek txapelketetan izaten dituzten kezkez, beldurrez eta zailtasunez hitz egin du. Badakizu: bertsolariek saio batetik bestera sailkatu beharra daukate, azkenean finalera iristeko.

NEREA:
Nire irudipena da bertsolariek gehiegi sufritzen dutela txapelketetan. Guk, aldiz, gozatu egiten dugu. Horretan badago desoreka moduko bat. Hori da nire ustea.




AMETS ARZALLUS

 

NEREA:
Amets Arzallusek esan du konfiantza, indarra eta barne-hausnarketa eskatu dizkiola txapelketan bertsotan egiteak.

ANDER:
Ahalegin handia da, beraz.

NEREA:
Barne-hausnarketa kontzeptua nondik datorren argitu behar genuke.

ANDER:
Bi hitzen elkarketa egin du hor bertsolariak. Alde batetik daukagu 'barne' hitza, eta bestetik daukagu 'hausnarketa' hitza. Beti komeni izaten da bigarren hitza aztertzea.

NEREA:
Zer esan nahi du hausnarketa hitzak? Gogoeta egiten dugunean, sakontasunez pentsatzen dugunean, orduan esaten dugu hausnartzen ari garela.

ANDER:
Izan ere, belarra jaten duten animaliek hausnar egiten dute.

NEREA:
Hori da. Behiek, zaldiek, ardiek edo oreinek belarra jaterakoan ahoan erabiltzen dute denbora luzean, murtxikatzen, mamurtzen edo hausnartzen.

ANDER:
Horregatik, buruan ideiaren bat bueltaka erabiltzen dugunean, esaten da hausnarrean ari garela. Gogoan zerbait behin eta berriro erabiltzea da hausnartzea.

NEREA:
Arazoren bat daukagunean, edo kezkaren bat, edo zailtasunen bat, buelta asko ematen dizkiogu buruari.

ANDER:
Astiro eta sakon pentsatzea da hausnartzea.

NEREA:
Ideiak buruan erabiltzea, gogoan erabiltzea edo gogoeta egitea da.

ANDER:
Meditatze horri oldoztea ere esaten zaio. Horregatik, esan liteke sinonimoak direla hausnartu, pentsatu, oldoztu eta gogoetatu aditzak.

 

AMETS ARZALLUS

 


ANDER:
Kantuan ari zelarik, Arzallusek adierazi du: “♫ Nola bertsotan hala bizitzan ♫ izan naiz pentsatu zale ♫”. Egia da bertsolariek asko eta azkar pentsatu behar dutela.

NEREA:
'Barne-hausnarketa' kontzeptua burutik kendu ezinik nabil ni oraindik.

ANDER:
Hausnarketa zer den azaldu dugu. Orain falta zaigu argitzea zer esan nahi duen barne hitzak, kasu horretan.

NEREA:
Barne hitzak esan nahi du barrua. Etxe baten barruko aldea da etxearen barnea.

ANDER:
Eta zure poltsa barruan gauza ugari gordetzen dituzu. Poltsa astun hori utzi nahi al duzu nire automobil barnean?

NEREA:
Buruaren barruan daukagunari, gogoaren barnean daukagunari bueltak ematen ibiltzea da barne-hausnarketa egitea.

ANDER:
‘Barne’ hitzarekin beste adibide bat badaukat nik. Hauxe: barne-bakarrizketa. Nork bere buruarekin hitz egitea. Ez dago barne-hausnarketatik hain urruti.

NEREA: ZER IKASI DUGU?

ANDER:
Barne-hausnarketa zer den.

NEREA:
Hausnarketa, behiek eta beste animaliek egiten dutela elikagaiak dijeritzeko, eta hortik hartu dugula gogoeta egin edota era sakonean pentsatu adierazteko.

ANDER:
Eta Ametsek hausnarketari barne hitza lotu dionean, nork bere baitarako egindako gogoeta dela adierazi nahi izan du.

ANDER:
Eskerrik asko, Ander.

Hemen entzun dezakezue Amets Arzallus bertsolariari egindako elkarrizketa.

Jaurlaritza Logoa