Zuzenean

Inkestaren lerroburua bera deigarria da: hiru herritarretik bik uste dute igo egin direla jarrera erreakzionarioak Euskal Herrian. Malen Dominguezek dio ez dela haientzat sorpresa izan, mundu mailan dagoen tendentzia dela eta. Bai eskuina eta bai joera erreakzionarioak gorako joeran daude, eta hemen ere parekoa espero zuten.
Hala ere, «interesgarria» da xehe-xehe begiratzea bakoitzak bere inguruan ze mailan hautematen duen, eta baita norberarekiko auto pertzepzioa ere: «zailagoa da beti norbera sozialki hain onartuta ez dauden posizioetan kokatzea, baina adierazgarriak dira datuak, eta beheranzko joera bat nabari da eskala handitik txikira egitean». Hala, Europan %46k dio oso neurri handian ikusten dituela jarrera erreakzionarioak, espainiar eta frantziar estatuetan behera egiten du kopuru horrek. Euskal Herri mailan 20 puntu egiten du behera eta, norberaren kasuan, galdekatuen %20a suposatzen du.
Aniztasun kulturala, jarrera erreakzionarioen topagune
Galdegaia edozein dela ere, garrantzitsua izan da ezker eta eskuinaren ardatz ideologikoa. Generoarekin gertatu da, kasu. Hala ere, aniztasun kulturalaren arloan, esaterako, emaitza erreakzionarioagoak eskuratu dira oro har.
Hasierako hipotesiak hipotesi, datuok erakutsi diete hainbat profil atera daitezkeela atzerritik etorri diren pertsonen inguruko pertzepzioari dagokionez. Hala, pertsona horiei «gehiegizko eskubideak» eman zaizkiela dute iritzi oso eskuinean kokatzen direnek. Ezkerrekoen artean ez dute hala pentsatzen, edo %15era soilik iritsi dira. Euskal Herriko testuinguru ideologikoari dagokionez, «euskal estatuaren alde daudenek diote ez dela gehiegizko eskubiderik eman; kontra daudenek, ordea, baietz».
Hain zuzen, 2025eko martxoan burutu zuten galdeketa eta, oraingoan behintzat, ez dute astirik izan euskal estatua nahi dutenen erreakzionariotasun maila neurtzeko. Euskal estatuarekiko jarrera neurketa guztietan izan dute aipagai; ez, ordea, posizio erreakzionarioak, bakarra izan da oraingoa. Ez dute, hortaz, bilakaera aztertzerik izan, baina etorkizunean hala egitea da asmoa.
Edonola ere, azken inkesta honetako emaitzetatik ondoriozta daiteke ultraeskuinaren diskurtso arrazista sektore ideologiko ezberdinetara heltzen eta atxikitzen ari dela. Soziologoak azaldu duenez, «erraza da horrelako diskurtso erraz eta hutsaletara iristea, kanal desberdinen bitartez. Agian tendentzia horiek ez dituzu zure egingo, baina kutsatze prozesu bat eman daiteke».
Aktualitatearen berrinterpretazioa
Deigarria den beste elementu bat da, zalantzarik gabe, arlo politikoan ere migrazioaren gaia eztabaida betean dagoen une batean aurkeztu izana. «Kasualitatea izan da», esan du Dominguezek, «arazoan prestatu genuen eta, bat-batean, puri-purian egon da migrazioaren gaia azken hilabete honetan, Problematika ugari ditugu egunerokoan saltsan, beraz, ikusi dugu bete-betean jo dugula eta gure datuek asko lagun dezaketela une honetan».
Estatusaren gaira itzulita, galdekatuen %66ak erabakitzeko eskubidearen alde egin du, eta %53 erreferendumaren alde dago. Aurtengoan parametroei so eginik esan daiteke euskal estatuarekiko posizioak «nahiko egonkor» daudela, alde zein kontrakoak, gorabehera txikiekin.
«Aipatu behar dugu aldekotasunak puntu batzuk gora egin duela», zehaztu du. «‘Ez dakit’ dioen edo erantzun nahi ez duen jendearen sektorea asko hazi da, euskal gizartearen ia heren bat bertan kokatzen da». Gaineratu du interesgarria izan daitekeela erantzun ez duten horiek zer pentsatzen duten edo jarrera horien atzean zer dagoen aztertzea, alderdi politikoentzat ere horiexek izan daitezkeelarik gizarte sektore potentzialak.


