Zuzenean

Harrera egokia zein bizi-baldintza duinak bermatzea eta euskara modu erakargarrian sustatzea dira 'Ongi etorri euskararen mundura' jardunaldien erronka nagusiak. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak xehatu ditu NAIZ Irratian.
Datu esanguratsua da etorkinen %85ek ez dakiela batere euskaraz. Errealitate horri aurre egiteko gakoak, elkarrizketatuaren ustez, «politika publikoak xede horretara bideratzea eta justizia sozialean sakontzea».
Harrera politiketan aurrera egitea
Aste honetako jardunaldien baitan, SOS Arrazakeria elkartetik, egungo harrera politiketan ipini zuen fokua Mikel Mazkiaranek. Horietan euskarak sarri lekurik ez duela eta, gaur egun gurera iristen direnei muga politikek ezartzen dizkieten zailtasun eta ezintasun ugarien berri eman zuen. Oztopook, batetik, giza bidegabekeria sortzen dute baina, aldi berean, gure hizkuntzaren normalizaziorako bidean, traba handia da herritar horiek euskara bere egin dezaten.
Mazkiaranen aurretik, Belen Uranga soziolinguista ere aritu zen, migrazioa eta hizkuntza minorizatuaren harreraren arteko gurutzaketaren ikerketan aditua. Ikerlariaren begirada eta parametroetatik, ideia bera ekarri zuen honek ere.
Ostegun arratsaldean, berriz, mahai ingurua izan zen administrazio publikoetako ordezkariekin. Eskisabelek nabarmendu du «gai berri samarra» dela denontzat; ez gertatzen berria, baina gizarte gisa bai jabetu garela denboran.
Beste hainbat gizarte eragile bezala, instituzioak ere «jabetze eta ekite prozesu» horretan daude. Nafarroako Gobernuko ordezkari bat eta Hernaniko Udaleko beste bat izan ziren ostegunean hizlari.
Zentzu horretan, Eskisabelen diagnostikoa da udalak izaten direla «instituzio aurreratuena». Hala ere, udalen eskuduntzari dagokionean ere, udalerrien arteko aldeak nabarmenak dira tamainaren, kokalekuaren zein baliabideen arabera. Ahobiko ezpata izaten da.
Pauso bat harago
Uneotan, handik eta hemendik -erakundeetatik eta herritar mugimendu edo harrera komunitariotik-, ideia desberdinak ari dira proposatzen. Esaterako, hezkuntzaren eremuan edo auzokide elkarteetan. Dena den, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak iritzi du badela garaia «probatu eta ikasteko fase» hori gainditzekoa eta, nolabait, hori guztia «sistematizatu eta protokolizatzekoa». Rolik handiena, jakina, erakundeek dute horretan.
Dena den, aipagai ditugun jardunaldiak ere akuilu izan daitezke lan horretarako. Horretan ari dira, jakin badakitelako migrazioaren gaia euskarari lotuta «jende askoren ardura» bihurtu dela, eta bertan dute jarrita ahalegina. Euskaratik egingo den harrera bat pentsatu eta abian jarri nahi dute, ezinbestekoa delarik hori justizia sozialaren parametroetatik egitea, hasieran aipatu bezala.
Gainera, fokua egoki jarri nahi dute: badirudi azkenaldian guztiaren arduradun eta errudun gure bizilagun berri horiek ditugula, eta euskararen normalizazio prozesuarekin ere halaxe gertatzen da: «uste dut lehendabiziko ariketa hori dela, ulertzea ez direla uneko larrialdiaren arduradun, are gutxiago errudun; hori gure egitekoa dela, eta eskaini behar diegula aurrera begirako biziberritze horren parte izateko aukera».