Zuzenean

NAIZ irratia

Adi eta Ari | Norgehiagoka eta borroka

[2X25] Ikasgai honetan ‘norgehiagoka’ eta ‘borroka’ hitzak landuko ditugu.

Audio_placeholder

Adi eta Ari | Norgehiagoka eta borroka

Loading player...
2019ko Tourraren emankizuna NAIZ gunean
2019ko Tourraren emankizuna NAIZ gunean (Jon URBE | FOKU)

Nerea:
Arratsalde on, Ander.

Ander:
Hau da abiadura! Zelako esprinta! Ikaragarria!

Nerea:
Korrika etorri al zara ba?

Ander:
Ez, Nerea, ez. Oraintxe bukatu da txirrindularien lasterketa.

Nerea:
Tourra ikusten egon zara?

Ander:
NAIZ Irratian entzun dut. Iñigo Asensiok eta Julen Goikoetxeak egin dute kontakizuna. Hori da hori tentsioa! Ze urduri jarri naizen!

Nerea:
Txirrindularien munduko txapelketa garrantzitsuena da  Tourra. Ziklista onenek parte hartzen dute hor.

Ander:
Hiru asteko lehiaketa izaten da, eta egunero karrera bat edo etapa bat egiten dute. Horrela, pixkanaka, Paris hiribururaino iristen dira, eta han amaitzen da Frantziari egindako bira.

Nerea:
Denera 109 Tour izan dira historian. Lehenbiziko aldiz 1903an egin zen.

Ander:
Migel Indurain euskal txirrindulariak bost bider irabazi zuen Tourra, eta bostak jarraian.

Nerea:
Eta zenbat etapa irabazi zituen?

Ander:
Hamabi etapa, oker ez banago.

Nerea:
Tourra bost aldiz irabazi zuen Eddy Merckx flandriarrak ere. Beharbada Merckx izango da historiako txirrindularirik onena. Izan ere, 34 etapatan gailendu zen Tourrean.

Ander:
Entzun, Nerea, entzun nola kontatzen hasi diren azken etapako azken kilometroa. Ea zer iruditzen zaizun.

 

IÑIGO ASENSIO IRRATI ESATARIA

 

Nerea:
Ene ba! Zergatik esan du “talde guztiak borrokan” hasi direla? Karrerako azken kilometroan ez dira elkar joka ariko, ezta?

Ander:
Ez, neska, ez. Borrokan boxeolariek egiten dute, edo judoan eta karatean jarduten dutenek. Edo bestela Joko Olinpikoetan borroka librean.

Nerea:
Badakit, Ander, txantxetan ari nintzen.

Ander:
Karrera batean ahalegin berezi bat egiten da, azkar ibiltzeko. Nor lasterrago iritsiko, nor aurrena ailegatuko, nork irabaziko, nork garaituko, hor ibiltzen dira eman eta eman, pedalei eragiten.

Nerea:
Norgehiagoka horri, elkarren aurka lehian aritzeko ahalegin horri borroka egitea esaten zaio orduan.

Ander:
Ez dira muturrekoka ibiltzen. Ez dio batek besteari bultza egiten. Ez dute liskarra izaten. Baina bat bestea baino lasterrago helmugan sartzeko, borroka bizia sortzen da.

Nerea:
Txirrindulariak bukaerara iristen ari diren ahala, irratiko esatariak gero eta azkarrago hizketan hasten dira.

Ander:
Eta zenbat eta gehiago hurbildu helmugara, orduan eta ozenago kontatzen dute, ia oihuka.

Nerea:
Zirraragarria izaten da. Aparta, izugarria, berebizikoa!

Ander:
Entzun nahi al duzu nolakoak izan diren azken metroak?

Nerea:
Nola ez ba! Ipini, ipini grabaketa, mesedez. Emozio fuerteek bihotza inarrosten didate.

Nerea:
Oso ona! Bikaina! Tumatxa! Zaldi karrerak ere horrelako kontatzen dituzte.

Nerea:

AIZU, ANDER. GAUR ZER IKASI DUGU?

Ba pertsona batzuk lehia bizian dabiltzanean, orduan ere esaten da borrokan ari direla. Eta borroka ez da, beraz, elkarri joka aritzea, helburu bat lortzeko norgehiagoka aritzea, nork lehenago eskuratuko ikustea.

Ander:
Jakina. Gehienetan kirolarien arteko lehiarengatik esaten dugu, baina bi lagun eztabaidan ari direnean ere bai. Adibidez: “Borrokan ibili dira, batek besteari arrazoia eman nahi ez ziolako”.

Nerea:
Politikariek borrokan egiten dute batzuetan legebiltzarrean.

Ander:
Antzerki pixka bat ere egiten dute horiek.

Nerea:
Diru merkatuetan lan egiten dutenek ere borrokan jarduten dute, ez bakarrik gerran dabiltzanek.

Ander:
Gaurkoz nahikoa, Nerea...

Nerea:
Bai, gaurkoz nahikoa.

Jaurlaritza Logoa