Zuzenean

Oiartza Pampliega eta Marko Ganuza

Greziako kostaldeko badia liluragarriak

Bidaia perfekturik ez dagoela esaten da beti, baina perfekziora hurbiltzen den bidaia egiteko, Greziara joan behar da. Peloponeso, arkeologia guneak, Bouganbillaz beteriko herri xarmangarriak, edota Porto Kagio badia ederra topatuko dituzu bertan.

Audio_placeholder

Greziako kostaldeko badia liluragarriak

Loading player...
Greziako Mani eskualdeko herrixka
Greziako Mani eskualdeko herrixka (Oiartza Pampliega)

Olinpia arkeologi gunea leku aproposa da jainkosen neurrira egindako bidaiari hasiera emateko. Olimpiar jokoak sortzen ikusi zuen antzinako hiria da Olinpia, eta gainera, Zeus jainkoari eskainitako santutegi baten esparrua da. Olinpiar Jokoak hiri sakratuan egiten ziren bitartean, greziar hiriek euren arteko liskar eta borroka guztiak bertan behera uzten zituzten atletak eta nahi zuen oro joan zitezen. Hiriak bi tenplu doriar handi zituen: Zeusi eskainitakoa eta Hera emaztearena.

Horietaz gain, eraikin sekularrak ere eraiki ziren, hala nola, palestra: atletek entrenatzen zuten tokia edota estadioa. Azken hori leku sakratua zen, bertan egiten zirelako Zeus jainkoari eskainitako kirol-jarduerak.

Peloponesoko kostaldetik hegoalderantz jarraituz,  Pilos herritik gertu kokatuta dagoen Navarino badiaraino iristen da. Atentzioa ematen du badiak duen omega hizki perfektuaren fomak, itsasoa eta ondoko Julovako antzira bereizten laguntzen duena. Leku ederra da geldiune bat egiteko hondartzaren lasaitasunaz gozatzeko eta kosta egiten da irudikatzea hondar fin eta leunaz jantzitako gune horretan 1827an Navarinoko guda libratu zela, Greziako independentzia jokoan zegoela.

Navarinotik kilometro batzuetara Pilos dago. Pilos herri lasaia da, baina iluntzearekin batera bizitzaz eta zalapartaz betetzen da. Turista zein bertakoen topagunea den kaiaren inguruan terraza eta jatetxe ugari dago eta giro ederra sortzen da. Baina Pilosek bidaiariari eskeintzen dion gauzarik onena ez da berezkoa duen giroa edota edertasuna, Grezian bizi daitekeen esperientziarik harrigarriena baizik: Piloseko kaian dagoen Gregory 's tavern jatetxean ez dute afaltzeko karta ateratzen. Sukaldera pasatzera gonbidatzen dute bazkaltiarra eta sukaldariek platerak aukeratzeko eskatzen dute lapikoen tapak banan-banan altxatzen duten bitartean.

Grezian, Mediterraneoko herrialde askotan bezala, berandu oheratzen dira eta terrazak zein kaleak jendez betetzen dira. Unerik onena da Greziako Oúzo edari tipikoa dastatzeko. Mahats-bilketaren hondarrekin destilatutako pattar moduko bat da eta bertakoek hartzen duten eran hartzea gomedatzen da: ur pixka bat, izotzekin eta gazitutako albendola plater txiki batez lagunduta.

Peloponeson zehar bidaiarekin aurrera eginez, Metoni kokagune historikoraino iristsi gara. Metoni Veneziako portu zaharra da,  bertan otomandarrak eta frantziarrak lehorreratu ziren, herri bakoitzak bere aztarnaren zati bat utziz. Gaur egun, gaztelu ikusgarri bat du, itsasotik babesten duen harresiz inguratuta dago eta gainera eraikin multzo interesgarri batez lagunduta dago: hainbat hammam hondakin, eliza veneziar bat eta Bourtsi ikusgarria, besteak beste. Bourtsi izeneko eraikina, berez, turkiarrek gotortu zuten uhartetxoa da eta garai hartan zaintza-dorre, espetxe, itsasargi eta setioa gertatuz gero, azken babesleku gisa erabilia izan zen. Lekua historiaz beteta dago eta Greziaren oraina hobeto ulertzen laguntzen digu, horregatik eta bere edertasunarengatik, bisitatu beharrekoa da.

Gure ibilbideak hegoalderuntz jarraitzen du kostako errepideari lotuta. Kalamata zeharkatzean, gogora etortzen zaigu hiri horrek oliba ilun eta goxoei ematen diela izena eta afaltzeko prestatu daitekeen entsalada greziarra etorri zaigu burura, non feta gazta eta  kalamata olibak binomio bananduezina den.
Mani penintsula autokarabanaz gozatzeko Peloponesoko zonalde aproposa da, bertako paisaien edertasunagatik, basati eta malkartsuengatik exotikoa izatera iritsiz. Mani penintsula bi eremu handitan bereizten da: kanpoko Mani eta barneko Mani. Hala ere, bidean zehar ikusiko duguna ondo ulertzeko penintsula honen historia laburra ezagutu behar da: Agios Nikólaos herri txiki eta ederrean geldiune bat egitea merezi du. kanpoko Manin kokatuta dago eta penintsula honetako porturik politena dauka. Arrain fresko plater bikainak zerbitzatzen dituzten jatetxe hilara bat baino ez dago kaiaren inguruan. Herriko zaharrenak eserita daude itsasoari begira.

Porto Kagio gure azken geltokia da Peloponeson zehar egindako bidaian. Mani penintsularen hegoaldean kokatzen da eta zibilizaziotik ihes egin nahi duenarentzat leku aproposena da. Porto Kagio inguratzen duen kostaldeko paisaia muino idor garaiaz eta badiaz osatuta dago. Porto Kagio bera, badia urdin batean kokatuta dagoen herri txiki isolatua da. Iristerakoan, bidaiaria gehien harritzen duena zera da: alde batetik,   herrixka hau osatzen duten etxe hilarak ia hondarraren gainean eraikita izatea. Bestetik,  herria aldetik aldera autoz zeharkatzeko hondarraren gainean igaro behar izatea.

Grezian badia ederra deskubritu eta gero Euskal Herrira itzuliko gara bertako badiarik ederrenetarikoa bisitatzeko. Etxetik gertu hamaika plan egiteko aukera ematen duen leku zoragarria da: Pasaiako badia. Ezagutzeko modurik onena San Juan kale nagusitik paseatzea da. Ibilbideak bertako arkitektura eta historia ezagutzeko aukera ematen du, bai eta inguru haurtako plan bikainak.

Jaurlaritza Logoa