Zuzenean

Gasteizko Korda espazioa kaleratze arriskuan dagoela salatu dute. Ohartarazi dutenez, Udalak eraman nahi du aurrera kaleratzea; eta dagoeneko hasi da. Gauerdi honetan, Ertzaintzak Pintore kalea hartu du, baina espazioko kide batzuk Korda barnean igaro dute gaua. Haize Agirrek, Auzoan Bizi Etxebizitza sareko kideak, NAIZ irratian aipatu du «erresistentziarako prest» daudela.
Gaua «luzea» izan dela aitortu du, «Ertzaintzaren 10 furgoik» kalea hartu dutela azalduz. Agirrek «ez duela luzerako joko» aurreikusi du, komitiba judizialaren zain baitago Ertzaintza. Udalak zein asmo duen ez daki Agirrek, eta udalarekin astelehenean bildu zirela nabarmendu du. «Udalak eman nahi dion erabilera guk ematen diogu», eta «negoziatzeko aukerarik ez ematea» leporatu dio udalari.
Espazioa berreskuratu zuten auzoari espazio bat emateko: «Elikadura eta etxebizitza eskubideen alde egiteko zein alde zaharreko jaien antolakuntza hobetzeko berreskuratu genuen». Aurreikuspenak «negatiboak» direla onartu du, Pintore kalean dagoen «Ertzaintzaren hedapena ikusita».
Iruñeko alde zaharrean emakume baten kaleratzea aurreikusita dago. San Lorenzo kalean jende andana bildu da emakumeari babesa adierazteko eta etxegabetzea bertan behera uzteko.