Zuzenean

Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Iñaki Artola
Baikoko pilotaria

«Ez dut nire burua faboritotzat jotzen, hori pentsatzea akatsa litzateke»

Iñaki Artola bere unerik berezienen atarian da. Aitatasuna ate joka duela, amets bat du: 2021ean lesio batek txapela borrokatzetik kanpo utzi zueneko arantza guztiz kentzea. Momentu hura, «presio iturri izatetik motibazio iturri izatera» pasatu dela adierazi du alegiarrak NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Ez dut nire burua faboritotzat jotzen, hori pentsatzea akatsa litzateke»

Loading player...
Iñaki Artola Peio Etxeberriaren aurkako partidan.
Iñaki Artola Peio Etxeberriaren aurkako partidan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Gauza asko ditu kudeatu beharra Iñaki Artolak. Berandu baino lehen aita izatera doa, eta aurrean bere bizitzako partidarik garrantzitsuenak jokoan. Igande honetan, Gasteizko Ogueta pilotalekuan, Iker Larrazabalen aurka izango du jokoan final handirako txartela, eta «ilusioz beterik» iristen da hitzordu garrantzitsura. NAIZ Irratian izan da Baikoko pilotaria.

2021ean finalerako txartela merezimendu osoz lortu zuen, baina lesio batek hau jokatzetik galarazi zuen. Orain, aukera berria du, eta iraganeko zauria indar bihurtu du: «2021eko arantza presio iturri izatetik motibazio iturri izatera pasatu da». Baikoko pilotariak aitortu duenez, aurreko esperientzia gazi-gozo hura ez du burutik kendu, baina ahalegindu da alde onetik hartzen: «Geratzen zen helburua betetzear dago, eta horrek asko motibatzen nau».

Aurkariari dagokionez, Larrazabal ez du arin hartzen Artolak, nahiz eta berak esperientzia handiagoa izan halako partidetarako. «Ez dut nire burua faboritotzat jotzen, hori pentsatzea akatsa litzateke», dio, eta errespetuz mintzatu da gaztearen mailaz: «Kanpotik harritu dezake, baina gu barrutik gertu gaudenok badakigu zenbat jokatzen duen».

Finalaurrekoarekin bat eginda, aitatasuna ate joka du Artolak, eta egoera hori ilusioz baina burua hotz hartzen saiatzen da: «Zorionez albiste on bat da, eta horrek lagundu ere egin dezake». Txapelaren bila doala, beste bizitza baten etorrera ere noiznahi gerta daiteke. Bi frontetatik datorren emozioa bere alde bihurtzen saiatuko da.

Binakako finala jokatu zenuen. Orain Buruz Buruko finalerdietan zaude. Momentu onean sentitzen al zara?

Egia esan, bai. Jarraitutasuna duzunean eta bi asteaz behin partida bat jokatzen ari zarenean, pilotari batentzat ibilera onena da, jokoa hartzen zoazelako, kantxan pixkanaka konfiantza hartzen eta egokitzen zoazelako. Binakako Txapelketaren hasieratik gaur arte lortu dut etenaldi gutxi izatea, eskuak ere errespetatzen ari dira eta faktore garrantzitsua izaten da guretzat. Gozatzen ari naiz kantxan. Orain bolada polita dugula dirudi, eta ea luzatzen den.

Igande honetan Gasteizen izango zaitugu Larrazabalen aurka. Ezusteko galantak eman ditu.

Kanpoko jendea edo pilota pixka bat urrutiagotik jarraitzen dutenentzat sorpresa handiagoa izan da oso barruan gabiltzanontzat baino. Entrenamenduetan aspalditik erakusten ari da. Niri behintzat tokatu zait ikustea zenbat jokatzen duen Ikerrek. Oso indartsua da gaztea. Ematen du geratzeko etorri dela, eta nire sorpresa izan da ni baino izen handiagoa duten pilotariei irabazi diela. Horrek garbi erakusten du niri irabazteko ere gai izan daitekeela. Nik neure onena eman beharko dut, irabazi nahi badiot.

Faborito etiketa zuri dagokizu. Partida tranpa samarra izan al daiteke?

Nik ez dut faboritismo hori asko sentitzen. Agian jendea galdu zuen azkeneko partidarekin geratu da, baina hori bai izan zela partida tranpa. ‘Ezer’ jokoan ez dagoen partida horietan tentsioa ez da berdina izaten, eta aurrekari bezala ez du asko balio. Nik aintzat hartzen ditudan partidak aurretik jokatu zituenak dira. Ezkurdiari, Altunari eta Dariori irabazi zien. Horietako bakarrari irabazi izan balio, akaso egun solte oso on bat zela esan zitekeen, baina hirurei irabaztea ez da kasualitatea. Gainera, aurten Lehen Mailan jokatu du iaz Bigarren Mailakoa irabazi zuelako, eta Bigarren Mailan Agirreri irabazi zion finala. Akats ikaragarria litzateke, joango banintz pentsatuz faboritoa naizela eta erraz irabaziko dudala.

Zer Larrazabal espero duzu, debutariaren zama izango duena edo batere presio gabe jokatuko duena?

Ez da jakiten besteen berri, eta nik argi dudana da neronek zer jarrera eraman nahi dudan: kontziente izan zer dagoen jokoan partida horretan, ilusio horrekin eta lanerako jarrera horrekin joan behar dut. Motibazioz eta gogoz, eta hortik aurrera nirean zentratu.

2021ean ezin izan zenuen finala jokatu lesio baten ondorioz. Arantza kendu duzu?

Arantza nahiko aterata sentitzen dut. Ahaztu ez zait egiten. Lortu nuen buelta ondo samar ematea eta pixka bat arantza edo presioa izatetik motibazio iturri izatera pasatu nuen. Sentsazio bat geratu bazitzaidan, hori izan zen segitu behar nuela saiatzen, helburu hori oraindik lortzeke geratzen zelako. Asko motibatzen nauen helburu bat da. Oso zaila izango da. Hitz handiak dira, Buruz Buruko final bat jokatzea edo txapel bat lortzea, baina sinistu beharra dago. Orain dagoena baino urrutiago egon da; beraz, gure esku dagoena jarri eta ea ateratzen den.

Orduan Altuna bizilagunaren aurka jokatu behar zenuen. Aurten ere hori gerta liteke...

Lehenik eta behin, nik iritsi behar dut [barrez]. Pilota mundu txikia da eta denok dugu harreman ona. Adibidez, dudarik ez dago nik Jokinekin harreman estua eta berezia izan dudala betidanik; oso gertukoa izan dut. Azken urteetan Lasorekin entrenamenduetan elkarrekin ordu asko pasatu ditugu, botilero Jon Mariezkurrena daramat, elkarrekin jokatu dugu azken Binakakoa... Onenak irabazi dezala, baina, paper batean idatzi beharko banu final bat nolakoa nahiko nukeen, ez dago dudarik Jokinen aurka ilusio berezia egingo lidakeela, badakidalako inguruan giro berezia sortuko litzatekeela.

Aita izatera zoaz. Honek, noski, nahi gabe ere baldintzatzen zaitu txapelketarako. Nola kudeatzen ari zara?

Une berezi bat da, baina egia da askotan beste gauza potoloak kudeatu behar dituzula partida garrantzitsu bat jokatu behar duzunean. Eta oraingoa, behintzat, gauza on bat dela sentitzen dut, ilusioa ematen duen gauza bat, eta alde horretatik ez dago aitzakiarik. Kezka puntu batekin ere bai; igande arratsalde horretan bertan gertatzea kasualitate handia litzatekeela iruditzen zait. Geroxeago baldin bada, deskantsatuago joango naiz; eta lehenago bada, ilusio eta poz galantarekin. Horrek askotan lagundu egiten du ondo jokatzen. Ea aldeko indar bihurtzea lortzen dugun.

Jaurlaritza Logoa