Zuzenean

Euskaraldiaren laugarren edizioa martxan da eta, aurten ere, ehunka herritan milaka lagunek hartu dute parte ahobizi edo belarriprest roletan. Hamaikako Orokorreko kideetako bat da Lutxo Egia, ahobizi moduan ari da, «lehen hitza euskaraz ematen saiatzen naiz beti, batez ere ezezagunekin. Bilbo bezalako leku batean, ordea, hori ez da beti erraza».
Egiaren ustez, Euskaraldiaren benetako indarra ez dago soilik erabileran, hausnarketan baizik: «Ariketa honetan sartzeak galdera batzuk egiteko balio du: Zergatik egiten dut? Zer ematen dit? Zein da nire eguneroko portaera?».
«Erdalduna euskaldunak sortutako subjektua da. Paradoxa da erdalduna dela bere hizkuntzan eroso bizi dena eta euskalduna ez dela gai euskaraz bizitzeko»
2015ean ‘Transitoak’ izeneko arte ekintza egin zuen Bilboko kaleetan, hizkuntzaren erabilerari buruzko performance gisa, «orduan probokazioa zen helburu, baina gaur egun ere antzeko galderak ditugu mahai gainean», bere esanetan, «erdalduna euskaldunak sortutako subjektua da. Eta paradoxa honakoa da: erdalduna da bere hizkuntzan eroso bizi dena eta euskalduna ez da gai euskaraz bizitzeko askotan».
Elkarlana eta tresna
Euskaraldiaren tokian tokiko batzordeen lana ere azpimarratu du Egiak. Hala ere, Bilbon antolaketa gehiago beharko litzatekeela uste du: «Gustatuko litzaidake aurretik elkarlana gehiago izatea euskalgintzako eragile guztien artean. Ez da beti erraza, baina beharrezkoa da».
Egiak Euskaraldiak tresna gisa duen indarra ere aldarrikatu du: «Administrazioaren ardura da egiturazko neurriak hartzea, baina ariketa kolektibo honek ikusgarritasuna eta hausnarketa ematen dizkio euskarari. Eta hori, dagoeneko, ekarpen handia da».