Zuzenean

Iraia Cambra | Peli Lekuona

«Guggenheim Urdaibai proiektuarekin gure kulturak min hartu dezake»

Eider Gotxik, Guggenheim Fundazioko ordezkariarekin izandako azken bileraz hitz egin digu NAIZ Irratian. Urdaibaik duen balore ekologikoa eta kulturala nabarmendu du, eta proiektuaren egokitasuna zalantzan jarri du, proiektua oraindik ideia batean kokatzen bada ere.

Audio_placeholder

«Guggenheim Urdaibai proiektuarekin gure kulturak min hartu dezake»

Loading player...
Eider Gotxi, Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kidea
Eider Gotxi, Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kidea (Naiz Irratia | Foku)

Eider Gotxi, Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kidea, Haizea Barcenillarekin batera, Guggenheim Fundazioko ordezkari Miren Arzalluzekin bildu da proiektuaren inguruko eztabaida bat izateko.

«Bilera positibotzat hartu behar dugu, landu genituen gaiak guretzat garrantzitsuak zirelako», azaldu du Gotxik NAIZ Irratian. Bilera horretan, Urdaibaiko balore ekologikoak eta nazioarteko aitortzak nabarmendu zituzten. «Urdaibai guretzako museo bizia da eta Urdaibaik baditu bere balio ekologikoak ere, nazioartean aitortza dutenak. Proiektu honek, ordea, Urdaibaiko kontserbazioarekin dituzten helburuekin talka egiten du», gaineratu du Gotxik.

Gotxik proiektuen arteko konparaketak, Guggenheim Bilbao eta Urdaibairen artekoak kasu, desegokiak direla uste du. «Guggenheim Bilbon egon zenean, eduki zituen oposizioak izan ziren batez ere diru kontuetan eta kultura elitista bultzatu nahi izate horretan. Baina bai ikusten zen abandonatutako eremu bat berreskuratzeko aukera. Hori ez da Urdaibain gertatzen», azaldu du. Urdaibaiko proiektuaren eragin ekonomikoari buruz, zera ohartarazi du: «Gure kulturak min hartu dezake, diru publikoarekin egindako erabilera desegokia dela eta, kultura izango da gehien kaltetuko dena».

Proiektuaren izaerari dagokionez, Gotxik esan du Fundazioko ordezkariek proiektua oraindik «idea» bezala definitzen dutela. «Proiektu hau oraindik ez da proiektu bat, baizik eta ideia da, eta Gobernuak eta administrazioek herritarrei informazio gehiago eta gardenagoa eman beharko liekete», aldarrikatu du.

Proiektuaren aurrerapenaren inguruan, Gotxik hainbat baimen eta lan faseren berri eman du, baina Urdaibai ez dela egokia proiektu honetarako azpimarratu du: «Urdaibai ezin da proiektu honentzako lekua izan, eta hori argi utzi dugu».

Azkenik, Gotxik plataformak alternatibak proposatu dituela nabarmendu du, eta kultura bultzatzeko beste bide batzuk mahai gainean jarri direla: «Benetan kultura bultzatu nahi badute eta herriari ekarpen bat egin nahi badiote, museo sare horretan kolaborazioak egin daitezke gaur egun naturgune zoragarrietan kokatuta dauden museoei laguntza eta ekarpena eginez», amaitu du Gotxik.

Proiektuaren inguruko eztabaidak bizirik jarraitzen du. Urdaibai Stop plataformak defendatzen du Urdaibaiko espazio naturala ez dela erabilera horretarako egokia izango.

Jaurlaritza Logoa