Zuzenean
Estreinako EPa 2016an kaleratu zuen Hostoak proiektuak, ‘Estepako otsoa’ deituriko lana. Hura kaleratu, zuzeneko batekin segi eta soinu banden unibertsoan murgildu zen gerora Olmo Cascallar taldeko gidari, gitarra-jotzaile eta efektuen arduradunak.
Tiraderan ehunka abesti izaten dituzte sortzaileek eta horietatik hamabi ondu eta ‘Ostera’ diskoan grabatu dituzte orain Lezoko Txerrimuño eta beren trastelekuaren artean. Hau da, entzuten den guztia berek grabatu, nahastu eta masterizatu dute, etxe giroan.
Metalaren unibertsoko kolore ugari sartu dituzte diskoan, batzuetan garbiago eta melodikoago, pisutsuago eta gordinago besteetan eta disonante eta esperimentalago hurrengoan. Trashetik hasi eta post-hardcorerainoko espektruan barrena bidaiatzeko aukera ematen digu Hostoak taldeak.
Ekologiaren aferak, osasun mentala, 36ko Gerraren pasarteak, sare sozialak edota haur kantak dituzte beren letren bueltan eta osotasunean emaitza zinez interesgarria dela esan dezakegu. Zuzenekoekin ere hasita daude, baina udazkenari begira etorriko dira gehiago. Bitartean, elkarrizketa entzunaz haien unibertsoan murgiltzeko aukera luzatzen dizuegu goiko aldean entzuteko klik eginda.