Zuzenean

2024ko urriaren 6an, sute batek Aralarko San Migelgo santutegiko ateak erre zituen. Norbaitek, nahita, sua eragin zuen gau hartan, eta santutegian gaua ematen duen pertsonak eman zuen lehen abisua. Une latza izan zen, Alfonso Garciandia santutegiko kapilauaren hitzetan.
Hala ere, minetik ekimenera igarotzea lortu zuten berehala: ate horiek berreraikitzeko eta itzulera sinboliko eta espiritual bat egiteko proiektua sortu zen. Garciandiaren hitzetan, «Albaolako Xabier Agotek deitu zidan hurrengo goizean beraiek ate berria egiteko prest daudela esanez, hunkigarria izan zen».
Ate berriak ez dira edonon egin: Pasaian dagoen Albaola Itsas Kultur Faktorian eraiki dituzte, artisautza lan xehea eta euskal tradizioa uztartuz. Eta orain, ate horiek etxera bueltatuko dira idi-gurdien bidez egingo den erromesaldi batean. Proiektuari izen esanguratsua jarri diote: Mundu Berri Baterako Ateak. Ekainaren 9an abiatuko da, goizeko 9:00etan, Albaolatik.
Lehen geldialdia San Pedro eliza zaharrean egingo dute, eta hortik aurrera, ateak Astigarragaraino eramango dituzte idi-gurdiz. Astigarragan, oinezko ibilbideari ekingo diote: 86 kilometro eta 21 herri zeharkatuko dituzte, etxera itzuli aurretik eta ireki aurretik, bide propioa eginez.