Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Multikulturalitatea islatzen duen ‘Desde las entrañas’ diskoa kaleratu du Mala Ruina taldeak

Donostiatik ekialdera bizitzeak badu periferiaren zera hori, are industrializatutako eremu batean sortzen bazara. Bada, horren isla da Mala Ruina taldea, Baix Llobregat eskualdeko rumba eta Inglaterrako punka uztartzen dituen taldea. ‘Desde las entrañas’ diskoa aurkeztu digute MusikHaria saioan.

Audio_placeholder

Multikulturalitatea islatzen duen ‘Desde las entrañas’ diskoa kaleratu du Mala Ruina taldeak

Loading player...
Oreretan sortutako Mala Ruina taldeak dantzan jarriko ditu Euskal Herriko bazterrak debuteko diskoarekin.
Oreretan sortutako Mala Ruina taldeak dantzan jarriko ditu Euskal Herriko bazterrak debuteko diskoarekin. (MALA RUINA)

‘Manchester txikia’ bataiatu dute beren abestietako bat Mala Ruina taldekoek, ez alferrik, Inglaterrako hiriarekin alderaketa egiteko modukoa baita haien sorterria, Orereta. Jon Ander Agirretxu, Oihan Astigarraga, Endika Loiola, Jon Mitxelena eta Mikel Zubiria dira taldea osatzen duten kideak eta aipatutako kantuaz gainera, beste zortzi ere kaleratu dituzte lehendabiziko diskoan. Horren inguruan aritu gara hizketan MusikHaria saioan taldekideekin.

Egunerokotasunean topatu ditzakegun gaiak jorratzen dituzte, zintzoki, barrutik eta benetakotasunetik Mala Ruinakoek. «Ahoko-soinua jotzen ikasi nuen eta horrekin zerbait egin nahi nuela argi neukan», aipatu digu Jon Mitxelena taldeko abeslari eta ahoko-soinu-jotzaileak. Gauzak horrela, bitxiena instrumentu hori rumba bezalako genero batekin nahastu dutela izan daiteke disko honetan. Baina, horrez gainera, punka, countrya, folk amerikarra edota rockabillya ere nahastu dituzte beren musikan. 

Langile kontzientziatik idatzitako hainbat abesti daude, tartean ‘Mi guerrera’, Mitxelenak bere amari idatzia eta Euskal Herriko emakume askoren irudia ekartzen diguna burura. Muir Estudioan grabatu dute guztia eta Iñaki Gonzalezek egin die diskoaren diseinua. Diskoa eskuratzeko, ordea, kontzertuetara jo beharko du nahi duenak eta, datorrena, ostiral honetan, maiatzak 23, Beasaingo Asti Tabernan izango da.

Atzetik etorriko dira Gaztañoko, Mendabiako Mala Nube Festeko, Azpeitiko, Madalenetako, Astigarragako eta Oñatiko kontzertuak. Udari hasiera emateko, txaloak jo eta dantzatzeko prestatu dadila jendea, beraz.

Jaurlaritza Logoa