Zuzenean
«Berriro aukeratu beharko banu, familia medikuntza aukeratuko nuke». Irene Irurzunek argi dauka bere lana maite duela. «Medikuntza bokazionala dela esan ohi da, baina esango nuke familia mediku izatea agian dela prozesu horretan guztian bokazionalena. Nolabait, txikitatik mediku izatea nola irudikatuko genukeenetik gertuen dagoena».
Familia Medikuaren Mundu Eguna dela eta elkartu ginen Irurzunekin. «Beste espezialitate bat gehiago da; hori nik askotan errepikatzen dudan zerbait da, badirudielako familia medikua dagoela eta gero espezialistak daudela, baina gu espezialistak gara, lau urteko espezialitatea egin dugu familia medikuntzan» azpimarratzen du medikuak.
Zumarragako Osasun Zentroko familia medikua da egun, baina Asteasun ere aritu da lanean. «Euskarak sendatzen du» esan digu, eta ondo azaldu digu zergatia. «Ikusten zutenean mediku euskalduna nintzela, kitto; askok eta askok esan izan didate bestela ez zirela ausartuko gauzak kontatzera, ez zirelako ikusten gai ondo azaltzeko, beldurra daukatelako, ez dutelako ulertuko medikuak zer esango duen. Azkenean ez da zure medioa, zure ama hizkuntza euskara bada».
Horregatik, «euskara behar-beharrezkoa da Osakidetzan, eta uste dut lehen arretak bereziki behar duela eskakizun hori».