Zuzenean

NAIZ irratia

Adi eta Ari | Kokoteraino egon

[2X24] Atal honetan, ‘kokokeraino egon’ esamoldea landuko dugu.

Audio_placeholder

Adi eta Ari | Kokoteraino egon

Loading player...
Kajerak
Kajerak

ANDER:
Kaixo, Nerea.

NEREA:
Hara!, Ander, zer jantzi bereziak daramatzazun gaur. Nondik zatoz?

ANDER:
Lagun batzuekin antzerkia egiten hasi naiz.

NEREA:
Benetan? Gaztetxoa nintzenean talde batean jardun nuen nik. Ibsen idazlearen antzezlan bat egin genuen: 'Hedda Gabler'.

ANDER:
Bai, zera! Obra hori konplexuegia da. Gaizto samarra, gainera. Ez da gaztetxoentzat pentsatutakoa.

NEREA:
Egokitzapen labur bat egin genuen. Argitaratu gabeko liburu bati buruzkoa zen eta amaieran... suizidatu egiten nintzen. Ze dramatikoa, ezta?

ANDER:
Komediak bakarrik egiteko taldea sortu nahi dugu guk.

NEREA:
Irrati nobela bat egin dezakezue orduan. Azken batean, zer da irrati nobela bat?: antzerkia egitea irratian. Tessa Andonegi aktoreak 'Kajerak' izeneko irrati nobela bat egin zuen NAIZ irratian.

ANDER:
Badakit. Supermerkatu batean lan egiten zuten bi neska ziren protagonistak: Amaia eta Maribi. Dendan bezeroei kobratzeaz arduratzen ziren. Horregatik izena zuen 'Kajerak'.

NEREA:
Bigarren denboraldia ere izan zuen joan zen udan.

ANDER:
Bai. Bigarren denboraldia hondartzako txiringito batean gertatzen zen, eta Amaiak segitzen zuen protagonista izaten.

NEREA:
Niri grazia egiten didate irratiko nobelek.

ANDER:
Ez dut ulertzen nolatan ez dituzten gehiago egiten. Nahiko merke produzitu litezke.


TESA ANDONEGI

 

NEREA:
“Kokoteraino nengoen” esan du Amaiak. Gero eta gutxiago erabiltzen da esapide hori.

ANDER:
Orain neskek “Titietaraino nago” esaten duzue.

NEREA:
Mutilek okerrago!: “Potroetaraino nago”.

ANDER:
Ez dakit zergatik den okerragoa. Gauza bera ez al da?

NEREA:
Nola izango da, ba? Oso ezberdinak dira: “Ez niri koskabiloak ukitu” eta “Ez niri titiak ukitu”.

ANDER:
Nik ez dut ikusten non dagoen diferentzia. Biak dira zakarrak.

NEREA:
Kokoteraino egon esapideak adierazten du aspertu, gogaitu, nekatu, unatu. “Zure teatroekin kokoteraino nago” esanez gero, adierazten ari zara: “Zure itxurakeriekin aspertuta naukazu”.

ANDER:
Aspertu edo nekatu, bai, ados; baina beste batzuetan adiera gogorragoa ere izaten du. “Beti neskak suizidatzen dira istorioetan; kokoteraino nago!”. Horrek esan nahi du nazkatuta, nardatuta edo higuinduta.

NEREA:
Haserretutakoan ere esaten da “Kokoteraino nago!”. Adieraz dezake ernegatuta egotea edo amorratuta egotea.

ANDER:
Egia da; haserretuz gero, normala da esatea: “Kokoteraino nago! Ez dut inorekin hitz egin nahi!”.

NEREA:
Beraz, esapide horrek sentipen diferenteak adierazten ditu, kontestuaren arabera.

ANDER:
Baina... gauza onik ez.

NEREA:
Aizu, Ander, niri ez zait arraroa iruditzen neskek esatea “Titietaraino nago”.

ANDER:
Batzuetan gogor protestatu behar da, ezta?

 

TESA ANDONEGI

 

NEREA:
Hondartzako txiringitoak beti izaten dira leku alaiak.

ANDER:
Hoixe, ba. Eguraldi ona, itsasoari begira, edari freskagarri bat, musika atsegina... Izango ez dira leku alaiak!

NEREA:
Txiringitoetan ia inoiz ere ez da entzuten 'kokoteraino nago'. Izatekotan, kontrakoa: «Ze pozik gauden!».

ANDER:
Pozik-pozik... eta... kontentu, gainera.

NEREA:
'Pozik' hitzak joko asko ematen du euskaraz...

ANDER:
Pozarren nago!, datorren astean oporrak izango ditugu.

NEREA:
Pozaren pozez dantzan hasiko gara laster.

ANDER:
Pozez zoratzen jartzen naiz alai eta irribarrez ikusten zaitudan bakoitzean.

NEREA:
Poz atseginez esapidea ere erabiltzen da batzuetan.

ANDER:
Gaur argi eta garbi ikusi dugu antonimoak direla 'pozez zoratzen' egotea eta 'kokoteraino' egotea.

NEREA:
Zoratzen egotea da niri gehien gustatzen zaidana. Pixka bat burua galduta ibiltzea ona da estresa gainetik kentzeko.

ANDER:
Atseginez beterik eta oso pozik egotea da zoratuta egotea.

NEREA:
Polita da esapide hau ere: 'Txoraturik naukazu!'

ANDER: ZER IKASI DUGU GAUR?

NEREA:
Era asko ditugula aspertuta, nazkatuta edo amorratuta gaudela esateko: kokoteraino nago, horixe dela ohikoena.

ANDER:
Eta gaur egun beste zakarrago batzuk ere erabiltzen ditugula gauza bera esateko: titietaraino nago edo potroetaraino nago.

NEREA:
Aldiz, pozarekin lotutako esamolde asko erabiltzen ditugula: pozik, poz-pozik, pozarren, pozez zoratzen…

ANDER:
Dena ez baita ernegatuta egotea izango.

NEREA:
Ez, noski, geuk ere nahiago dugu pozez beterik egotea, amorratuta egotea baino.

ANDER:
Hala da, bai. Bihar arte, Nerea!

 

*Hemen entzun dezakezue 'Kajerak' irrati-nobelaren lehendabiziko atala.

Jaurlaritza Logoa