Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Xabi Bandini
Kerobia taldeko abeslaria eta musikaria

«Apika gogoratu behar da musika egiazko gauzekin grabatzen dela»

‘Poliorkêtês’ deituriko diskoarekin dator Kerobia taldea eta asko erdi sorpresan edo harrapatuko zituen albisteak. Ahapeka kontatzen diren gauzen artean zegoen lan honen grabaketarena eta bat-baten kalean da. NAIZ Irratian Xabi Bandinirekin aritu gara diskoari buruz patxadaz hizketan.

Audio_placeholder

«Apika gogoratu behar da musika egiazko gauzekin grabatzen dela»

Loading player...
‘Poliorkêtês’ lana maiatzaren 17tik aurrera aurkeztuko du kontzertuetan Kerobia taldeak.
‘Poliorkêtês’ lana maiatzaren 17tik aurrera aurkeztuko du kontzertuetan Kerobia taldeak. (Eymard UBERETAGOENA)

Zer moduz Xabi?

Oso ondo eta zu? Aspaldiko partez elkarrekin.

Hori da, aspaldiko. ‘Poliorkêtês’ lanarekin kontzeptu berezi bat landu duzue.

Urte eta erdi eman dugu lan honekin. Pausoka. Esango nuke inportanteena izan dela denbora dedikatu diogula behar zuenari eta emaitza ez da bakarrik lan hau, ‘Poliorketes’, baizik eta nola egin dugun eta nola argitaratu edo nora plazaratu nahi dugun. Horregatik ari gara esaten guk nahi genuela gutxinaka esplikatzen joan disko hau, elkarrizketak medio, gure lagun zaharrekin, zurekin, adibidez, pixkatxo bat joateko aletzen zer den lan hau eta zergatik iruditzen zitzaigun polita dela eta atsegingarri; eta agian erabilgarri. Baina horrarte.

Testuaren dokumentua lortu duenak edo lortzear denak ikusiko du diskoaren azaletik kantuen izenburuekin lotura bat badagoela. Gainera, akaso beste erreferentzia bat ere egon daiteke, baina, pixka bat ‘13 Rue del Percebe’ komikia ekartzen digu gogora. 

Askok esan digute. Maite Gurrutxagak marraztu du biniloaren portada polit hori eta etxe bat da. Eta batek esan dezake, «ze demontre da ‘Poliorkêtês’?» Grekeraz da eta ‘hiri setiatzailea’ esan nahi du. Istorioa idazten hasi nintzenean –badakizu beti idazten dugula, kasu honetan mimo handiagoarekin agian publikatu egin delako–, Siracusa hiriaren setioari buruz hitz egin nahi nuen, Arkimedes hil zuten horri buruz. Baina Maite Gurrutxaga marrazkilariarekin hitz egiten nengoela, ohartu nintzen gauza txikiago bati buruz hitz egin nahi nuela, etxe bati buruz, eta bertan pasatzen ziren gauzei buruz. Eta gero hasten dira kantuak jaiotzen eta gorpuzten da disko guztia.

Testuari begira ibilita, konturatu naiz errepikatzen dituzula tartean behin disko batetik hartu eta bestera ekartzen dituzun termino batzuk. Beste behin ere irakurri dut, esaterako, Orion.

Asko gustatzen zait esan duzun hori, egia delako. Diskoz disko beti hartzen dugu elementutxoren bat, keinuren bat… eta badakizu ze poza ematen didan nitaz aparte norbait ere hortaz ohartzeak?

Eta gainera, Orion deskribatzen duzu, eta ez dakit zergatik nik ja Orionengan fijazio bat dut, akaso zuei esker eta behin deskubritu genuen Orion eta identifikatzen ikasi nuen. Eta esan duzun moduan, ekainean posizio bat du eta posizio hori argitzen da eta posizio hori etortzen zaizu burura… baina gero urtean zehar nola mugitzen den ikusten duzu eta oso guai dago. Eta, gainera, ikusten dudan bakoitzean etortzen zait zuen musika burura…

Lehenbiziko ‘Hauts azpian ekatombea’ dator, ezta? Horri buruz keinu bat esango dizut zure esanekin lotuz, lehenbiziko esaldi hori: «Behin pasa dena, berriro pasatuko dela». Begira, dena oso ziklikoa da. Pasatzen zaigun kasi guztia oso ziklikoa da. Eta, esate baterako, norbaitek pentsatu dezake bizitza gure planetan behin kasualitatez edo azaldu zela eta hortik hona gauza asko pasa direla eta orduan hasi zela guztia garatzen, baina ez da horrela, ez da horrela. 15.000 milioi proba egon ziren eta haietako milioi batek arrakasta izan zuen baina ez hainbeste, baina batek edo bik bai. Orduan, esan nahi dudana da, behin platera erori zaizula sukaldean? Lasai, beste behin ere pasatuko zaizu, ez dakigu noiz, baina beste behin ere pasatuko zaizu.

Nik ikusi dut kantu honetan, nolabait ere, munduaren amaierako aurreko unea, munduaren amaiera, guk ulertzen dugun bezala.

Hori egia da, baina ez hainbeste. Kantu hau jaiotzen da Extremadurako Turuñueloko aztarnategi arkeologikoaren inguruko gogoeta egiten ari nintzela. Ikusi nuen nola orain dela 2500 inguru urte estaltzen duten beraien gauza bat, edifizio edo gune bat, leku askotan gertatu izan den bezala, eta nola gero, 2500 urte ondoren hasten garen azaleratzen hori eta hasten gara hori ulertu nahian, eta ikusten dugu dena errepikatzen dela. Eta polita da. Eta polita da, zeren-eta diskoa azken batean ez da lineala. Etxe bat da, marraztu dugun etxe hori, 11 gelako etxe hori, eta han gelak daude eta gauzak pasatzen dira. Orduan, horrekin zer esan nahi dut? Guk nahiko genukeela jendeak diskoa lasai-lasai entzutea, istorioa irakurtzea eta abar. Baina, lasai, gaur kantu bat hartzea eta hurrengoan beste bat, ahal duenean. Eta gero, gutxinaka, joango da gorpuzten, ziur nago. Eta gure nahia, bueno, nire super nahia da bukaera-bukaeran edo, bukaeran baino gehiago, bidean ere entzuleak esatea: «Zeinen atsegina den hau». Eta kitto. Hortaz, ez da zertan hasi eta buka entzun diskoa.

Diskoaren A aldea introspektiboagoa izan daiteke eta B aldeak gehiago begiratzen du etxetik kanpo pasatzen diren gauzei buruz?

Hor saiakera moduko bat egon zen zuk esaten duzuna egiteko, baina azkenean, ez nuen lortu.

Soinu aldetik, denetarik dago, baina ezagunak egiten zaizkigu hainbat elementu lehen unetik, Kerobiaren erritmo eta jolas batzuk badaude. Eta elementu pila bat nabaritzen dira.

Kantu guzti hauetan, lan guzti honetan, ekoizpen lan hori nire gain hartu nuen aspaldi eta joan naiz gutxinaka egiten. Eta ikusten duguna da kantu guztiek gauza asko, detaile asko, dituztela. Instrumentu asko, akordeoitik hasita, karraka, gitarra geruzak… baina agian interesgarriena da nola jarri den bakoitza bere neurrian. Ez da zerbait espektakularra izan, baina elementu guztiek bat egitea eta modu natural batean, ederra izan da. Guztira hogeita hamar instrumentu grabatu ditugu eta denak mikrofono bakarrarekin. Batzuetan gogoratu behar da musika horrela grabatzen dela, egiazko gauzekin, mikro batekin eta abar. Eta ahotsak ere horrela daude, tratamendurik gabe. Hala, kantak nik uste atseginak direla, gauza asko deskubritzeko denbora behar dutenak. Eman zure denbora eta joan lana deskubritzen.

Diskoa Kerobiaren webgunean eskuratu daiteke, baina zuzenekoetan ere bai, ulertzen dudanez.

Lehenbiziko data Donostian, maiatzaren 17an, dugu, Antzoki zaharrean. Eta hor nolabait erakutsiko dugu lehenbiziko aldiz lana. Denbora eman nahi izan diogu diskoari. Ez genuen boom bat nahi, hasteko ez garelako gai lortzeko inongo eztandarik. Baina guk denbora eman nahi izan diogu disko honi. Eta iruditzen zait, gainera, denborak gure alde jokatuko duela. Lana ona da, gehiago edo gutxiago gustatu, lana ona da. Iraunkorra izan nahi du eta uste dut denborak hori ekarriko duela. Joango gara kontzertuen datak abisatzen denborarekin, jendea etor dadin lasai-lasai. Aurreratzen dut normalean ez direla sarrerak agortzen. Beraz, lasai. Urduritasunik gabe eta antsietaterik gabe. Eta gogorarazi gure proiektuak biniloak saltzen finantzatzen ditugula, esate baterako. Eta baita ere gure kontratazioekin. Baina gure aldetik, lan hau oparitu egiten dugu webgunean beti bezala, eta nahi duenak, gero, diskoa eros dezake. Gainera, uste dut merezi duela, diskoak berak eta marrazkiak.

Jaurlaritza Logoa