Zuzenean
«Nobela intimo bat da, hautu estetiko baten aldeko literatura»
‘Cul de sac’ (Alberdania) eleberria argitaratu du Nerea Arrienek (Lekeitio 1976). Gazteleraz datorren lanean emakumearen bizi-zikloetan sakontzen du, baita ama-alaben arteko harremanetan ere. Gordintasunari ihes egin gabe, hautu estetiko sendo batez jantzita.

«Nobela intimo bat da, hautu estetiko baten aldeko literatura»

Nerea Arrienek gazteleraz argitaratu duen lehen lana da ‘Cul de sac’. Hizkuntza bera ere eleberrian presente dagoen des-lekutze sentsazio horren parte izan da. Distantzia horrek eman dio idazleari esan nahi zituenak esan nahi zituen moduan esateko modua. Emakume izatea, ama izatea, alaba izatea... bere begiradatik.
Has gaitezen izenburutik, ‘Cul de sac’ horrek, zer esan nahi du Nerea Arrienentzat?
Liburuak berak badauka horrelako ipar-bako zera bat. Hor hasierako orrian badago berba bat, ‘desnortadas’... Uste dut atmosfera horretan, testuinguru horretan, pixka bat galtzen zaituen izenburu bat jartzea ere ondo zetorrela. Izenburu honi begiratuta, ze hizkuntzan datorren liburua ere. Hori gustatzen zitzaidan, liburuko pertsonaiak ez izatea inongoak. Ezin katalogatzea nolabait eta titulua bera ere.
Gero, esanahiari dagokionez, zakuaren ondoa edo kalearen amaieran dagoen horma hori irudikatzen du. Inora ez garamatzan kale hori. Pixka bat errepresentatzen du liburuko protagonisten arteko harremana.
Deslekutze sentsazio horretan eragin du hizkuntza beraren hautaketak ere? Gazteleraren aldeko hautua egin duzu. Lagundu dizu hizkuntzarekin ere halako distantzia bat hartzeak?
Bai. Pentsatzen badut zergatik egin dudan gazteleraz, agian arrazoi irrazionalen bat dago eta uste dut zuk apuntatu duzu lerro horretatik doala.
Aurreko liburuan [‘Zoonimia’, Pamiela] jatorrira bueltatzeko liburu bat egitetik nentorren. Poema liburu horretan instintuetara itzuli nahi izan nuen. Nire burmuin primitibora. Eta hor ahalegin berezia egin nuen nire berbak, benetan nireak direnak topatzeko. Hitz hauek harreman zuzena zuten nire haurtzaroarekin, nire euskalkiarekin. Zeren euskaraz idazten dudanean batuan idatzi ohi dut, eta hor ere badago arroztasun bat niretzat. Beraz, nahi nuen nolabaiteko nire berba literario primitibo moduko bat bilatu. Lan honetan, baina, nahi nuen beste zerbait egin, askoz ezberdinagoa. Eta uste dut beste puntara joan naizela.
«Laster menopausia aurrez-aurre edukiko duen emakume bat naiz eta 15 urteko alaba bat daukat. Etxean, egunero daukat aurrean hormona leherketa bat»
Berez etorri zen hizkuntzaren hautua eta istorio hau ere berez etorri da?
Ni dagoeneko 40 hamarkadan nago. Laster, urte bi barru, 50 urte beteko ditut. Bada txoke handi bat. Sentsazio arraroa da, ez? Eta uste dut ba galdetzen hasten zarela gauza asko. Eta bai, identitatearekin zerikusia duen auzi batetik jaio zen liburu hau. Laster menopausiarekin aurrez-aurre aurkituko den emakume bat naiz eta 15 urteko alaba bat daukat. Nik aurrean daukat egunero leherketa bat, hormona leherketa bat etxean. Aldi berean, nik neuk ikusten dut nigan galera... ‘bako’, ‘barik’... geratzen ari naizen hori, leherketa hori dela nire alabarena. Azkenean hori gauzatzen da istorio batean. Fikziozkoa da, ez da istorio erreal bat, baina baina bada bizi dugun gizartearen erretratu bat. Orain ohikoa da ama menopausiko bat alaba nerabearekin ikustea. Oso ohiko argazkia da.
Maria eta Elodie ama-alabak dira protagonistak. Irudi indartsu batetik abiatzen da kontakizuna: autoan doazela amak alabari zigarroa pizten dionekoa. Bere sua ematen dio Mariak Elodie-ri, horrek dituen konnotazio guztiekin...
Zigarroaren su gorri hori, sutargi bat bezala, belaunaldi batetik bestera igarotzen da familia guztietan, emakume guztion artean. Sinbologia asko dago liburuan. Adibidez, zigarroari sutargi hori amak alabari pasatzen dio eta beraiek ere ilegorriak dira. Eta amona ere hala zen. Odolaren lerro guztia zeharkatzen nolabait.
Eta gero badago ere sinbologia horren barruan gorri hori apurtzeko hautua ere. Elodiek momentu batean ilea tindatzen du amonak bezala. Platinozko ilehoriz, arnegatzen du amaren gorri horretaz. Sutargi hori oso presente izan nahi nuen liburu osoan. Protagonistak emakume bakartiak dira, baina indar handikoak. Ez dute beldurrik sentitzen dutena, bizi dutena agerrarazteko. Sarri edulkoratu egiten da amatasuna, emakume izatea bera ere.
Barne gatazkak modu esplizituan azaltzen dituzu bi pertsonaia hauen kasuan.
Maríak berriz ama izateko aukera galdu duela eta hutsune hori gaizki darama, nahiz eta dagoeneko baden ama eta ez den ari bere guraso funtzio hori betetzen. Elodieren kasuan berriz, emakume bilakatzearen botere horrek tentatzen du, baina aldi berean, egoerak behartuta izan ez den haur hori ere izan nahi du.
Eleberrian odolaren presentzia deigarria da.
Nahi nuen tonu bat aurkitu odolaz idazteko, baina ez izateko beltza, hau da, noir generotik ihes egiteko. Eta noski, odola beti ulertu dugu nobela beltzarekin lotuta.
Oso odol konkretuaz ari zara baina, emakumeen odolaz.
Ahalegindu naiz topatzen semantika bat odolarena, klimaterioarena edo hilerokoarena, estetikoa eta literarioa izan zitekeena, ihes egin gabe hitz itsusietatik. Askotan uste dugu literatura hitz politak bilatzea dela. Nik liburu honetan argi utzi nahi nuen nire hautu literarioa posizio bat dela eta begirada bat, neurea. Azkenean badirudi emakumeok beti errepresentatzen gaituztela kolektibo baten barruan. Eta ondo dago emakumeok kolektibo horietan aukera izatea bai gure gauzak eta plazaratzeko eta indarra edukitzeko. Baina uste dut inportantea dela emakumeok intimitatean eta bakarka espresatzeko aukera izatea. Nik behar hori neukan. Kolektibo baten baitan estereotipatzean gaituztenean, bada emakumeon intentsitatea edo indibidualtasunak isilarazteko modu bat. Ez dakit zein interesen mesedetan, baina isildu egiten da. Zentzu honetan, bada nobela intimo bat, introspekziorako hautu bati erantzuten diona. Beti leporatzen digute emakumeoi nobela intimoak edo autobiografikoak egiten ditugula, ez? Bueno, ba bai. Nobela intimo bat da, emakume batek egina. Eta badauka ari kronologiko eta gertaeren narrazio bat ere. Baina gainera da hautu estetiko baten aldeko literatura, hautu poetiko baten aldeko literatura. Eta esaten dut horrela aho betez. Nik argi eta garbi diot hau bai dela hautu estetiko bat, poesiaren aldekoa, sinbolismoaren aldekoa. Eta uste dut horrek ez daukala zerikusirik nobelaren pisuarekin edo azaldu nahi izan dudanarekin.
Lehen lerroetan agertzen da Betty Draper, ‘Mad Men’ telesaileko protagonista. Bagaramatza sortu nahi izan duzun estetika horretara, berak ordezkatzen duen amerikar tristura malenkoniatsu, dekadente baina aldi berean xuxen horretara, ez?
Nik uste dut Betty Draper pertsonaia erraldoi bat dela. Ni txundituta utzi ninduen seriea ikusi nuenetik. Eta bai, bustitzen du nobela osoa, pertsonaia bat gehiago da. Badaude horrelako pertsonaia gehiago ere nobelan, ez daukatenak ez ez hankarik ez eskurik, baina lerro artean mugitzen direnak. Esaterako, badaude poeta batzuk oso presente daudenak: Alejandra Pizarnik, Mireia Calafell edo Sylvia Plath. Lekuak ere beste pertsonaia bat dira nobelan. Kotxea ere bai. Hautu estetiko horren barruan dago bizitza ematea okela ez daukan zerbaiti.
«Ahalegindu naiz topatzen semantika bat odolarena, klimaterioarena edo hilerokoarena, estetikoa eta literarioa izan zitekeena, ihes egin gabe hitz itsusietatik»
Bada gorpuzten ez den beste protagonista bat, baina utzi duen hutsune hori Maríarengan eta Elodierengan gorpuzten da. Maríaren senarra, Elodieren aita. Utzi ditu, joan da arrastorik utzi gabe. Baina absentzia hori ere gorpuztu duzu eta eman diozu halako dimentsio estetiko bat, ez?
Bai, absentzia horrek modu bitxiak ditu agerrarazteko. Orduan, absentzia bat bezala tratatu dezakezu, baina tratatu dezakezu ere gerturatze bat bezala edo gerturatze batzuk bezala. Zeren absentzia hori ez da berdina Maríarentzat edo Élodirentzat. Erabat ezberdina da. Nire hautua izan da absentzia horren presentzia azpimarratzea.
Narrazioan erreparatzeko orduan, Mariak adibidez delirioak ditu, ikusi egiten du une oro. Hau da hutsaren tratamendua, presentziaren bidetik eraman dut gehiago. Modu horretan istorio koralagoa lortu dut, pertsonaia bat gehiago izatea, María-Élodie binomioa nolabait aberasteko.
Beste protagonista maskulinoak ere badaude: Mark eta Mateo. Mateo idazlea da eta inork ez daki idazlea dela, ezkutatu egiten du bere idazkia ohe azpian. Gustuko dut idazten duen norbait sartzea nire liburuetan, ariketa metaliterario gisan. Eta gero dago Mark. Bikote nahiko bitxi baten semea da. Baserri batean bizi dira mendian eta gurasoak nahiko karikaturazkoak dira. Hor bada puntu fantastiko bat, errealismo magiko puntu hori. Asko disfrutatu dut zentzu horretan idazterakoan.
Eta animaliak...
Badago biologia eta poesiaren arteko uztarketa bat. Olagarroek amatasuna bizitzeko duten manera esatera. Baleak ere oso presente daude. Animalia menopausikoak dira hauek ere, ikerketa asko egin dira honen inguruan, hor da ‘amonaren hipotesia’ deitutakoa ere.
Ez dugu liburuarena azala aipatu, deigarria eta indartsua.
Azala Pablo Casaresek egin du. Oso polifazetikoa da, orain pinturarekin dabil eta ondo ezagutzen nau. Di-da batean esan zidan, hemen balea eta Betty Draper jarri behar ditugu. Eta gero eman zion nouvelle vague ukitu bat. Ni oso gustura geratu naiz liburuarekin. Bai forma, tipografia...
Gustatu zaizu liburua, objektu bezala. Inpresioa da gustatu zaizula idaztea bera ere.
Ondo pasatu dudala esan dezaket. Norbere posizioa edo norbere begiak azaltzeko modu bat izan da. Azken batean horretarako idazten dut.