Zuzenean

Despopulazioari aurre egiteko 74 proposamen zehatz planteatu dizkio Nafarroako Gobernuari Udalerrien Federazioak. Xabier Alkuaz bertako presidenteak argitu du «Nafarroan oso herri txiki desberdinak izan arren, ia denek dituztela despopulazioaren faktore amankomunak».
Proposamenak udalerri eta kontzejuei aurrez aurre dituzten arazoak entzunez osatu dituzte, parte hartze prozesu bidez. Despopulazioa ez da faktore bakarragatik ematen, «asko eta desberdinak» dira, Xabier Alkuazek nabarmendu duenez. Bestalde, hautetsien inplikazioa goraipatu du Alkuazek. Legeak egiteko orduan «landa eremuko betaurrekoekin» egin behar direla defendatu du. «Ezin dira neurri berdinak izan Iruñean edo Iruñerrian eta beste eskualdetan», esan du.
Nafarroako Gobernuari eman diote txostena eta aste honetan parlamentuko presidentearekin elkartuko dira. 74 neurri horiek gauzatzea nahi dute.
Etxebizitza, esaterako
Etxebizitza parkea da arloetako bat. Proposamen asko jaso dituzte, baina nabarmentzeko despopulazioa sufritzen duten lekutan etxebizitza hutsak merkaturatzeko araudi berezia jartzea eskatu dute. Nafarroako Gobernuaren inplikazioa nahi dute, zuzeneko diru laguntzak edota Nasuvinsaren laguntza. Etxebizitzaren sarbidea erraztearekin hirietarako bidea moztu eta herrian gazteei bizitzeko aukera emango litzaiekeela uste dute.
Aurrekontu egonkortasunari buruzko araudian dagoen gastu murrizketak ezabatzea ere planteatzen da, eta eremu horietarako funts berezi bat sortzea. Arlo fiskalean, hobarien alde egin eta desplazatzeko gastuak konpentsatzeko neurriak jaso dituzte. Gainera, landa eremuan aritzen diren enpresei pizgarri fiskalak ematea nahi dute.



