Zuzenean

Trantsizio ekosozial justu baten harira, iraunkortasun indizeak lantzea ezin interesgarriagoa da adostasun komunitarioa eta oinarri zientifikoa zutabe izango dituen plana osatzeko. Beste herri batzuetan bezala, Busturialdea-Urdaibai eskualdean lan horretan hasi ziren iaz. Alfonso Caños eta Iñaki Bartzena izan ziren NAIZ Irratian gaiari buruz hitz egiten.
Izan ere, kritikoak dira bizi kalitatea neurtzeko egiten diren ikerketekin, normalean indize sozioekonomikoak hartzen direlako kontuan, eta, gainera, ez direlako tokian tokiko herritarren iritziak aintzat hartzen. Horri buelta bat emanez, eskualde batean ekimen bat martxan jarri zuten, pixkanaka-pixkanaka Euskal Herri osoko eskualdeetara zabaldu nahi luketena.
Busturialdea-Urdaibai aukeratu zuten proba pilotua egiteko duela urte eta erdi, eta ordutik jardun dira udalek emandako datuak aztertzen eta euren kabuz datu gehiago jasotzen, herrietako talde zein norbanakoiei esker.
Hala, 40 adierazle sailkatu dituzte, zehatzak izaten saiatzearren. Guztien iritziak entzuteko prest daudenez, hainbat foro antolatu dituzte orain arte, eta gehiago antolatuko dituzte. Horietan, herritarrek esateko dutena entzuten dute eta euren ikerketan kontuan hartzen dute; estatistikoki txikiak diren taldeen iritzia ere bai.
Hala, egoera sozioekonomikoaz gain, ohartu dira benetan garrantzitsuak direla zenbait gai: zaintza, migrazioa, etxebizitza, gazteak, turismoa, garraioa eta ingurunea.
Esaterako, elkarrizketan azaldu zutenez, Busturialdea-Urdaibai eskualdea Bizkaiko eskualdeen artean azkenetarikoa da egoera sozioekonomikoari begiratuz gero -langabezia, errenta...-, baina «bertan bizitzea opari bat da eta jendea oso pozik dago». Horrek frogatzen du dirua ez dela dena, eta aztertzea merezi duten beste atal batzuk ere badaudela iraunkortasun indizea zehazteko.
Kezka nagusiak
Ura ere kezketako bat da, azken udetan ura garraiatu behar izan dutelako erabili ahal izateko. Turismoak ere kezka eragiten du: «Guk uste dugu turismoa positiboa dela, baina turismo jasangarria betiere. Busturialdea-Urdaibaira urtero 60.000 pertsona etortzen dira hegaztiak ikustera. Ez da turisten kontra egitea, baizik eta zertara datoz? Egiten duten gastu ekonomikoa interesatzen zaie taberna eta ostatua dutenei, eta ondo dago etekinak ateratzea, baina ez edozein modutan. Denok gara turistak, hurbileko zein urruneko lekuetan, baina nolako turistak?», aipatu zuen Cañosek irratian.
Horrekin lotuta, Bartzenak azaldu zuen Urdaibain eraiki nahi duten Guggenheimaren proiektua dela eta, gizartea aktibatuta dagoela. «Guk gure prozesuarekin jarraitu dugu, une nahasi bat tokatu bazaigu ere. Argi dago ezinegona badagoela gai horren inguruan. Bermeon egin genuen foro bat eta jendez gainezka zegoen, eta grina bat piztu da, eta olatu hori aprobetxatzea ondo dago».
Herritik herriarentzat egiten ari dira ikerketa, udalen zein gizarte eragileen laguntzarekin, eta, horregatik, lortzen dituzten emaitzak txosten moduan itzuliko dizkiete. Ez da hor amaitzen prozesua, ordea, amaigabea baita, dinamikoa, eta bueltan haien iritziak jasotzea espero dute, modu dinamikoan eskualdeak eraldatzeko bideak sortu ahal izateko.
Beste eskualde batzuk ere interesa dutela ikusi dute; esaterako, Hernanik eta inguruko herriek. Edozein eskualderi zabaldu dakiokeen ekimena da.