Zuzenean
«Elkarren bide musikalaren berri bagenuen, eta duela urte batzuk arrazoi nahikoa bildu ziren elkarrekin talde bat sortzeko» kontatu digure Aner Hernandez eta Beñat Igerabide musikariek. Beraz, indarrak batu, eta sormen lanetan hasi ziren. Menturan taldeak 2022an kaleratu zuen bere lehen kanta. Ordutik, kantu bat argitaratu du urtero.
Izan ere, kontatu digute patxadaz bizitzeko proiektu bat sortu nahi zutela. Aurreko proiektu azkarragoetan egon ondoren, lasai eta eroso lan egiteko beharra topatu, eta hura hartu dutela gidari. Kantuak eta ideiak sortzeko garaian, funtzionatzeko era berezi bat dute. «Anerrek kanta gehienak konposatzen ditu, berak ideiak ekartzen ditu eta kasu askotan nahiko osaturik». Ondoren, Beñatekin batera landu eta bere estudioan grabatu eta ekoizten dituzte kantuak.
Azken aldian, ZEID Fest Gazteako maketa lehiaketan ikusi ditugu. izan ere, bertan irabazle izan, eta festibal egunean kontzertu bat jotzeko aukera izan zuten. Hura izan zen taldearen lehen kontzertua. Azkar batean errepertorio bat prestatu eta bertara joan ziren aurkeztera. «10 egun izan genituen zuzenekoa prestatzeko». Hori izan zen lehenengoa, baina egongo dira gehiago etorkizunean.
«Menturan ez da izango bakarkako proiektu bat sekula». Hori argi dute. Eta denboraz eta lasaitasunez lanean jarraitzeko gogoz daudela kontatu digute. Beraz, izango dugu ziur haien berri etorkizunean.