Zuzenean

Goizeko 08:00etatik eguerdiko 14:00etara, 200 lagun inguruk txandaka irakurri dituzte Bizenta Mogelen 1804ko ‘Ipui onac’ Arriaga Antzokiko foyerrean.
Ekitaldia zuzenean jarraitzeko aukera izan da ostegun goiz osoan zehar, zela Arriaga plazan ezarritako pantaila handian zein EITBk igorri duen zuzeneko emisioan.
Besteak beste, irakurleen artean izan dira Juan Mari Aburto Bilboko alkatea, Eider Inunciaga zinegotzia, Arantza Camarero Bilbo Zaharra euskaltegiko ordezkaria, Leixuri Arrizabalaga foru diputatua, Alvaro Parro Laboral Kutxako ordezkaria eta Nerea Ibarzabal bertsolari, idazle eta kazetaria. Azken honek irakurri ditu goizeko lehen lerroak. NAIZ, GARA eta NAIZ Irratitik ere ordezkaritza izan dugu bertan.
Aipatutakoez gain, ohi den bezala, euskal gizartearen eremu desberdinetako ahotsak izan dira irakurle: kultur eta gizarte eragileak, ikasle zein irakasleak edota erakunde, elkarte eta sindikatuetako ordezkariak.
Zuzeneko irakurketa bideo-proiekzioekin txandakatu da, eta munduan zehar barreiatutako euskaltzaleek ere izan dute aletxoa ipintzeko aukera.
Emakume izeneko klasikoa
XIX. mendean, Bizenta Mogelek Esoporen 50 alegia itzuli zituen latinetik euskarara eta, hain zuzen, lan horrekin bilakatu zen liburu bat argitaratu zuen estreinako emakumea. 22 urte zituen une hartan.
Mugarri esanguratsu horrekin batera, aipatzekoa da euskal literatura Europako literatura klasikoarekin lotzen duen lana dela. Nahikoa arrazoi izan du, beraz, Bilbo Zaharra Euskaltegiak, aurtengo edizioan ipuin sorta hori hautatzeko.
1782an Azkoitian jaioa, kultur ekintzaile aitzindaria izan zen Mogel. Aita hil ostean Markinara lekualdatu ziren, eta bertan hazi eta hezi zen 1817ra arte. Bitxikeria gisa, 'Peru Abarka'ren egile Joan Antonio Mogel zuen osaba 1854an Abandon hildako idazleak.
Bertso sorta batzuk ere idatzi zituen Mogelek, bizkaitar hiriburuan ostegun honetan entzun diren ipuinez gain.
Hamazortzi urteko bidea
Bide luze baten lekuko izan da Arriaga Antzokia aurtengo honetan ere, hamazortzigarrenez hartu baitu hirian dagoeneko klasiko bilakatu den Klasikoen Irakurraldi Jarraitua.
2025 honetan, hamazortzigarrenez izan du Bilbo Zaharra euskaltegiak kultura, euskara eta historia erdigunean ipintzen dituen ekimen horren antolakuntzaren ardura.
Bernart Etxepare, Pedro Axular, Itxaro Borda, Bernardo Atxaga, Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe... aurreko edizioetan ere euskal literaturaren baitako atzo eta gaurko izen handiak izan dira irakurgai, euren modura mugarri edo aitzindari izan direlarik arlo desberdinetan.