Zuzenean
«Ez daukagu elikagairik eta laguntza behar duten 17.000 pertsona daude gaur egun Gipuzkoan»
Biltegiak hutsik dituzte elikagaien bankuek, hala salatu dute hainbat herrialdetako ordezkariek. Gipuzkoako kasua azaldu du Juanjo Amunarriz kideak NAIZ Irratian: «Lehenengo aldia da hau gertatzen dela». Astebururako bilketa berezia iragarri dute.

«Ez daukagu elikagairik eta laguntza behar duten 17.000 pertsona daude gaur egun Gipuzkoan»

Alerta mezua zabaldu dute aste honetan hainbat herrialdetako elikagaien bankuek. Gipuzkoaren kasuan larrialdiko bilketa iragarri dute 78 establezimendutan. Juanjo Amunarriz Elikagaien Bankuko kidearen esanetan, egoera oso larria da: «10 urte daramatzat hemen, eta lehenengo aldia da horrelako zerbait gertatzen dela. Ez daukagu elikagairik banatzeko, eta laguntza behar duten 17.000 pertsona daude gaur egun Gipuzkoan».
Egoera honetara iristeko hainbat arrazoi izan dira: elikagaien prezioaren gorakada nabarmena, supermerkatu handien dohaintzen jaitsiera eta Europako laguntzetan egindako aldaketa, besteak beste. «Lehen elikagaiak jasotzen genituen Europar Batasunetik; orain, diru-txartelen bidezko laguntza dator, baina baldintza zorrotzak bete behar dira, eta familia askok ez dute horretarako sarbiderik».
2024ko lehen hilabeteetan 450.000 kiloko defizita pilatu dute, eta horrek eragin zuzena izan du bai jasotzen diren produktuen kopuruan eta baita diru-laguntzen eta herritarren ekarpen ekonomikoetan ere. «Jendeak oraindik ematen du, baina lehen euro batekin bi produktu erosi zitezkeen; orain, bakarra», dio Amunarrizek.
Olioa, esnea, pasta eta haurrentzako elikagaiak
Bilketan, elikagai guztien beharra dago, baina «bereziki premiazkoak dira olioa, esnea, pasta eta haurrentzako elikagaiak». Boluntarioak ere ezinbestekoak dira, nahiz eta uda aurreko sasoiak zaildu parte-hartzea. «Iaz 42 dendatan bildu genuen, eta aurten 78 dira. Ea jasotakoa ere bikoiztu ahal dugun. Gipuzkoarrek beti eman dute erantzun ona», azpimarratu du.
Egoera honen aurrean Elikagaien Bankuak deia egin du: elkartasuna pizteko unea da, egoera latza izan arren, itxaropena ez dute galdu.