Zuzenean

Bigarren Kafea

«Loratzeko espero ez dituzun espazioak aldarrikatu nahi ditut»

Hilabete batzuk pasa dira Janus Lesterrek 'Lore' izeneko diskoa kaleratu zuenetik. Lanaren harrera dastatzeko eta arnasteko tarte bat izan ondoren, Bigarren Kafeko elkarrizketa akustikora etorri da Jokin Pinatxo. 

Audio_placeholder

«Loratzeko espero ez dituzun espazioak aldarrikatu nahi ditut»

Loading player...
Janus Lester
Janus Lester (Bigarren Kafea)

Aurreko urteko amaieran argitaratu zuen Janus Lesterrek 'Lore' diskoa. Hilabeteak pasa dira diskoa kalean denetik, eta jendearen erantzuna nabarmena izan da. Bai diskoak izandako harreran, eta baita kontzertuetan ere. Janus Lesterrek jendearekin konektatu eta proiektua finkatzea lortu du bigarren lan honekin. 

«Ahultasun eta esperantza bezalako loturak agertzen dira diskoan, eta konturatu nintzen ondo egotearen bila, ondo egoteko espazioetara jotzen dugula, baina batzuetan espazio horiek bihurtzen direla espero ez zenituen batzuk» aitortu digu Jokin Pinatxo, taldeko buruak. Zer behar du lore batek? Zer behar du munduak? «Gizartea desorekatzen eta apurtzear dagoela ikusita idatzi nuen abestia, baina pena horrek, negar horiek ondu dezakete lurra eta esperantza hori hor dago» esan digu Lore abestiari buruz.

Oraingoan ere, talde handi batekin partekatu ditu kantuak artista Beratarrak. Garazi Esnaola (Teklatua), Mattin Arbelaitz (Bateria), Julen Suarez (Tronpeta), Andoni Arriola (Tronboia), Julen Barandiaran (Baxua) eta Javier Echarri (Gitarra). Zuzenekoak jarraitzen du taldearen indargune bat izaten. «Eroso sentitu naiz abesti hauek taldekideekin elkarbanatzean; denok ulertu dugu nahiko ondo musikalki nora joan nahi genuen» kontatu digu. 

Hilabete pare bat lasai egon ondoren, martxan da berriro taldea; kontzertuak eta datorrena prestatzen. «Bi hilabete pasa ditugu jo gabe, baina ondo etorri zait; burua askoz oxigenatuagoa dut». Beraz, izango dugu, ziur, Janus Lesterren berri etorkizunean ere. 

Jaurlaritza Logoa