Zuzenean

Maite Bidarte
NAIZ Irratia. Saioen arduraduna. Bideokluba saioko gidaria
Elkarrizketa
Esteban Basterretxea
SADEko zuzendari orokorra

«Nabarmentzekoa da 100 urte hauetan SADEk izan duen egokitze gaitasuna»

Ez da egunero ospatzen enpresa batek ehun urte betetzen dituela, eta are gutxiago ospakizun horrek hiriko memoria kolektiboan eta aisialdiaren bilakaeran horren eragin zuzena izan duenean. Kirola eta zinema ziren negozio hasieran, mende bat beranduago turismoak ordezkatu du kirola.

Audio_placeholder

«Nabarmentzekoa da 100 urte hauetan SADEk izan duen egokitze gaitasuna»

Loading player...
Ernesto Basterretxea Donostiako Principi zinemetako korridorean
Ernesto Basterretxea Donostiako Principi zinemetako korridorean (Maialen Andres)

Mendea ospatzen ari da Donostiako SADE enpresa eta, besteak beste, zinema emanaldi klasikoak programatu ditu ekainerako bereak diren Principe zinemetan. Erraz esaten da 100 urte, baina pentsa: zinema mututik sonorora egin da salto, zuri-beltzetik kolorera, areto bakarretik multi zinemara, analogikotik digitalera, pantaila handitik, etxera. Tartean bi diktadura, gerra bat, eta pandemia bat. SADE bera ere aldatu da 100 urtetan, sorreran frontoi eta zinema negozio  zena, hotel eta zinema enpresa da orain.

A zer ardura mendeurrena ospatzea, ezta?

Egia esan, oso harro gaude. Etxe honetan bost urte eman ditut bakarrik, baina ehun urte hauek nireak sentitzen ditut. Enpresa sortu zutenak pozik egongo lirateke gaur egun SADE zer den ikusita.

Esan duzu bost urte. Alegia, hasiera distopiko samarra izan zen zurea, lanean hasi eta pandemia iritsi zen.

2020an SADEra iritsi eta bi hilabetera etxeko sukaldean nengoen lanean. Zinema aretoak itxita, hotelak itxita, tabernak itxita. Momentu horrek balio izan zidan etxea ezagutzeko, eta familia-enpresaren bisioa ezagutzeko. Helburu bakarra genuen, berriro dena martxan jartzea. Pandemia garaian egunero jasotzen nituen deiak, zenbait funtsek erakutsi zuten interesa hotelak eta zinemak erosteko, garai hartan jendea pagotxa bila zebilen.

100 urte atzera eginda,  Vicente Mendizabal, Maurizio Damborenea eta Manuel Zuazola ditugu. Kirola eta zinema. Nola ematen da SADEren sorrera?

SADE, Sociedad Anónima, Deportes y Espectaculos, hori da benetako izena eta ‘deportes’ horrek frontoiei egiten die erreferentzia. 1925ean elkartu ziren Mendizabal, Damborenea eta Zuloaga eta zituzten negozioak, zinemak eta frontoiak, elkartu zituzten. Ehun urtetan gauzak aldatzen joan dira, negozio batzuk itxi dira eta beste batzuk ireki. Pentsa, garai batean SADEk zirkua izan zuen. Gauza asko gertatu dira etxe honetan, baina, batez ere, nabarmentzekoa da enpresak izan duen egokitze gaitasuna.

«Ehun urtetan gauzak aldatzen joan dira, negozio batzuk itxi dira eta beste batzuk ireki. Pentsa, garai batean SADEk zirkua izan zuen»

Zirkua non, Donostian?

Ez, Madrilen, zentroan gainera. Eta beste bitxikeria bat. Garaian, Trueba aretoan atezaina zegoen, eta bertan bizi zen gainera. Bera enkargatzen zen guztiaz eta ofizioa semeak heredatu zuen.

Zinema eta kirola. Biak dira aisialdia.

Guk oraindik horrela ikusten dugu. Zinemara etorri, gure hotelera etorri edo hoteleko jatetxean bazkaldu. Guk nahi duguna da jendeak disfrutatzea.

Fusioa gertatu zenean, nolako sarea sortu zen?

Hasierakoak dira Miramar [1913, 670 butaka eta 100 palko], Bellas Artes [1914, 1.426 eserleku], eta Principe zinemak [1922, 1.300 eserleku]. Gero irekiko zuten Trueba, 1923an. Garai batean, SADEk 6000 eserleku zituen eskaintzan Donostian, gaur egun 2300 inguru ditu. Jai Alai frontoiak Donostian, Madrilen eta Zaragozan zeuden. Hori izan zen abiapuntua.

[Ondoren ireki ziren Amara auzoan zeuden Astoria zinemak (1961) eta Petit Casino (1964), Garbera 7 (1997) eta Antiguo Berri (2005)].

Oso fenomeno bitxia gertatzen da Donostian. Periferian dauden blockbuster zinema aretoek ez dute ongi funtzionatzen. Zuek ere saiatu zineten Garberan.

Guk ulertzen dugu Donostiako publikoak nahi duena ez dela beste leku batzuetan eskatzen duten berdina. Esaten da Donostia zinema hiri bat dela. Gu saiatzen gara bertako zinema zaintzen, ziklo ezberdinak egiten ditugu, klasikoak, opera, artearen inguruko zikloa, bertsio originala bultzatzen dugu...

Argi dago hankaz gora jarri dela zinema aretoetako zirkuitua streaming plataformekin. Gaur egun nor doa zinema aretoetara?

Pandemia aurretik genituen datuekin alderatzen badugu, gure zinemetara datorren jendeak suposatzen du orduko ehuneko 70 inguru. Publiko galera bat egon da bidean, eta hor ezin ditugu begiak itxi. Kontsumo aldaketa bat egon da. Emakume asko etortzen dira, adinekoak. Madrileko Gobernuak jarri zuen martxan programa bat jende heldua bi eurogatik zinemara joateko. Eta egia da jende asko gerturatu dela programa horri esker.

«Pandemia aurretik genituen datuekin alderatzen bagara, gure zinemetara datorren jendeak suposatzen du orduko ehuneko 70 inguru»

Aspalditik dabil zinema aretoak itxiko direnaren zurrumurrua. Nola bizi duzue egoera hau?

Garai batean frontoiak eta zinemak ginen,  eta orain,  zinemak eta hotelak gara. Hemendik 100 urtera ez dakit zer izango garen. Gu saiatzen gara badagoen eskarira moldatzen. Zinema aretoak ixten baditugu ez da kapritxo bat, baizik eta jendea ez doalako zinemara. Hori da errealitatea.

Baina egin dira saiakerak zinemei beste erabilera bat emateko. Taylor Swiften kontzertu/filma, adibidez. Bide berriak arakatu dituzue?

Bai, baina talka handia dago hor. Saiatu gara, baina, adibidez, futbol final bat emateko telebista baimenak kudeatu behar dira eta kontratuen mundua oso konplikatua da ohikoa ez den zerbait egin nahi baduzu.

Negozio estrategia aldatu duzue, zinema zirenak hotel bihurtu dituzue.

Astoria zinemak zirenak Zazpi hotela da orain (zazpi sala zituen). Hotel hori ireki genuen hotelik irekitzen ez zenean. Gero La Sala ireki genuen eta laster irekiko dugu Bellas Artes.

Polemika handiko proiektua da hori.

Polemika handiko eraikina delako. Ni 2020an iritsi nintzen eta nire helburua izan zen proiektua aurrera ateratzea,  proiektu bat aurkeztu genuen indarrean zeuden legeak betez, eta aurrera egin dugu.

Zuen diru iturri gehienak hotelen sektoretik etorriko dira.

Bai, asko. Gure negozioa gaur egun enpresa bezala, hotelak dira.

Esan daiteke zinemak irekiak daudela hotelei esker?

Ez nuke hori esango. Zinemak irekiak daude Sadek duen historiarengatik.

Eta zer pentsatzen duzu Donostia gune tentsionatu izendatu izanaz?

Txapel ezberdinak jarri ditzaket hau erantzuteko. Donostiako bizilagun bezala, beharrezkoa da. Baina, turista bezala, niri ere gustatzen zait kanpora bidaiatzea. SADEko arduradun bezala, esango dizut saiatzen garela hirurak uztartzen. Donostian gertatzen dena berria da duela 15 urteko egoerarekin alderatzen badugu, baina alderatu Isabel erregina etortzen zen garaiekin, Donostia zen turismo egiteko modako lekua.

 

100 urte, egitarau berezia


'Zine klasikoak' programarekin ospatuko du SADEk bere mendeurrena. Zinemaren historian eta memoria kolektiboan arrastoa utzi duten 11 film ikoniko proiektatuko dira maiatzaren 30etik ekainaren 26ra Principe zinemetan. Zerrendan daude 'E.T the Extra-Terrestrial', 'The Elephant Man', 'Harry Potter and the Philosopher's Stone', 'Viridiana', 'Ben-Hur', 'The Princess Bride', 'Raging Bull', 'The matrix', 'Pull Ficction', 'Ghost' eta 'Mississippi Burning', azken lau film hauetan mahai ingurua egingo da gainera.

Horretaz gain, bideo ezberdinak filmatu dituzte SADE zinema aretoetara hurbiltzen diren herritarrekin eta enpresako akziodunekin. Urte osoan zehar sare sozialetan zabalduko dituzten bideo pilula horiek. Hotel sarean ere eskaintza 100 eskaintza berezi daude 100 euroan.








Jaurlaritza Logoa