Zuzenean

Iraia Cambra | Peli Lekuona

«Osasun itunaren helburua Osakidetzaren arazo larriak estaltzea ari da izaten»

Osasun Ituna Osakidetzaren «arazo larriak» konpontzeko baino «herritarrak baretu eta normaltasunaren itxura emateko» baliatzen ari dela salatu du Esther Saavedra ELAren Osakidetzako bozeramaleak NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Osasun itunaren helburua Osakidetzaren arazo larriak estaltzea ari da izaten»

Loading player...
Esther Saavedra, ELAko bozeramailea Osakidetzan.
Esther Saavedra, ELAko bozeramailea Osakidetzan. (Endika Portillo | Foku)

Zortzi hilabeteko lanketa darama dagoeneko Lakuako Gobernuak sustatu duen Osasun Itunak, kritiko agertu da lehen unetik ELA sindikatua eta azken astean jarrera hori berretsi du. NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan, Esther Saavedra ELAko ordezkariak salatu du Itunaren helburua «herritarrak baretu eta normaltasunaren itxura ematea» dela, baina egoerak ez duela hobera egin. «Benetako neurriak ez dira mahai gainean jarri, eta, zoritxarrez, denborak aurrera egin arren egoerak okerrera egin du».

ELAren arabera, Osakidetzak hainbat arazo egiturazko ditu: Lehen Arretan urtean 180 eguneko murrizketak eta itxierak daude, 1.641 lanpostu daude bete gabe, eta langileen %58 behin-behinekoak dira. Aldi berean, osasungintza pribatura bideratutako baliabide publikoak %11,5 hazi dira azken urtean.

Horregatik, sindikatuak dio Osasun Itunaren mahaian parte hartzen duten sindikatu eta eragileek Eusko Jaurlaritzaren estrategiarekin bat egiten dutela, eta egoera honen larritasuna «ezkutatzen» laguntzen dutela. «Mahai sektoriala da egiazko akordioak lantzeko espazioa, baina edukirik gabe dago. Itxuraz negoziatzen ari dira, baina neurri zehatzik ez da hartzen», Saavedraren esanetan.

Lan-eskaintza publikoak eta pribatizazioa

Lan-eskaintza publikoen inguruan ere kezka agertu du ELAk. Sindikatuaren arabera, urtean 1.000 bat erretiro izaten dira Osakidetzan, baina Lan Eskaintza Publikoek ez dute erritmo hori estaltzen, eta horrek behin-behinekotasuna betikotzen du.

Halaber, pribatizazioaren aurrerapena ere salatu du sindikatuak. Sindikatuak dio zerbitzuak kanpora ateratzen direla eta gero eta ohikoagoak direla pazienteen deribazioak zentro pribatuetara, «gardentasun gutxirekin eta kontrolik gabe». Bozeramaileak adierazi duenez, «Osasun publikoa indartu beharrean, baliabideak pribatura bideratzen dira. Egoera hau aldatzeko borondate politikoa behar da, eta neurri ausartak hartzea».

Egoera honen aurrean, ELAk galdera zuzena luzatu die Osasun Itunean parte hartzen duten sindikatuei, alderdi politikoei eta gainerako eragileei: «Benetan eta errealitateari begiratuz, zer-nolako eragina izango du honek Osakidetzan?»

Jaurlaritza Logoa