Zuzenean

Itxaso Leon - Peli Lekuona

«Nork zaintzen du zaintzen duena?»

Aste honetan jakin dugu Osakidetzako zaintza paliatiboen egoera kaskar dagoela. Pediatra batek eta bere taldeak lan orduetatik kanpo jo zuten 4 urteko haur bat artatzera. Talde honek Osasun Sailaren ohartarazpena jaso du. Hala jakinarazi du Faltan Botatzen Dugu plataformak.

Audio_placeholder

«Nork zaintzen du zaintzen duena?»

Loading player...
Gurutzetako Ospitalea da pediatriaren arloan zerbitzu paliatiboak eskaintzen dituen bakarra.
Gurutzetako Ospitalea da pediatriaren arloan zerbitzu paliatiboak eskaintzen dituen bakarra. (Marisol Ramirez | FOKU)

Aste nahasia izan da Osakidetzako zaintza paliatiboetako zerbitzuetako langileentzat. Iñaki Peña Debagoienako Ospitaleko arlo horretako medikuak azaldu duenez, azken egunotan kontuak baretzen ari dira eta Osakidetzaren aldetik erantzun bat egon da: paliatiboen zerbitzua 24 ordukoa izango dela iragarri du Alberto Martinez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Osasun sailburuak.

Jesus Sanchez Etxanizen kasua publiko egin zenean, oihartzunak sortu ziren, eta denek pairatu izan dituzten mikro erasoen kontzientzia hartu zuten. Zaintza paliatiboen arloan bereziki, arazoak egoten dira formakuntza egokia duten profesionalak topatzeko. 

Izan ere, gainetik pasatzen den arazo bat profesionalen osasun mentalarena da, sistema ez baita, salatu dutenez, horretaz ganoraz arduratzen. Jesus Sanchez Etxanizek argitara atera duen kasuan bezala, burnout edo narriadura emozional egoerak bizi izaten dituzte, mikro erasoekin eta aitortza ezarekin batera.

Arazo partekatua

Gaixoak lan orduetatik kanpo artatzea aspalditik egiten duten gauza da: pazienteak eta familiak direla horren guztiaren erdigunea nabarmendu du Peñak. Hain zuzen, Gurutzetakoa da pediatriaren arloan zerbitzu paliatiboak eskaintzen dituen zentro bakarra.

Halako kasuetan, ez da ordutegi edo soldata egokitzapenik egoten, ez dago konpentsazio sistemarik, baina profesionalek ez dute halakorik eskatzen, «enpatia eta aitortza» baizik. Elkarrizketatuak zehaztu duenez, ordain ekonomiko bat baino, sostengu bat eskatzen dute sistemaren aldetik. Kontrara, errietak eta ulertzen ez dituzten argudioak jasotzen dituzte.

Testuinguru horretan, ohartarazpenak eta mikro erasoak denek bizi izan dituzte, «behin eta berriz». Ez dute ulertzen kontu txikiagoetan «lupa ipintzea eta belarritik tiraka egotea».

Larunbatetik hautsak astindu dituen kasuak bereziki asaldatu ditu lankideak. Izan ere, Espainiako Zainketa Aringarrien Elkartera iritsi da, baita Estatu mailako hedabideetara ere, eta dimentsio esanguratsua hartu du. Umeen kasuak inpaktu handikoak dira gainera, eta horrek ere eragina izan du. «Hunkituta» dabiltzala aitortu du.

Gaitasun berrien bila

Osakidetzaren kaskartzeari dagokionez, elkarrizketatuak ez du uste zerbitzu guztien izenean hitz egin daitekeenik, baina pediatriaren kasuan bai, bakarra izanik. Tokian tokian, izaera desberdinetako arazoak dituzte.

Aipatu formakuntzaren baitan, eskuratu beharreko gaitasunak ez dira hain teknikoak, ez dituzte hainbeste baliatzen proba osagarri deritzotenak. Aldiz, garrantzia hartzen du komunikazio gaitasunak; entzuten jakiteak eta hitz egokiak esaten jakiteak. Enpatia gaitasun hori denek dutela nabarmendu du, baina kasu batzuetan ez hain ondo landuta. Kasu latzak tratatzen dituztenek «entrenatuago» dute. Dena den, bada berez narriadura sortzen duen gai bat, tartean arazo burokratikorik egon gabe ere.

Nork zaintzen du zaintzen duena? Hori da airean geratzen den galdera, eta zaintza paliatiboetako langileak sumindu dituena. «Edonork» ulertu dezakeela burnout egoera hori dio Iñaki Peñak. «Administrazioaren utzikeria» dela kritikatzen dutena, «lan horri baliorik ez ematea eta jarduera profesionala baldintza egokietan egiteko norbera ondo egon behar dela».

Jaurlaritza Logoa