Zuzenean

Bigarren Kafea

«Aniztasunak egiten gaitu aberats»

Aurten bigarren aldiz hiru eguneko egitaraua izango du ekainaren 6tik 8ra Alkizan egingo den Naturaren Doinuak jaialdiak. Egun bakoitzari izendapen berezi bat eman diote aurtengoan. 

 

Audio_placeholder

«Aniztasunak egiten gaitu aberats»

Loading player...

Aurtengo Naturaren Doinuak jaialdiak berrikuntza bat dakar: egun bakoitzari izendapen berezia eman diote. Lehena Desio eguna izango da, larunbata Belaunaldi eguna eta igandeari Naturaren Doinuak Eguna deitu diote. Shrabani Aranzabe antolatzailea eta jaialdiaren laguntzaileetako bat den Herrikide ikastetxeko Amaia Blanco irakaslea izan ditugu Bigarren Kafean aurtengo jaialdia aletzen. Egun bakoitzari izendapen zehatz bat ematearen inguruan aritu da Aranzabe. «Publiko bakoitzari bere espazioa eskaintzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu; desio eguna gaztetxoentzako, belaunaldi eguna belaunaldi arteko topaketa izango da eta igandea, urtero bezala, jaialdiaren egun nagusia izango da».

Lehen eguna gaztetxo eta gazte sentitzen direnei zuzendua da eta Naturaren Doinuak basoaren sorreran beste pauso bat emango dute. «Urtero zuhaitza landatzen dugu, aurtengoa lizarra izango da, eta pixkanaka basoa eraikitzen ari gara».

Amaia Blancok jaialdiaz haratago, urte osoan zehar Naturaren Doinuaken bueltan gauzatzen dituzten ekimenak nabarmendu ditu. «Eskolan oso esperientzia ederra izan da, zenbat guraso jarri ditugun dantzan ikastetxeko patioan. Adin ezberdineko haurrek elkar ezagutzeko aukera izan dute proiektuari esker».

Jaialdia Alkizan egiteak eta horretaz kontziente izatea ere garrantzitsua da Aranzaberentzat. «Jakitun gara Alkizara goazela, eta ez BBK Live bezalako jaialdietako espazioetara. Irisgarritasuna eta ingurua zaintzea ere badira erronkak eta aurten doako autobusak jarriko dira inguruko herrietatik».

Igandean artista askoren parte hartzea izango duen emanaldi berezi batekin borobilduko dute festa eta Aranzabek aitortu du guztia prestatzea eta koordinatzea lan nekeza izan dela. Dena den, guztia prest dute eta bisitariek egitarau anitzaz gozatu ahal izango dute paraje zoragarri batean.

Entzun Shrabani Aranzaberekin eta Amaia Blancorekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.

Jaurlaritza Logoa