Zuzenean

Peli Lekuona-Aritz Santamaria
Elkarrizketa
Joxe Mari Mitxelena
Euskadiko Pilota Federazioko presidentea

«Beti nahi izan dugu Euskal Herriko selekzioa izatea. Baina momentu honetan ezinezkoa da»

Errealitate bihurtu da pilotako euskal selekzioa. Bi garaipen zakuratuz egin du estreinako jardunaldia zesta puntako taldeak, Gernikako Nazioen ligan. Hastapen honen berri izateko Joxe Mari Mitxelena, Euskadiko Pilota Federazioko presidentea NAIZ Irratian egon da, emaitzekin «pozik».

Audio_placeholder

«Beti nahi izan dugu Euskal Herriko selekzioa izatea. Baina momentu honetan ezinezkoa da»

Loading player...
Gernikako Nazioen Ligako inaugurazio ekitaldi ofiziala, Joxe Mari Mitxelenaren atzean euskal pilotariak.
Gernikako Nazioen Ligako inaugurazio ekitaldi ofiziala, Joxe Mari Mitxelenaren atzean euskal pilotariak. (Monika del Valle | FOKU)

Garaipen bikoitzarekin estreinatu da zesta puntako euskal selekzioa bere lehen bi partida ofizialetan. Lehenbizi neskek eta gero mutilek, Frantzia menpean hartu dute Gernikako Nazioen Ligan. Emaitzaz harago mugarri historikoa izan da Gernikako frontoian bizitakoa, lehen aldiz euskal selekzio batek modu ofizialean parte hartu ahal izan duelako nazioarteko pilota txapelketa batean. Joxe Mari Mitxelena, Euskadiko Pilota Federazioko presidentea NAIZ Irratian pozik agertu da, eta Euskal Herriko selekzioarekin amesten duela aitortu du: «Euskal Herriko selekzioa izatea nahi dugu, ea guztiok noizbait elkarrekin jokatzeko aukera dugun».

Nafar pilotariek Euskadiko selekzioarekin jokatzeko baldintza batzuk bete beharko lituzketela azaldu du. «EAEn hiru urtez erroldaturik egon izana, eta Espainiako nazionalitatea izatea» dira baldintza horiek. Ipar Euskal Herriko pilotariek «zailago» dutela onartu du: «Legeak Frantziako selekzioarekin jokatzera behartzen ditu». 

Auzi honetan politika ezin dela alde batera utzi nabarmendu du, «herri edo nazio baten kamiseta janztea akto politiko gorena da». Gernikako Nazioen Ligako testuinguruan, euskal herriko zenbait pelotarik Espainiako selekzioaren alde egin dute, selekzio horrek lekua gorde dielako, hain zuzen. Mitxelenak aurrehautaketan deitu zituztela azaldu du, eta pilotariek, askatasun osoz, Espainiako selekzioaren alde egin zutela adierazi du. «Azalpenik ez digute eman, baina ez da presiorik egin beharrik», gehitu du.

Politika mintzagai, Espainiako Federazioak Gernikako Nazioen Ligak ofizialtasunik ez duela aitortu du. Mitxelenak jarrera hori kritikatu du, «astakeria» bat dela esanez. Eta, era berean, txapelketa hasi aurretiko bilera teknikoan Espainiak txapelketaren ofizialtasuna sinatu zuela gogorarazi du. Hurrengo urratsei dagokionez, Espainiak oztopoak jarriko dituela argi du, baina «CSDk onartu duena Espainiako Pilota Federazioak ere onartu beharko du», nabarmendu du.

Jaurlaritza Logoa