Zuzenean

NAIZ irratia

Adi eta Ari | Liburu munduko hiztegia

 [2X22] Atal honetan liburu munduko hiztegia landuko dugu atal honetan.

Audio_placeholder

Adi eta Ari | Liburu munduko hiztegia

Loading player...
2021eko Durangoko Azoka
2021eko Durangoko Azoka (Gorka Rubio | FOKU)

Ander:
Kaixo, Nerea. Zer moduz zaude?

Nerea:
Ondo esan beharko. Eta zu, Ander?

Ander:
Hementxe..., nondik hasi ez dakidala. Durangoko Azokan izan bainintzen. Eta han liburuak erosi nituen.

Nerea:
Nik ezin izan nuen joan. Gurasoak zaintzen egon nintzen, ama gaixorik baitzegoen. Euskal liburuen eta diskoen 57. Durangoko Azoka izan zen abenduan, ezta?

Ander:
Nik bost liburu erosi nituen: bi nobela Susa argitaletxearen standean; itzulpen bat Katrakak argitaletxean, eta beste bat Igela argitaletxean; eta, azkenik, Mikel Laboa kantariari buruzko komikia hartu nuen Elkar etxean.

Nerea:
Ia 250 stand izan zirela irakurri nuen egunkarian.

Ander:
Eta 900 nobedade baino gehiago zeuden salmahaietan.

Nerea:
Musika kontzertuak, liburuen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai inguruak, antzerkiak... denetik izaten da Azokan.

Ander:
Euskal kulturaren eta sorkuntzaren festa bat da. Bost egunetan 270 kultur ekitaldi egin ziren. Egunkariak, irratiak eta telebistak sortzaileei buruzko albistez bete ziren.

Nerea:
Hain zuzen, NAIZ Irratian entzun nuen Azokari buruzko aurkezpen bat.

Ander:
Izaskun Ellakuriaga elkarrizketatu zuten irratian. Gerediaga Elkarteko komunikazio arduraduna da Izaskun. Eta elkarte hori arduratzen da Durangoko Azokako antolatzeaz.

 

IZASKUN ELLAKURIAGA

Nerea:
Jende asko biltzen da urtero-urtero Durangoko Azokan. Idazleak eta musikariak... horiek izaten dira liburuak eta kantuak egiten dituzten sortzaile nagusiak.

Ander:
Editoreak, argitaletxeak, diskoetxeak... Beste horiek arduratzen dira idazleen eta musikarien lanak prestatzeaz, finantzatzeaz eta kudeatzeaz.

Nerea:
Liburuak sinatzen era guztietako sortzaileak ikusten dira Azokan: ilustratzaileak, komikigileak, gidoilariak, bideojokoen egileak, antzerkilariak...

Ander:
Jendeak telefonoekin argazkiak egiten dizkiete idazleei, musikariei eta aktoreei. Kultura munduko hainbeste jende famatu ez duzu ikusiko inon, denak elkarren aldamenean.

Nerea:
Nolanahi dela, Azokan izango dira baita ere liburu saltzaileak, banatzaileak, inprimatzaileak... Hau da, liburuak eta diskoak fabrikatzeaz eta distribuitzeaz arduratzen direnak.

Ander:
Bai, bai. Eta kazetariak, eta kritikariak, eta irratietako langileak. Baina... batez ere publikoa: bisitariak eta erosleak. Milaka eta milaka pertsona iristen dira Euskal Herri osotik. Une batzuetan gainezka egoten da areto nagusia.

Nerea:
Durangon ez da sekula hainbeste jende izaten, azokak irauten duen bost egun horietan bezala. Tamaina honetako azoka bat antolatzea lan handia da benetan.

 

IZASKUN ELLAKURIAGA

 

Nerea:
Gazteak liburuetara eta diskoetara hurbiltzea garrantzitsua da edozein kulturarentzat.

Ander:
Bai. Durangoko Azokak horretan asmatzen du. Alde batetik festa eta beste alde batetik salmenta, biak konbinatzea lortzen dute. Garai horretan hotz egiten duen arren, giro beroa sortzen da.

Nerea:
Haurrentzat ere liburuak eta jostailuak ikusten dira, ezta?

Ander:
Eta gazteentzako moduko musika emanaldi ugari ere bai.

Nerea:
Zuk egin al zenuen selfirik famaturen batekin? Ezagututa zeinen lotsatia zaren zu... sinadura bat eskatzearekin konforme?

Ander:
Begira! Erosi nuen komiki berria sinatu zidaten hiru egileek: Harkaitz Cano idazleak, Unai Iturriaga gidoilariak eta Joseba Larratxe marrazkilariak.

Nerea: BERAZ, GAUR ZER IKASI DUGU?
Funtsean ikasi dugu kulturaren dinamikan jende askok eta askok parte hartzen duela elkarrekin, eta denon artean osatzen dugula mundu aberats hau: eragileak eta kontsumitzaileak.

Ander:
Errepasatu dezagun zerrenda: sortzaileak, musikariak, idazleak, itzultzaileak, gidoilariak, komikigileak, ilustratzaileak...

Nerea:
... editoreak, argitaletxeak, diskoetxeak, inprimatzaileak, dendariak, banatzaileak, kazetariak, antolatzaileak...

Ander:
Eta ez ahaztu: musika zaleak eta irakurleak. Biba festa!

 

Jaurlaritza Logoa