Zuzenean

«Esperotako bidea» jarraitu dutela azaldu du EH Baiko Iker Elizaldek, ezusteko handirik ez dela egon. Euren lana aurrera eraman dutela dio, betiere bi norabidetan.
Batetik, Ipar Euskal Herriari dagozkion hainbat gai departamentura ekarriz. Bestetik, Hendaia, Urruña eta Biriatu lotzen dituen kantonamenduaren proiektua aurrera eramanez, eskualdean hainbat proiektu gauzatzea ahalbidetuz horrela.
Aurreratu dute Estatu frantsesaren egiturazko krisiak «ateak zabaltzen» dizkiola eredu aldaketari eta deszentralizazioari. Testuinguru horretan, aurrekontua bozkatzeko unean autonomia proposamenaren aukera plazaratu zuten.
Asteburu honetan bertan balantzea egitekoak dira. Hemendik aurrera legegintzaldiaz espero dituztenen artean, Erlaitza bideko lanak ahalik eta azkarren burutzea eta Hendaiako porturako eskema berri bat bilatzea aipatu ditu Elizaldek. Horiekin batera, etxebizitza alorrean dio adostasuna lortu dutela gehiengoarekin, orain arte eman diren finantzaketak lotzeko eta, amaitzeko, arlo sozialari dagokionez, «orain arte» defendatu dutena defendatzen jarraituko dutela argi utzi du kontseilari departamentalak.


