Zuzenean

NEREA:
Egun on, Ander.
ANDER:
Baita zuri ere, Nerea.
NEREA:
NAIZ Irratia entzuten egon naiz. Ba al dakizu zer esan duten?
ANDER:
Festa egiteko gaur! Munduaren bukaera bihar goizean gertatuko da!
NEREA:
Ez, ez, ez dira hain katastrofistak izan. Baina zientzialariak kezkatuta daude, planetaren muga biofisikoetara iristen ari garelako.
ANDER:
Zer esan nahi du horrek? Bukatzear daudela mineralak, gasa, petrolioa, materiak, lehengaiak? Ia-ia ustiatu ditugula lurreko aberastasun guztiak?
NEREA:
Bai. Gutxi-asko horixe da arazoa. Mundu osoko herrialde guztiek etengabe hazi eta modernizatu behar baldin badute, planetak muga batzuk dauzka. Eta halako batean ezin izango dugu gehiago esplotatu.
ANDER:
Geure ekonomiaz eta bizitzeko moduaz hausnartzen hasi beharko dugu, beraz.
NEREA:
Alternatiben bila hasteko garaia da. Ezin gara ilargiari begira geratu, hemen ezer gertatzen ariko ez balitz bezala.
ANDER:
Nik etxean argia pizten segitu nahi nuke, garbigailua jartzen, ordenagailua erabiltzen, sukaldean bazkaria prestatzen. Eta ur berorik ez dadila falta! Hori oinarrizkoa da niretzat.
NEREA:
Hazi eta hazi, eta kontsumo mugarik gabe jarraitzea ez dela posible uste dute batzuek. Beraz, hazkundearen ordez, desazkundea proposatzen hasi dira.
AUDIOA-AITZIBER SAROBE
NEREA:
Aitziber Sarobe natur kontserbazionistaren iritzia da irtenbideak pentsatzen hasi beharra daukagula.
ANDER:
Bai, argi esan du: «Gu geu pertsona bezala eta herri bezala blokeatu gabe».
NEREA:
Subjektua adierazteko formula berezia erabili du: gu geu. Konturatu zara errepikapen moduko bat egin duela pertsona izenordearekin: aurrena gu, eta segidan geu.
ANDER:
Formula errepikatu horri deitzen zaio izenordain indartua. Gisa horretan intentsitatea ematen zaio pertsonari edo, kasu hionetan, subjektuari.
NEREA:
Pertsona izenordainak dira ni, zu, gu, zuek... Horiek dira arruntak.
ANDER:
Hirugarren pertsona adierazteko forma diferenteak dauzkagu: hau, hori, hura singularrean; eta pluralean dauzkagu: hauek, horiek, haiek.
NEREA:
Pertsonen izenordain horiek erabiltzen ditugu normalean. Baina noizean behin pertsona bat indartu nahi izaten dugu: ekintza egiten duena pertsona, ekintza jasaten duen pertsona… Eta, subjektuaren kasuan, esaten dezaket: «Nik neuk nahiago dut hegazkinez bidaiatu».
ANDER:
Zu zeu moldatuko zara nahi duzun moduan, baina ez al da ekologikoagoa trenez joatea?
NEREA:
Ni neu bizikletaz ibiltzen naiz beti herrian, urte osoan, automobilik sekula hartu gabe. Baina oporretan gustatzen zait uharteren batera joatea.
ANDER:
Zuk zeuk ikusiko duzu zer egin zeure bizitzarekin, baina den-denok ezin izango gara hegazkinez uharte horretara oporretan joan.
JOKIN ALDAZABAL
NEREA:
Jokin Aldazabal ekologian eta energian aditua da. Eta argi esan du honek ere, aldaketa geure borondatez egin behar genukeela.
ANDER:
«Nire auzoa, zure etxea, gure herria» esaten dugu. Baina noizean behin era berezian esaten dugu «neure gorputza” edo “geure bizimodua».
NEREA:
Forma horiek nola erabili behar diren araurik ba al dago?
ANDER:
Esaldiaren zatirik garrantzitsuena izenordaina denean, izenordaina errepikatzen denean eta beste kasu batzuetan hartzen dugu, adibidez: «Neuri gertatu zait istripua” (eta ez beste inori), «zuek zeuen bidea aukeratu behar duzue». Baina, Euskal Herriko alderdi batzuetan ez dago ohiturarik indargarri mota horiek erabiltzeko.
NEREA:
Guk erabiltzen dugu. Adibidez: «Geure automobila eramango dugu». Esaldiko aditzean gu pertsona sartuz gero, ohitura daukagu erabiltzeko neure gauzak, edo geure ideiak, edo zeure kontuak, edo zeuen asmoak.
ANDER:
Nire bizikleta eramateko, ba al duzue tokirik zeuen autobusean?
NEREA:
Geure planak eginda ditugu: oinez joango gara tren geltokira, eta hirian ibiltzeko bizikletak alokatuko ditugu han.
ANDER:
ZER IKASI DUGU GAUR?
NEREA:
Ikasi dugu zer diren pertsona izenordain indartuak.
ANDER:
Izenordain indartu horiek dira: neu, geu, zeu...
NEREA:
Subjektua indartzeko garaian errepikapen moduko bat egin ohi dugu: «Nik neuk ez daukat alternatibarik». Edo errepikapenik gabe: «Zeuk ikusi energiaren erabilera nola murriztu».
ANDER:
Neure aldetik ez dut gehitzeko ezer.
NEREA:
Bihar arte, orduan.