Zuzenean

Eli Pagola Apezetxea

Turismo jasangarria eta deshazkunde turistikoa

Uda-giroa aprobetxatuta, zer eta uda bera izan dugu ardatz Joana Detchart, Alazne Arruti eta Marta Barba solaskideekin, hurrenez hurren, OSTIA Kolektiboko kidea, Goiener Taldeko kidea eta Aleka eta Amillubiko kidea.

Audio_placeholder

Turismo jasangarria eta deshazkunde turistikoa

Loading player...
Turistak Donostiako Kontxan, arratsalde pasa
Turistak Donostiako Kontxan, arratsalde pasa (Jon Urbe | FOKU)

Udak gutxi du ezer ez egitetik eta, horrela, UEUko Udako Ikastaroei begira ekin diogu mahai-inguruari. 53. uda ikastaroak dira aurtengoak eta ekainaren 19 eta 20an komunitateari begirako kooperatibismoa landuko dute Usurbilen, Jakinekin elkarlanean.

Jardunaldietan praktika kooperatiboaren gaineko esperientzia trukaketa bat izango da eta bertan parte hartuko du Arrutik, Aginaga Biziberritzen kooperatibako kide bezala. Azaldu duenez, «jubilatuen egoitza izandakoan ostatu moduko zerbait» zabaldu nahi dute, «jantoki komunitarioa eta herri-denda izango dituena», besteak beste. Publikoaren eta komunitarioaren arteko lankidetza ereduaz egin digu hitz Aginagarrak, baita orain arteko bidean identifikatutako behar eta horiei erantzuteko gaitasun eta estrategiez ere. Izan ere, «zerbitzu galera betean» daudela ikusten dute eta herri txiki askotako egoera antzekoa dute beren komunitatean: zahartze tasa handia eta helduak bertan bizitzarik egin ezina.


Zer da turismo jasangarria?

Turismoari begirako zerbait ere badute esku artean eta, horri heldu diogu, amu erakargarria egin zaigu eta. Garatzea eskatzen duen terminoa da, asko erabili arren, sarri, marketing estrategia bat baitirudi. Detchart Baionan bizi izan da eta bertan argi ikusi izan du nola «turismoak garatzen dituen zonalde masifikatuak eta desberdintasun handiak eragiten dituen».

Turismoak etxebizitzen presioa dakar, garestitzea, bizileku falta, lanpostu prekarioak, saltzen dena baino irabazi gutxiago komunitatearentzat. Horrela ekarri du Barbak ondorengo kontzeptua: deshazkunde turistikoa. «interesgarria da pentsatzea turismoan ere atzera egin behar dugula» eta landu beharko da nork, zertan eta nola egin atzera. Hain zuzen ere, ahalegin partikularretatik harago, antolaketa zabalago baten garrantzia azpimarratu du Barbak, «ezin da fokalizatu norbanakoen erabakietan baina norbanakoen erabakien ondorioz arazo bat dugu».

Nola egin, beraz? Zer egiten dugu gizarte moduan gaia beste modu batean planteatzeko? Nola kudeatzen dugu lana eta estresa urtean zehar eta zer egiten dugu udan? Zalantzarik gabe –eta Arrutiren proposamena aintzat hartuz– imajinazioa martxan jartzea eskatzen duen gaia da turismo jasangarria.

Jaurlaritza Logoa