Zuzenean

Maiatzaren 12ak ospatzeko eguna izan beharko lukeen arren, Erizaintzaren Munduko Egunean, ez zen jai giro handirik izan Osasun Sailaren Bilboko egoitzaren atarian. Han bildu ziren SATSE sindikatuko kideak, besteak beste Amaia Mayor SATSEko ordezkaria buru zutela.
Nahiz eta eguna garrantzitsua izan, «Erizainok ez dugu ospatzeko ezer», Mayorren esanetan, «euskal herritarrek kalitatezko zaintza merezi dute, baina gaur egungo errealitatean ezin dugu hori eskaini osasun sistemaren prekarietatearen ondorioz». Osakidetzako zuzendaritza berria den arren, sindikatuak salatu du ez dutela aldaketa nabarmenik sumatu.
SATSEk hainbat bilera izan ditu Osasun Sailarekin, baita lehendakariarekin ere, baina egoera ez da aldatu. «Arazoak ez dira konpontzen. Erizainen falta larria da, batez ere lehen arretan, eta ordezkoak behar bezala ez dira betetzen». Gainera, nabarmendu du erizainen ahotsa ez dela kontuan hartzen Osakidetzako erabakietan, «osasun politikek ez dituzte erizainen iritziak kontuan hartzen, eta horrek zerbitzuen kudeaketan arazoak sortzen ditu».
Protestan gehien azpimarratutako gaia erizainen prekarietatea izan zen. Mayorrek salatu du lan-kontratuen behin-behineko izaera eta lan-kargaren gehiegikeriak eragin handia dutela profesionalengan. «Erizainen lan-baldintzak krisi batean daude. Langileek eta pazienteek ordaintzen dute egoera hau», bere hitzetan. Langileek aurrez aurre dituzten zailtasunez ere hitz egin du, batez ere behin-behineko kontratuen gehiegizko erabileran: «Gaur egun, 700 lanpostu baino gehiago arriskuan daude, lanpostu horiek ez dituztelako behar bezala kodifikatu».
Satseren ordezkariaren hitzetan langileen mugikortasuna eta egoera egonkorra ez izateak kalte egiten die bai langileei eta baita osasun zerbitzuari ere, «erizainok etengabe mugitzen gara, eta ezin dugu pazienteen jarraipena behar bezala egin. Horrek herritarrei kalte egiten die».
Etorkizuneko erronkak
Honen harira, kronikotasunaren eta mendekotasunaren areagotzeak osasun sistemaren etorkizuneko erronka nagusiak direla ere aipatu du. «Euskal gizarteak gero eta kronikoagoak diren gaixotasunak ditu, eta erizainen lana ezinbestekoa da horiek egunerokotasunean jarraitzeko». Baliabideetan izan den ahultzea ere azpimarratu du, «pandemia baino lehen, kronikotasuna modu egokian artatzen genuen, baina egun ez dugu baliabiderik horretarako. Osasun sistemak erizainen parte-hartzea behar du, eta horretarako langile gehiago behar dira lehen arretan».
Egiturazko aldaketa bat eskatu du Amaia Mayorrek NAIZ Irratiko mikrofonoetan, «Protestak ez dira amaituko, aldaketa baten beharra dago, eta gure aldarrikapenak entzun egin behar dira».


