Zuzenean
«Autoexijentea izatea putada bat da»
Ezpalak taldearen emaria sekulakoa izaten ari da azken urteotan, 2019an debutatu eta 2024rako laugarren diskoa kaleratu zuten, ‘Gatza’. Soinu propioa garatuta zuten dagoeneko, baina buelta bat gehiago eman eta esparru berrietan murgildu direla esan daiteke.

«Autoexijentea izatea putada bat da»

Gatza garai batean oso aberatsa eta bilatua zen. Gaur egun gatza zauriarekin lotzen dugu gehiago.
Guk gatza kontzeptua bizigarri bezala ere hartzen dugu, baina botatzen baduzu zaurira mina egiten du. Hitz motz bat da, esanahi asko dituena, bakoitzak berera eraman dezakeena. Garbi genuena zen aurreko diskoari izen luzea jarri geniola eta oraingoan hori laburtu beharra zegoela.
Ja sinisten duzue Ezpalakek soinu propioa duela?
Bai, nik uste dut baietz. Jende askok esaten digu eta uste dut gitarrak edo Juanjoren [Berasain, abeslaria] ahotsa entzuteak Ezpalakera eramaten zaituela. Noski, guk ere baditugu gure influentziak, detektagarriak agian, baina soinu propio bat bilatu dugu.
‘Berandu’ kantuarekin hasten da diskoa. Oktabetan jotzen duzue, bada zerbait nostalgikoa.
Uste dut 2000 urte horietara eramaten zaituela. Baita produkzio aldetik ere, sinteen erabilera horrekin. Placebo edo horrelako zerbait datorkizu burura.
Esperantzarik bada kantu horretan.
Guk beti, letrak ilunak izan edo ez, argi puntu bat eman nahi izaten diegu, ze gu ere horrelakoak gara: bi alde horietatik dugu eta gustatzen zaigu errepiketan edo esperantza puntu bat irekitzea.
A zer nolako soloa bukaerakoa. Exijentea.
[Barreak] Bai bai, hori ez nekien [zuzenean] nola egin ere, arduratuta nengoen! Solo hori maketan egin nuen whammy batekin, aurrerago beste zerbait egingo nuela pentsatuz, eta azkenean esan nuen: ‘keba, horrela laga behar dugu’. Ez dakit ezta ze nota diren ere... Badu Rage Against The Machinen toke bat.
‘Nola ahaztu’ izan zen lehen singlea. «Zahartu zaigu barruan den umea, sortu du hutsunea, beti harrokeria ustelaz, gezur eta penaz», diozue. Esaldi hori kañeroa da.
Bai. Letrak esplikatzen ez naiz oso abila, baina nik uste dut dela sentsazio bat: joaten garela betetzen esperientziekin, bizitzako gauzekin, gure gorputza gauzataz, mierdataz, eta azkenean horrek egiten digu halako barrera bat sortzea, izotz bloke bat, bizitzaren aurreko defentsa bat. Batzuetan hori puskatu egin behar da, baina puskatzea zaila da. Hausnarketa bat da nire buruarekin egindakoa, momentu horretan horrela irten zitzaidana.
«Guk beti, letrak ilunak izan edo ez, argi puntu bat eman nahi izaten diegu, ze gu ere horrelakoak gara: gustatzen zaigu esperantza puntu bat irekitzea»
‘Apurrak jaten’ kantuan jostari zabiltzate. Anaia Handiaz ari zarete. «Eskua luzatzen ikasi eta gero ahaztu», diozue. Zeresan handia ematen duen gauza da, asko hitz egiten delako elkar zaintzaz etabar, baina kontrakoa ere existitzen da.
Bai, hortik doa. Abestia oso grungeroa da, ‘nirvaneroa’, gure kuttunetako bat da. Agian sinplea delako eta uste dugulako zuzenekoetan potentea izango dela. Hor azkenean esaten dugu, ‘uso bat naiz apurrak jaten’.
Handitzen doan kantu bat da, eta gero leherketak datoz. Hori da zuen beste ezaugarrietako bat: kantu guztiek nonbait lehertu behar dute.
Bai. Eta saiatzen gara bi eratara lehertzen: batzuetan punkagoa da, zikinagoa, eta gero argitasun hori irteten da abesti gehienetan, eta honek ere badu hortik.
Esan daiteke ‘Erori’ kantua aurreko diskotik, ‘Hortz aina hots’, jarraikorrena dela soinu aldetik?
Nik uste dut badaudela bi linea bezala Ezpalaken. Bat izango litzateke ‘Lalalalala’ eta rollo hori, ‘Banpiroak’ eta ‘Berdin zait’, linea melodikoago bat, malenkoniatsuagoa agian, eta beste bat poperoagoa, izan daitekena ‘Itzala’ edo ‘Zu izan’. Bi linea horiek beti irteten zaizkigu, ez gara gu bila joaten, eta uste dut disko honetan irten zaigula guk edan dugun musika hori edo badagoela eduki ditugun beste proiektuetako islada. Bi linea horiek sortzen zaizkigu eta ondo funtzionatzen digute biek, bai zuzenekoetan eta baita diskoetan ere. Momentuz eroso gaude bi gauza horiek lantzen; ezberdinak dira, baina elkar ongi osatzen dute.
Ez dugu esan lehen, baina ‘Apurrak jaten’-en ere badago arnasa hartzeko zati hori. Juanjo dezente ari da esploratzen bere kantatzeko modu ezberdinak.
Bai bai. Bera Ezpalaken sartu zenerako lehen diskoa egina zegoen eta nik uste dut disko ezberdinena dela, kantatzeko eran eta guzti. ‘Kolpatu’-tik aurrera joan da bere lekua bilatu eta eroso sentitzen. Aurreko diskoan, adibidez, pixka bat goian geratu zitzaizkigun abesti batzuk eta gero zuzenekoetan nekatu egiten zen, eta disko honetan saiatu gara pixka bat beherago bilatzen bere lekua, orain ikusiko dugu nola aguantatzen duen [barreak]. Bera arduratzen da gehien kontu horrekin... autoexijentea izatea putada bat da.
‘Dena Okey’-en, baxuaren zama dago.
Bai, estribilloan hartzen du pisua eta handitu egiten da abestia. Gure kantu guztietan baxua garrantzi handiko instrumentua da eta agian disko honetan entzuten da gutxien, diskotik diskora bestelako elementu batzuk probatzen saiatzen garelako.
Gitarrarekin xehetasunak gehituz zoaz kantu honetan; beti zerbait gehitzen.
Normalean lehenengo ideiak dira ia denak. Ni ezagutzen nauenak, grabatzen eta, badaki lehen hartualdien zalea naizela, maketetako gauza asko erabiltzen ditut.
Grabatzen duzu, baina gero zuzenean dena kontrolatzea, pedal bakoitza noiz zapaldu etabar gogoratzea…
[Barreak] Nik askotan gehiago entsaiatu behar izaten dut pedalen kontua gitarra jotzea baino. Hor badago pedal dantza pixka bat, bai, ze gainera saiatzen naiz diskoan dauden konponketa denak egiten. Ezin ditut denak egin, noski, baina konponketa garrantzitsu guztiak bere soinuarekin egiten saiatzen naiz zuzenekoetan ere, eta pedal asko dago hor bai. Zortez, lanketa handia egin dut pedaleran eta konplexutasun horren barruan nahiko ‘sinple’ dut dena, nahiko eroso ibiltzen naiz. Ez naiz asko liatzen, bariante asko badaude ere, kantu bakoitzean ibiltzen joaten naiz.
‘Lo nago’ kantuak beste energia bat du. Abiaduraz, ez dakit horren kanta azkarrik egin duzuen inoiz.
Agian azkarrena da, bai. Ahal genuen zikinen grabatu genuen.
Zikintasuna bilatzea erraza da?
Puntua hartua diogula uste dut: oso zikina izatea baina ondo ulertzea zer ari garen jotzen. Gero, egia da kanta bakoitza ikusi behar dela eta nahasketa ez dela erraza izaten, ahotsa atera, dena ulertzea… Lan zaila da baina moldatzen gara.
Kantu honen irakurketa ezberdinak egin daitezke: sistemaren aurrean lo dagoen jendeaz ari daiteke, edo erlazio toxiko batetaz.
Gustatu egiten zaigu letrak irekita uztea, norberak bere egin ditzan eta bakoitzari lagun diezaioten bere erara. Bakoitzak eramango ditu bere eremura eta interpretatuko ditu bere erara, eta hori polita da.
Kantuaren bukaera aldaera bada zuek ezaugarritzen zaituzteten beste elementu bat: pedal berezi bat, octavizer-a, eta nola dagoen ajustatuta.
Guk Grisesen asko erabiltzen genuen, eta bada soinu bat nik oso sartua dudana. Asko erabiltzen dut, igoera horiek egiteko etabar.
Diseinuari begira, Julia Urreagaz mintzatu behar dugu. Rural Zombiesen ibilia, Aizarnakoa. Bitxia egin zait.
Berak diseinua ikasi zuen eta horretara dedikatzen da. Herbehereetan bizi da egun. ‘Nola ahaztu’ bideoklipa grabatzera joan ginen egunean bururatu zitzaigun ‘Gatza’ izena eta baita ere Juliari proposatzea diseinua egiteko. Juliak badu estilo oso berea, soila eta iluna, disko honetarako genuen ideiarekin bat zetorrena, eta berak ere gustura onartu zuen proposamena. Beraz denak pozik. Beti gustatzen zaigu lagunez inguratzea lan egiterako orduan, eta zortez lagun asko ditugu bideoak eta diseinuak egiten dituztenak, eta onak direnak gainera.
«Gitarra jotzea baino gehiago entseatu behar izaten dut pedalen kontua. Badago pedal dantza pixka bat, diskoan dauden konponketa denak egiten saiatzen bainaiz»
‘Ezin ase’ kantuko introan bada sinte bat asko gustatu zaidana, oso sotila. Kantuan zaratatxo asko dago. Puzzlea egitea ez zen erraza izango.
Kantu honetan gehien kosta zitzaiguna egitura eta ahotsaren puzzle hori osatzea izan zen. Abestia agian da guri, jotzerako orduan, ezberdinenetakoa egiten zaigunetako bat. Agian badu Smashing [Pumpkins] puntu bat, 2000. urteetakoa, erabilitako sampler batzuekin, pandereta loop-ak daude… Bi entzunaldi behar dituen abestia da. Niri beti gustatu izan zait, kantu bat entzutean, bigarren entzunaldian zerbaitetaz jabetzea. Geroz eta gutxiago gertatzen zait, orain teknikari entzumenarekin entzuten ditudalako diskoak, baina lehen, musika kontsumitzen nuenean unibertsitate garaian edo, kaskoak jarrita eta dena harrapatu nahian, kristorena izaten zen.
Azken kantuak ‘Bidegurutzean’ izena du. Erreferentziak badituzuela aipatu duzu lehen, eta sarean irakurria dut hemen Idles baino Idles-ago zaudetela. Ados zaude?
Bai, izan daiteke. Idlesen azkeneko diskoan jolastu zuten atmosfera batzuekin eta abiapuntu bezala guk Idles asko entzun dugun talde bat da, baita zuzenean ere. Eragina hor dago, baina beste mila talderena ere bai, 80, 90, 2000, elektronika… Smashing aipatu dugu, Depeche Moderen zalea ez naiz sekula izan baina halako pasarte batzuk baditugu, Juanjoren ahotsa ere ezberdina da, orain arte egin duena baino orru gehiago egiten duelako… Abesti hau hasieran ez zegoen diskoan. Beranduago etorri zen ideia: grabaketa bukatu genuenean Juanjok bidali zigun maketa bat eta galdetu zigun ea probatuko genuen elektronikarekin. Ondo geratzen bazen diskoan sartuko genuela erabaki genuen, proba egin eta lehenengoan asmatu genuen, baita letrarekin ere. Azkenean sartzea erabaki genuen, abesti ezberdina zelako eta disko ixteko polita.
Zigilu propioa atera duzue disko honetarako: Patana Records. Autoediziora pasa zaretela, alegia.
Froga egiteko gogoa genuen, gure kabuz egiteko gauzak, eta uste dut hau positiboa dela guretzat. Bi bide daudenean zaila izaten da aukeratzea, baina kasu honetan erabakia ez zen zaila izan. Nahiz eta Oso Politako etapan gauza onak egon ziren eta gustura egon ginen, iritsi zitzaigun momentua guk froga egin eta ekoiztekoa dena.