Zuzenean

NAIZ irratia

Adi eta Ari | Lanaren inguruko hiztegia

[2X7] Lanaren inguruko hiztegia landuko dugu ikasgai honetan.

Audio_placeholder

Adi eta Ari | Lanaren inguruko hiztegia

Loading player...
Iruñeko gazte orkestra
Iruñeko gazte orkestra (Euskadiko Antzoki Sarea )

ANDER:
Egun on, Nerea.

NEREA:
Kaixo, Ander.

ANDER:
Zuri gustatzen al zaizu musika klasikoa?

NEREA:
Pop kantuak atseginak iruditzen zaizkit, baina aspergarriak dira gehienak. Rock abesti batzuk gustatzen zaizkit, eta beste batzuk ez. Gauza bera geratzen zait musika klasikoarekin.

ANDER:
Iruñeko Gazte Orkestrako bi neskak solasaldi polita eskaini dute NAIZ Irratian. Mirari Etxeberria orkestrako zuzendaria da, eta Matxalen Erzilla, biolontxelo jotzailea.

NEREA:
Noiz sortu zen gazte orkestra hori?

ANDER:
Iruñeko goi mailako kontserbatorioko ikasle batzuek eratu zuten 2018. urtean. Gaur egun 60 pertsona inguru batzen ditu orkestrak.

NEREA:
Nafarrak al dira denak?

ANDER:
Ez, ez; Euskal Herri osoko gazteak dira, Iruñe aldean bizi direnak edo han ikasten dutenak. Hain zuzen, Mirari zuzendaria donostiarra da, eta Matxalen biolontxelista, durangarra.

NEREA:
Orkestra bat osatzea, antolatzea eta entseguak egitea konplikatu samarra izango da. Pentsa!, 60 lagun koordinatu behar dira.

ANDER:
Baina ez dute denek batera jarduten. Proiektuak taldeka lantzen dituzte.

NEREA:
Ideia ona da hori. Lantalde handien dohain nagusia izaten da dinamismo gaitasuna.

ANDER:
Haien helburua da musika klasikoa publiko gaztearengana hurbiltzea eta erakargarri bihurtzea.


AUDIOA-MIRARI ETXEBERRIA


ANDER:
Orkestrako musikaria izatea lanbide oso polita dela aipatu du Mirari Etxeberriak.

NEREA:
Lanbide hitzak esan nahi du bizibidea ateratzeko jarduera.

ANDER:
Lan egitea egoki ordaindu behar da beti. Lanaldiak, lanari eskaintzen zaion denborak gure bizitzako zati handi bat hartzen du.

NEREA:
Horrexegatik dauzkagu hainbeste izen “lan” hitzarekin.

ANDER:
Laneguna da lan egiten jarduten den egun bakoitza. Lanordua da lanean jarduten den ordu bakoitza. Eta lanartea da lanaldian hartzen den atsedenaldia.

NEREA:
Bizibidea lanetik ateratzen duen pertsona da langilea. Orduan, langileria da langile klasea. Eta lankideak dira laneko lagunak, elkarlanean aritzen direnak.

ANDER:
Lantaldea esaten zaio lan bat egiteko osatzen den pertsona multzoari.

NEREA:
Lana daukana da landuna. Lanik ez duena da langabea. Eta langabezia da lanik gabe dagoenaren egoera.

ANDER:
Enpleguari esaten diogu lanpostua. Eta lanez gainezka dabilena lanpetuta egoten da.

NEREA:
Soldata hitzaren sinonimoa da lansaria.

ANDER:
Eta lansaria eskasa denean, lanuzteak edo grebak egiten dituzte langileek.

NEREA:
Musikaria, idazlea, aktorea, margolaria, kantaria eta dantzaria langile inportantetzat ez dauzkan gizartea... ez da batere modernoa!

ANDER:
Erabat ados nago.


AUDIOA-MATXALEN ERZILLA


ANDER:
Orkestraren barruan bakoitzak lan bat daukala adierazi du Matxalen Erzillak.

NEREA:
Esan nahi du pertsona bakoitzak baduela bere eginkizun edo betebehar zehatza.

ANDER:
Bizkaieraz lanari horregatik deitzen zaio beharra. Eginkizun bat delako, betebehar bat delako. Hau da: bizitzeko, lan egin behar!

NEREA:
Bizkaieraz lana da beharra, eta langilea da behargina. Lan egitea da behar egitea. Eta soldatari esaten zaio behar saria.

ANDER:
Zer ikasi dugu gaur?

NEREA:
Ikasi dugu musikariek ere lan asko egiten dutela. Musikariaren lanbideari errespetatu handia zor zaiola. Eta lansari duin bat merezi dutela.

ANDER:
Lan egiteko tokiari esaten diogu lantokia. Eta tailerrari deitzen diogu lantegia.

NEREA:
Langela da lanerako prestatutako gela bat edo bulego bat.

ANDER:
Lanean erabiltzen den tresna da lanabesa. Orkestran, Matxalenen lanabesa biolontxeloa da.

NEREA:
Lurra landu egiten da: prestatu eta aberastu. Baina materialak ere landu egiten dira: eraldatu eta osatu.

ANDER:
Lan hitza beste izen batzuekin ere lotzen dugu: lan merkatua, lan eskaintza, lan kontratua edo lan baldintza.

NEREA:
Lan eskubideak errespetatu egin behar dira, bestela berehala sortuko dira lan gatazkak.

ANDER:
Zenbat lan ematen dizkigun lanak!

NEREA:
Agur, Ander, ikusi arte.

Hemen entzun dezakezu elkarrizketa osoa.

Jaurlaritza Logoa