Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Bakarkako debuteko lana kaleratu du Kilikik, ‘Iltze 1’

Chill Mafiaren bide arrakastatsuari amaiera emanda, bakarkako bidean hasi da Beñat Rodrigo ‘Kiliki’ iruindarra eta zazpi abestiz osatutako ‘Iltze 1’ diskoa kaleratu du udaberri honetan. Lehen kontzertuak ematen ere hasi da dagoeneko.

Audio_placeholder

Bakarkako debuteko lana kaleratu du Kilikik, ‘Iltze 1’

Loading player...
Chill Mafia osteko bidean, lehen diskoa kaleratu du Kilikik.
Chill Mafia osteko bidean, lehen diskoa kaleratu du Kilikik. (OSO POLITA)

Zazpi abesti eta denetarikoak kaleratu ditu Kilikik bere bakarkako lehendabiziko diskoa duen ‘Iltze 1’ lanean. Sunny Wright IV (Chill Mafia garaian Suneo bezala ezagutzen zen Alessandro Martins), Denso eta Nueve Desconocidosekoak izan ditu ekoizle lanetan laguntzen eta bandarekin aurkeztuko ditu abestiak kontzertuetan, Suneo bera, Xabi Esparza baxu-jotzailea eta Eneko Arbea bateria-jotzailea bidelagun dituela.

Lehendabiziko single moduan diskoa irekitzen duen ‘Scroll’ ezagutu genuen, punk izpiritua duen abestia. Bizitzaren aurrean maiz dugun jarrera utziari egiten dio kritika, pantailetan harrapatuta egoteari erreferentzia eginaz. Post-punk delakoaren adarretako batean koka genezake ‘Como un fugitivo’ abestia, edozein izaeratako erlazio batean norbaitek izan dezakeen konpromiso faltari buruz hitz egiten duen abestian.

Hip-hopetik gertuago dagoela esan genezake ‘Iltze 1’ kantua, ekoizpen lan ederra duen abestia eta Imanolek ezagun egin zuen ‘Mendian gora’ abestiari erreferentzia ere egiten dio kantuan, baita gurutziltzatzari ere. Hortik Adrian Romerok egindako diskoaren azalean bertan ere gurutze bat ageri dela, diseinu nahiko 80etakoa du gainera Kilikiren debuteko lanak.

‘La ija d un munipa’ mendeku abestia ere badu diskoak. Baxuaren groove izugarria duena eta zuzenean benetan ongi defendatzen duen abestia, oso berezia eta gai berezia jorratzen duela. Itxura bakarrean abestia bide batetik doa, baina Black Marfil rap abeslariari babesa adierazteko sortu zuen abesti hau, rapeatzailea 25 hilabeteko espetxe zigorrera kondenatua izan ostean.

‘Zerdo’ kantu sexuala techno saturatu batekin aurkezten digu, bideojoko japoniar baten sintetizadore frenetiko soinuekin egina. Bukatzeko, ‘Si me miras así’ drum & bass kantua eta berriz ere baxua protagonista duen ‘Ya es tarde’ kantuak ditugu, 80etako synth-pop unibertsokoa. 

Zuzenekoak, esanda bezala, bandarekin izango dira eta dagoeneko kontzertu batzuk eman dituen arren, iragarri berri da Iruñeko Sangferminetan, Konpainia plazan, izango dela uztailaren 10ean, eta Donostiako Boga Boga Festibalean, Easo Plazan, iraileko bigarren astean. Aurretik, ordea, maiatzaren 24an, Tolosako Plaza berrian ere izango da bera ikusteko aukera.

MusikHaria saioan goitik behera errepasatu genuen Kilikiren lana eta barruko kontu ugari jakin genituen kontzertuetarako pres egoteko.

Jaurlaritza Logoa