Zuzenean

Bigarren Kafea

«Etxean etxekoentzat prestatu dugun kontzertua izango da larunbatekoa»

Kontzertu oso berezi bat egingo da larunbatean 22:00etan. Beran. Herriko zazpi musikari eta musika banda elkartuko dira lehen aldiz, aurrekaririk gabeko emanaldi batean. Igor Telletxea eta Jokin Pinatxok egin dituzte abestien moldaketak eta Bigarren Kafean izan dira kontzertuaren xehetasunak ematen.

Audio_placeholder

«Etxean etxekoentzat prestatu dugun kontzertua izango da larunbatekoa»

Loading player...

Kontzertua egiteko ideia nondik etorri zen galdetuta, Berako musikariek herritik kanpo duten errekonozimenduak horretan zerikusia baduela esan digu Pinatxok. «Beratik ateratzen garenean, askotan aipatzen digute Beran musikari asko dagoela. Zentzu horretan, herrian egin gabeak ginela jabetu ginen. Etxean etxekoentzat egindako zerbait egin nahi genuen, falta zela sumatzen genuelako». 

Egitasmoaren konplexutasunean egin du azpimarra Telletxeak. «Ausardia behar da horrelako zerbait egiteko. Ideiaz haratago, baliabideak eta denbora behar dira. Mahai hartan hitz egindakoa besteei proposatu behar zitzaien. Denek baiezkoa eman zuten hasieratik eta horrekin gustura gaude. Irailean hasi ginen moldaketekin, entseguak urtarrilean hasi ziren eta gustura gaude hartzen ari den itxurarekin».

Biak izan dira konponketak egiteko ardura hartu dutenak. Telletxeak aitortu du lan dexente hartu dutela konponketekin. «Horrelako zerbait egiten nuen lehen aldia izan da niretzat. Ausartu ginen, baina idazten hasten zarenean ohartzen zara lan nekeza dela. Denborarekin eta ilusioarekin lortu dugu eta emaitza duina ari da izaten. Saiatu gara abestien berezko esentzia mantentzen».

Pinatxoren hitzetan banda lehen lerroan jartzea ere bada helburuetako bat. «Errekonozimendu bat egin nahi genion, banda atzean geratu gabe. Horrelakoetan bandari gailentzen zaion musikari talde bat jartzen da askotan baina kasu honetan ez da horrela izango».

Janus Lester, Estitxu Pinatxo, Joseba B.Lenoir, Beñardo Goietxe, Rudiger, Joseba Irazoki eta Petti izango dira parte hartuko duten artistak. Bakoitzaren bi kantu moldatuko dituzte eta Telletxeak aitortu du moldaketak egiterakoan kantuen jatorrizko esentzia mantentzen ahalegindu direla. Kantuak bandara nola egokitzen ziren ikustea ere izan da egin beharreko ariketetako bat.

Ekainaren 7an 22:00etan izango da emanaldia Berako plazan eta sarrerak martxa onean saltzen ari diren arren, oraindik ere geratzen dira. Egunean bertan agortu gabe baldin badaude, emanaldiaren aurretik salduko dituzte azken horiek.

Entzun Jokin Pinatxorekin eta Igor Telletxearekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.

Jaurlaritza Logoa