Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Aurrera doa Heitxiren ‘Berreraikitze aroa’

Otsailaren 27an kaleratu zuen bere estreinako diskoa Heitxik, ‘Berreraikitze aroa’ izenarekin. Eider Etxeandia da proiektu hau aurrera atera duen musikaria Gaua Estudioko kideen laguntzarekin. Hamar kantu ditu lanak eta guztien inguruan aritu gara MusikHaria saioan.

Audio_placeholder

Aurrera doa Heitxiren ‘Berreraikitze aroa’

Loading player...
Elektronika eta trikitiaren mundua modu dantzagarrian uztartu ditu Heitxik estreinako diskoan.
Elektronika eta trikitiaren mundua modu dantzagarrian uztartu ditu Heitxik estreinako diskoan. (Iratxe ETXEANDIA)

Eider Etxeandia ez da hasiberri horietakoa musikaren mundu honetan, baina Heitxi proiektua badabil bere hastapenetan. Lehendabiziko lana kaleratu berri du zornotzarrak, ‘Berreraikitze aroa’ eta horretarako Gaua Estudioko Oihan Moreno eta Iker Villaren laguntza izan du, baita Xabi Bengoa eta Markel Arevalorena ere.

Elektronika eta trikiti mundua uztartu ditu Heitxik bere diskoan, deep-house, EDM eta trikiti doinuak nahastuz horretarako. Egia da tex-mex munduko kantu klasikoagoren bat edota folka eta elektronikaren elkarketa ohikoagoren bat ere badituela abestien artean, baina apustua dantzari begira egin du argi eta garbi. Gainera, zuzenekoetan hori ere ikusi daiteke, dantzari eta guzti igotzen baita oholtzara Heitxi.

Betaurreko moreak jantzita ulertu behar da diskoa, begirada hori oso presente izan baitu abestiz-abesti zornotzarrak eta kolaborazioetan hori ere argi geratu da, Ines Osinaga eta Lide Hernando ‘Bele’ izan baitira diskoan parte hartu duten abeslariak. Edizio fisiko zaindua kaleratu du, abesti bakoitzari bere txarteltxo propioa eginaz eta horietan Maialen Arteagaren testuak eta Lua Buronen ilustrazioak eskuratuko ditugu abestien hitzez gainera. 

Zuzenekoak ematen hasia dabil diskoa kaleratu zuenetik eta, datorrena, maiatzaren 21ean, asteazkenarekin, izango da Bilboko BBK Aretoan, iluntzeko 20:00etan. Sorpresaren bat edo beste izango dela aurreratu du Heitxik, beraz, aukera ona izango da Bilbokoa ‘Berreraikitze aroa’ zertan den ikusteko.

Jaurlaritza Logoa