Zuzenean
ANDER:
Egun on, Nerea.
NEREA:
Baita zuri ere, Ander.
ANDER:
Zer misterio daukazu botila horren barruan? Begira-begira zaude!
NEREA:
Ura besterik ez da.
ANDER:
Ikusten dut ura dela: kolorerik gabeko likidoa. Eta zuk alkoholik edaten ez duzunez, ez da izango anisa, ginebra, vodka.
NEREA:
Uraren formula kimikoa H2O da. Alegia, ur molekula bakoitzak oxigeno atomo bat du, eta hidrogeno atomo bi.
ANDER:
Aizu, Nerea, hori badakigu denok. Bakarrik falta zaizu esatea ura egoten dela erreketan, ibaietan, aintziretan eta itsasoetan.
NEREA:
Zeruan ere bai, e!: hodeietan, lainoetan eta lanbroan.
ANDER:
Izan ere, elementu bakarra da hiru forma dauzkana: likidoa, solidoa eta gaseosoa.
NEREA:
Likidoa denean deitzen diogu ura. Solidoa denean esaten dugu izotza. Eta gaseosoa denean da hodeia.
ANDER:
Euria ere esaten diogu, likidoa denean.
NEREA:
Baina badakizu urarekin lotutako gauzak iz hasten direla askotan? Adibidez, izotza?
ANDER:
Hara, ez naiz sekula jabetu horretaz.
NEREA:
Ur hotzari esaten zaio izotza. Gorputzetik botatzen dugunari deitzen zaio izerdia, ur erdia balitz bezala. Uretako urdea da izurdea edo delfina. Eta ur bazterreko toki batzuek Izpazter izena hartzen dute.
ANDER:
Bizidunak munduan izan daitezen, ura nahitaezkoa da. Hau da: urik batere gabe bizi den izakirik ez da ezagutzen.
TESA ANDONEGI
NEREA:
Norena zen irratiko ahots eder hori? Oso ezaguna egin zait.
ANDER:
Tessa Andonegi aktorea zen. Antzerkian, zineman, telebistan ikusiko zenuen. Garai batean Euskal Telebistako 'Goenkale' telenobelan agertzen zen.
NEREA:
A!, badakit nor den. Donostian, berarekin gurutzatu izan naiz kalean noiz edo noiz.
ANDER:
NAIZ Irratian saio berezi batzuk ere egiten ditu aldian behin.
NEREA:
«Denerako sendabidea ur gazia da: izerdia, itsasoa edo malkoak». Esaldi hori asko gustatu zait.
ANDER:
Isak Dinesen idazle danimarkarrarena da. Ingelesez idazten zuen. Haren nobela batean oinarrituta, film zoragarri bat egin zuten, 'Afrikatik kanpo' izenekoa.
NEREA:
Maryl Streep aktorea al zen protagonista?
ANDER:
Bai. Eta, pelikulan, Robert Redford zen haren maitalea.
NEREA:
Negar egin nuen istorio horrekin.
ANDER:
Orduan... malkoak gaziak direlako da gazia itsasoko ura, ezta?
NEREA:
Zu bai txistezalea! Lur planetaren azalaren %70 estaltzen du urak. Eta ur horren guztiaren ia dena gazia da: %97.
ANDER:
Ur geza %3 besterik ez da?
NEREA:
Bai. Eta, gainera, ur geza hain gutxi izanda, gehiena Lurraren bi poloetan dago, izotz forman.
ANDER:
Horregatik dira hain estrategikoak errekak eta ibaiak.
NEREA:
Uraren ondoan sortu dira zibilizazio garrantzitsu guztiak.
ANDER:
Nerea, zuk uste duzu negar egiteak sendatu egiten duela?
NEREA:
Ez zait hala iruditzen. Baina itsasoan bainatu ondoren, erabat berriturik sentitzen naiz ni.
ANDER:
Niri on egiten dit kirol pixka bat egiteak. Izerdiarekin toxina batzuk bota, eta aurrera... garagardo batzuk edateko eta parranda egiteko prest.
NEREA:
Edan egiten dugun urari eta bazkariak prestatzeko erabiltzen dugunari esaten diogu edateko ura. Eta zeharo garbitutako urari deitzen zaio ur destilatua.
ANDER:
Zenbat ur dugu gizakiek gorputzean?
NEREA:
Gure pisu osoaren %65 ura da.
ANDER:
Eta zenbat ur daukate landareek?
NEREA:
Landareak ia dena ura dira: %90.
NEREA:
Uraren formaren arabera esaten dugula: ura, euria, ihintza, elurra, erreka, ibaia, aintzira, itsasoa, malkoa, izerdia, izotza, lainoa, hodeia, lanbroa eta abar.
ANDER:
Badakigu, halaber, ura dela likidoa, solidoa eta gaseosoa. Ur gehiena ur gazia dela ikasi dugu, eta munduan oso gutxi dela ur geza.
NEREA:
Ur hurrupa bat nahi al duzu?
ANDER:
Bai. Egarria egin zait hainbeste solas eginik.
NEREA:
Hementxe duzu basokada bat.
ANDER:
Baina, baina, baina... ur gozoa da hau!
NEREA:
Azukrea bota diot, zuk gogoratzeko hiru ur mota daudela: ur gazia, ur geza eta ur gozoa.
*Hemen entzun ditzakezue 'Dena irailerako' saio denak, elkarrizketa oso interesgarriak aurkituko dituzu.