Zuzenean

Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Alba Menendez
Bera Berako kapitaina

«Ez dut pentsatzen biharkoa azken partida izan daitekeenik etxean»

Alba Menendez azken txanpa bizitzen ari da Bera Berarekin, baina kapitainak ez du agurrik buruan. Bihar Malagaren aurka jokatuko duten finalerdietako joanekoan errenta handiena bilatu nahi dute, honela finalera gerturatu, «eta zergatik ez, ibilbidea amestutako hamargarren tituluarekin borobiltzeko».

Audio_placeholder

«Ez dut pentsatzen biharkoa azken partida izan daitekeenik etxean»

Loading player...
Alba Menendez eta Esther Arrojeria, Bera Berako jokalarien agerraldia, eskubaloia utziko dutela jakinaraziz.
Alba Menendez eta Esther Arrojeria, Bera Berako jokalarien agerraldia, eskubaloia utziko dutela jakinaraziz. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ez da dena egun batetik bestera amaitzen. Bai, jakitun da asteazkenekoa izan daitekeela bere azken partida etxean, baina ez du horretan pentsatu nahi Alba Menendez Bera Berako kapitainak. Lasaitasunez bizi du momentua: «Ez daukat buruan asteazkenekoa azkena izan daitekeenik. Horrek lasaitasuna ematen dit. Agian emozioak etorriko dira biharko egunean, baina momentuz oso lasai nago».

Malagaren aurkako partida guztiak bereziak direla azaldu du zarauztarrak, eta aurten Ligan ez dute talde andaluziarra garaitzea lortu. «Badakigu han irabaztea oso zaila dela. Beraz, hemen etxeko lanak ondo egitea eta ahalik eta errenta handiena eramatea garrantzitsua izango da», dio Menendezek.

Partida gehiago, minutu gehiago, eta Europako borrokek utzitako nekea aurtengo denboraldian, baina kapitainak badaki ilusioak oinaze fisikoa estaltzen duela: «Fisikoki nekea sumatzen da, baina horrelako partiduetan gogoa eta ilusioa gehiago tiratzen dute».

Hori bai, bidaia ez du bakarrik amaituko, Esther Arrojeriarekin batera emango dio amaiera ibilbide profesionalari, eta horrek emozio berezia eragiten dio: «Urte asko daramatzagu batera, titulu asko eta bizipen asko. Berezia da bakarrik ez joatea, eta laguntzen du Estherren eskutik egitea».

Eskubaloitik urrunduko da, baina ez klubetik. Bera Berarekin lotura estua mantenduko duela argi dauka:
«Zaletu eta abonatu moduan jarraituko dut. Orain afizionatu bezala bizitzeko gogoz nago, eta zortea dugu datorren urtean Kopa etxean dugula. Hori zaletu gisa bizitzea ere ederra izango da».

Eta bide horretan, kapitainaren aztarna ez da berehala desagertuko: izan izandako eredua, transmititutako balioak eta gozatutako uneak geratuko dira.

Jaurlaritza Logoa