Zuzenean

58 dira egun zigorra erregimen itxian betetzen ari diren euskal presoak, eta 29 dira preso horiek barnebiltzen dituzten herriak. Asteburu honetan, 29 herri horiek lotuko ditu Sare Herritarrak, ‘Puzzlea osatu arte’ ekimenaren baitan. Lesakan hasi eta Iruñean bukatuko den ekimenaren nondik norakoak eta euskal presoen egoera izan dituzte hizpide Beñat Uribe-Etxeberria eta Mikel Mundiñano Sareko kideek, NAIZ Irratian.
«Presorik gabeko herriak» du helburu Sare Herritarrak. Izan ere, «herri asko dira urte luzez, batzuk frankismoaren garaitik, presoak izan dituztenak», azaldu du Uribe-Etxeberriak. «Eta herri batzuei orain gutxi iritsi zaie presorik gabeko egunerokotasuna», gehitu du.
Hori da Sarek maiatzaren 17an eta 18an ekimena gauzatzeko zergatia. Herri horietan egingo dituzte tokian tokiko ekimenak, eta Sarek «indarra eta aldarriaren fokua» herri horietan jarriko du asteburuan, Uribe-Etxeberriak azaldu duenez: «Euskal Herri guztiak, eta konkretuki, oraindik herri batzuk badutela presorik gabeko herri izateko beharra aldarrikatuko dugu».
«Datorren urtean 15 urte beteko dira ETAk bere jarduera utzi zuenetik, eta oraindik Euskal Herrian horrenbeste min eragin duen gatazka baten ondorioak bizitzen ari gara». Hortaz, ondorio horien guztien konponbidea aldarrikatuko du Sarek. «Ez soilik euskal presoei dagozkienak, iheslari eta deportatuen auziaren amaierari dagozkienak ere bai». Euskal presoak hizpide, Uribe-Etxeberriak azaldu du 58 direla erregimen itxian zigorra betetzen ari direnak. «Euskal presoen %100ek betetzen ditu baldintzak zigorrak erregimen irekian betetzeko, lege arrunta aplikatuz gero», salatu du. Beraz, «egoera horrek sufrimendua luzatzen du», azpimarratu du.
Espetxeen auziko azken faseari heltzeko hausnarketa egin zuen Sarek bere X. batzarrean, martxoan. Uribe-Etxeberriak «borondatean» dagoela gakoa aipatu du: «Lege arrunta eta espetxe politikak gauzatzeko borondate politikoa behar da, hori baita gatazkari amaiera eman diezaiokeena, eta bide hori amaieraraino jorratzea besterik ez dugu nahi», esan du.
Asteburuko ekimenari dagokionez, Uribe-Etxeberriak azaldu du tokiko egitarau asko prest dituztela, eta datozen egunotan falta direnen berri izango dugula. «Azken momentuko prestaketa lanetan gaude», gehitu du.
Sakanako Etxera Eguna
Etxarri Aranatzen duela pare bat aste Sakanako Etxera Eguna ospatu zuten, eta Iker Mundiñanok aitortu du «indarrak eta aldarrikapenak» egun horren prestakuntzan jarri bazituzten ere, astebururako «ekimen xumea» prestatu dutela. Izan ere, gogora ekarri duenez, Etxarri Aranatzen azken 50 urteetan ez dute presorik gabeko hilabeterik ia ezagutu. «Azken mende erdian 35 herritarrek ezagutu dute kartzela», gehitu du. Halaber, 1993an, espetxe politika «bidegabeak» Pello Mariñelarena Imatz hil zuela gogorarazi du Mundiñanok. «Gurea bezalako herri txiki batean eragin handia izan du espetxe politikak». Egoera hobetu dela ere nabarmendu du, izan ere, «gaur egun lau preso ditugu herrian». Mundiñanok azpimarratu du «urrats garrantzitsuak eman diren arren, preso, iheslari eta deportaturik gabeko herri batera heltzeko badugu oraindik herri zeregina»
Bestalde, Sarek Iratxe Sorzabal presoa absolbitu izana, torturatu egin zutela onartuta, positibotzat jo du. Uribe-Etxeberriak azaldu du «beti» biktimen errekonozimenduaren alde lan egin dutela. Harrera elkartearen lana ere goraipatu du: «Lana ez da amaitzen presoa ateratzen denean, presoaren akonpainamendua ere ezinbestekoa da».


