Zuzenean

Iraia cambra | Peli Lekuona
Elkarrizketa
Gotzon Garmendia
Ikertzailea eta Jesusen Bihotza eskulturaren jatorri frankista aztertzen duen lantaldeko kidea.

«Eskultura ez zen borondate herrikoiaren emaitza izan»

Urgull mendiko Jesusen Bihotza eskultura berriz ere eztabaidagai da Donostian. Gotzon Garmendia ikertzailea NAIZ Irratian izan da: «Monumentu hau ez da soilik erlijioaren adierazpen artistiko bat, baizik eta nazional-katolizismoaren ideologia politiko eta erlijiosoaren sinbolo argia».

Audio_placeholder

«Eskultura ez zen borondate herrikoiaren emaitza izan»

Loading player...
Jesusen Bihotza eskultura, Urgull.
Jesusen Bihotza eskultura, Urgull. (Andoni Canellada)

Gotzon Garmendia ikertzaile eta Jesusen Bihotza eskulturaren jatorri frankista aztertzen duen lantaldeko kidearen arabera, Jesusen Bihotza ez da testuingurutik kanpo ulertu behar. «Nazional-katolizismoa Espainiako Estatuaren eta Eliza Katolikoaren arteko batasun ideologiko eta politikoa izan zen. Bere helburua zen kristautasunaren ikuspegi jakin bat ezartzea gizarte osoan». Ideologia hori XIX. mendearen erdialdean indartu zen, Isabel II.aren garaiko konkordatuaren bidez, eta XX. mendean Primo de Riveraren eta Franco diktadoreen garaian sendotu zen.

Ikertzailearen hitzetan, monumentuaren jatorria 1926. urtean kokatu behar da, Primo de Riveraren diktaduran, eta garai hartan elizak eta militarren parte-hartze aktiboa izan zuen eraikuntza proiektuan. Garmendiak nabarmendu duenez, «eskultura ez zen borondate herrikoiaren emaitza izan. Garai hartako testuinguruan, ‘borondatezkoa’ zena askotan inposaketa soziala zen».

Garmendiak azpimarratu du, gainera, 1950ean inauguratutako eskulturak «ez lukeela ospakizunik merezi bere 75. urteurrenean», eta azaldu du batzordean parte hartzen duten hainbat pertsona errepresaliatuen senideak direla, eta horrek «drama pertsonala eta historikoa» ekartzen duela.

Bestalde, kritikatu egin du Donostiako alkate Eneko Goiaren jarrera, esanez bere planteamenduak «nazional-katolizismoaren diskurtsoarekin bat egiten» duela. «Elizak erabili zuen frankismoa, ez alderantziz. Elizak behar zuen diktadura bere interesak defendatzeko», gehitu du.

Azkenik, Garmendiak kezkaz hartu du udalaren barne ebazpenen inguruko kudeaketa, eta adierazi du ez dagoela oso itxaropentsu gai honen inguruko bide instituzionalaren etorkizunaz.

Jaurlaritza Logoa