Zuzenean
«2015ean aldaketa giroa sumatzen zen, baldintza bereziak behar ziren eta gertatu ziren»
2015ean hartu zuen Nafarroako lehendakari kargua Uxue Barkosek, Geroa Baiko zerrenda buru gisa. Aldaketa historiko haren urteurrenean mugarri hark ekarritako garai berria nabarmendu du NAIZ Irratian.

«2015ean aldaketa giroa sumatzen zen, baldintza bereziak behar ziren eta gertatu ziren»

«Erregimena» zeritzon UPN-PSNk urte luzez mantendu zuten elkarlana etengabeari, harik eta 2015ean bien baturak ere ez zuenean eman Yolanda Barcina (UPN) karguan mantentzeko nahikoa boto. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Izquierda-Ezkerrak egin zuten bat Uxue Barkos lehendakari izendatzeko, «Alderdi Sozialistaren babesik ez zen behar izan, haien laguntza beharko bagenu momentu hartan...», dio esaldia amaitu gabe baina orduko PSN aldaketarako galga nagusia zela iradokiz. «Geroa bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerraren botoak nahikoak izan ziren aldaketa hori aurrera eramateko». NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan, hala ere, gehitu du 2019tik aurrera «aldaketa haren ildotik» jarraitu duela orain buru Maria Chivite duen alderdiak.
Izan duzu oroitzapenik egun hauetan 2015 urteko hauteskundeez?
Oso momentu garrantzitsua izan zen Nafarroan. Urte haietan gertatutakoak ildo dezente nabarmena utzi du Nafarroako gizartean eta oso garrantzitsua da. Alderdi Sozialistaren abstentzioa ez zen beharrezkoa izan. Agian sozialisten laguntza behar izan bagenu momentu hartan... Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta IU Izquierda - Ezker Batuaren botoak aski ziren aldaketa hori aurrera eramateko instituzionalki. Alderdi Sozialistak 2019an nolabait aldaketa haren ildotik jarraitu zuen.
Izan ere, aldaketa heldu bitartean ere UPN zen Nafarroan jaun eta jabe, baina gakoa izan zen ere akaso hauteskundeetan lau eserleku galdu zituela. Hain justu, babesa ere handitu zuten Geroa Baik, EH Bilduk edota Podemosek.
Hamarkadaz izan zen UPN, nolabait, jaun eta jabe, batzuetan Alderdi Sozialistaren laguntzari esker, beste batzutan gehiengo lasaiak zituelako. Baina egia da 2013-14-15 urte haietan ezegonkortasun politikoa, ekonomikoa ere, baina politikoa gehienbat nabaria zela Nafarroako gizartean. Aldaketaren susmoa nabaritzen zen. Egia zen baldintzak izan behar zirela oso bereziak gainera. Baina gertatu ziren gizartearen borondate politikoaren indarrez. Eta gertatu ondoren, nik uste dut gauzatu genuela.
Hor zailena, ezegonkortasun instituzional eta politikoa baino, gizartearen hasarre sutsua zen. UPNren dieten kasuak. Beno, nola kudeatzen zen momentu hartan gauza publikoa. Gogoratu nahi dut garai hartan oso sakon bizi izan zuela Nafarroako gizarteak, adibidez, ospitale publikoen Osasunbidearen sukaldeetako pribatizazioa. 2015eko maiatz hartan gauzak politikoki gauzatu ziren, baina hortik aurrera, lau urte ziren eta ez dakit gizartean konfidantza handia zegoen gai ginen ala ez ginen aldaketa aurrera eramateko. Eta nik uste dut lauron artean azkenean gauzatu genuela. Geroa Baik protagonismo eta erantzukizun berezia izan zuen momentu hartan, baina lauron artean eraman genuen aurrera eta nik uste nolabait boto soziologiko hark jarraitzen duela Nafarroan. Ez Geroa Bain nahi izango genukeen bezain sakon, baina aurrera jarraitzen du.
Esanguratsua izan zen nola osatu zen Gobernua. Perfil teknikoa zuten bederatzi lagun lehenetsi ziren.
Ez, ez, ez. Hor literatura asko egon da. Perfila politikoa zen, baino baita ere teknikoa. Nik uste laurok partekatu genuela erabaki hura. Jende teknikoa behar genuen, baina politikoki ere argi zuena aldaketaren zergaitia eta aldaketaren harrotasuna, harrotasun politikoa. Nik baldintza bat jarri nuen, alderdien proposamenek nire baietza izan behar zutela. Ez zen kuoten gobernua, baino bai gobernu politikoa eta baita ere gobernu teknikoa.
Zer topatu zenuen Nafarroako Gobernura heldu zinetenean? Erreleboa edo mahai hutsak?
Hutsak. Erabat. Instituzionalki eta formalki gauzak ongi egin ziren. Yolanda Barcinak botere errelebo hura egin zuen. Formalki gauzak egin ziren, baina mamia alde batera utzi zen eta ez zen informazio leiala izan gobernu batetik bestera. Benetazko arazoez jakin genuen lanean hasi ginenean. Ekonomikoki Nafarroako ogasuna erabat hutsik zegoela, dirurik ez zegoela...
«Ariketa intelektualki eta politikoki interesgarria izan zen idatziz onartzea non zeuden gure ezberdintasunak eta beraz, non ez zegoen akordioa lortzeko aukerarik»
Berriki, elkarrizketa batean nabarmendu duzu bazela akordioan atal bat desadostasunetarako.
Nik uste ideia ona izan zela eta azkenean praktikoki jokatzeko eta politikoki leialtasunez jokatzeko tresna benetan ederra suertatu zen. Argi zegoen gobernu hura eta akordio programatiko hura sinatu genuenok non genituen ezberdintasunak. Baino ariketa intelektualki eta politikoki interesgarria izan zen hura idaztea eta idaztearekin batera ba onartzea non zeuden gure ezberdintasunak eta beraz, non ez zegoen akordioa lortzeko aukerarik.
Gero hilabeteak pasa ahala gai izan ginen gai batzutan desadostasun horiek aurrera ateratzen, beste batzutan ez. Eta hor nik bai tristura handia daukadala. Euskararen eskubideak Nafarroan zonifikatuta daude. Bueno lehenengo momentutik IU-k ezezkoa eman zuen Parlamentuan hura aldatzeari. Eta horrela jarraitzen dugu 40 urte geroago, hor aldaketa ez zen iritsi, baina egia da zailtasun hori alde batera utzita, euskarak aurrera egin duela nabarmenki gainera Nafarroan, nahiz eta bidea oraindik luzea izan, baina aurrera egin du instituzionalki oso nabarmen.
Legegintzaldian gauzatutako politiketatik zeintzuk nabarmenduko zenituzke.
Lehenengo erabaki bat izan zen lehenengo bi lehendakariordeak, garapen ekonomikoaren lehendakariordea, Manu Aierdi, eta eskubide sozialen lehendakariordea, Miguel Laparra, izendatzea. Yolanda Barcinaren gobernutik gentozen baina ez bakarrik hori, oso momentu latzen ostean. Eskubide sozialak alde batera utzi zituen gobernu baten ondotik. Hor filosofia politiko bat irudikatu nahi genuen Gobernuaren konposaketan, eta ez bakarrik hori, baizik eta Gobernuaren nortasun berezi hura azpimarratu nahi genuen eta hortik aurrera gure borondatea ikusi zen, baita Gobernuaren aldaketarako asmoa eta harrotasuna erakutsi genuen.
«Ez dut ikusten Nafarroan gehiengo abertzale bat, nahiz eta abertzaleok azken 10 urteotan Nafarroako kudeaketan egon garen eta nik uste hori nabaritu dela»
Presidenta abertzale gisa definitu zinen. Nola ikusten duzu gaur egun Nafarroa EAEra batzeko espainiar Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra.
Nik garai hartan argi eta garbi esan nuen ez nuela aktibatuko ez zegoelako gehiengorik. Argi eta garbi. Eta nik ez dut ikusten gaur ere Nafarroan gehiengo abertzale bat, nahiz eta abertzaleok azken 10 urteotan Nafarroako kudeaketan egon garen eta nik uste hori nabaritu dela. Besterik ez, ez da gehiengo hori sumatzen, baina bai sumatzen dela euskara gero eta gehiago, nahiz eta poliki joan, hitz egiten dela gure kaleetan. Hezkuntza arloan gero eta gehiago. Ikusten dugu bueno gazteen kasuan gero eta gehiago Nafarroako euskaldun kopurua handitzen dela. Bueno hori da bidea. Eta ez bakarrik hori esango nuke baita ere burujabetzaren kontzeptua gero eta argiagoa agertzen dela gure egunerokoan.
2019ko hauteskundeetan PSNek aurrea hartu zuen.
Bai Geroa Bai eta bai Bilduk igoera handia izan zuten, baita ere zenbakietan. PSNri botoa ematen zion jende askok 2015ean Podemos bozkatu zuen eta 2019an Podemosi emandako bozka haiek berriro PSNera bueltatu ziren. Argi eta garbi Alderdi Sozialistari eman zioten erantzukizun politikoa gobernu berri bat eratzeko eta horrela egin genuen eta horrela gertatu zen. Besterik ez. Baina gainera demokratikoki gauzak argi eta garbi azaldu behar dira. Jendeak erabaki zuen azkenean momentu baten indar bati emandako indarra beste bati ematea. Podemos etiketa Alberdi Sozialistara pasatu. Eta horrek jokoaren baldintzak, joko demokratikoaren baldintzak, erabat aldatu zituzten.
Lehenengo momentutik Alderdi Sozialistarekin saiatu ginen aldaketan nolabait mantentzen eta ez da aldaketa tamala, txikia. Eta ez da aldaketa itsusia. Momentu honetan ere UPN instituzioetatik baztertzea.
2027an etorriko dira Nafarroako hauteskunde berriak. Aurreikusiko zenuke berriro ere zuzendu zenuen Gobernuaren antzeko botere metaketa bat berriro ere lortzea?
Hori da Geroa Bairen asmoa eta helburua, 2015ean eratutako gobernu baten antzekoa eratzea. Gure ustez beharrezkoa da lan egiten jarraitzea aldaketa hori finkatzeko. Oso aldaketa sistemikoak eta positiboak ekarri ditu gure gizartera. Ez bakarrik osasungintzan, ez bakarrik hezkuntzan, hezkuntzan saiatu beharko genuke 2015ean hasitako bidea jorratzen, hau da, euskara eramatea, D eredua eramatea benetan, eta horretan sinestea sare publikoan. Berriro ere halako halako protagonismo politikoa izatea Nafarroako instituzioetan. Baina jendearen babesa beharko dugu eta hori da bilatuko duguna, nola ez, eta saiatuko gara hura lortzen 2027an.