Zuzenean

NAIZ irratia

Adi eta Ari | -ko eta -zko atzizkiak

[2x6] Ikasgai honetan -ko atzizkia eta -zko atzizkia noiz txertxatzen den landuko dugu.

Audio_placeholder

Adi eta Ari | -ko eta -zko atzizkiak

Loading player...
Joseba Beristain bere estudioan.
Joseba Beristain bere estudioan. (NAIZ)

ANDER:
Zer moduz, Nerea?

NEREA:
Egun on, Ander.

ANDER:
Pelikuletarako musika egiten duen konpositore bat elkarrizketatu dute NAIZ Irratian. Oso interesgarria izan da.

NEREA:
Nor da musikari hori?

ANDER:
Joseba Beristain. Azkoitian jaio zen. 45 urte ditu. Film labur baterako musika egin zuen 2000. urtean, eta harrezkero bi dozena pelikulatarako soinu-banda konposatu du.

NEREA:
'Elkano, lehen mundu bira' filmeko musika berea da, ezta?

ANDER:
Hala da, bai. Eta 'Ospel', 'Loop' edo 'Unicorn Wars' pelikuletakoa ere bai.

NEREA:
Zein musika instrumenturekin konposatzen du?

ANDER:
Pianoa du lan-tresna. Eta teklatua ordenagailu bati lotzen dio. Baina sakelako telefonoan ere grabatzen ditu doinuak, kalean ideiaren bat bururatuz gero.

NEREA:
Istorioari laguntzea izaten da zinemako musikaren funtzioa.

ANDER:
Bai. Musikak balio du ikusten duguna indartzeko, beste batzuetan ikusten dugunaren kontrakoa iradokitzeko; edo pertsonaia bat definitzeko, garai batera joateko, akzioa markatzeko... Gauza askotarako balio du musikak.

NEREA:
Nolanahi dela, musikak istorioaren zerbitzura egon beharko du beti.

ANDER:
Niretzat, garrantzitsuena estiloa erabakitzea da: sinfonikoa, elektrikoa, akustikoa, zein instrumentu-mota erabili nahi diren...

NEREA:
Dudarik gabe, musikak film osoa girotzen du.


AUDIOA | JOSEBA BERISTAIN




NEREA:
Beristainek «akziozko pelikula» aipatu du hasieran. Baina ondoren esan du «benetako erabakia». Aizu, Ander, noiz erabiltzen dugu hitz baten bukaeran -zko atzizkia eta noiz -ko atzizkia?

ANDER:
Nolakoa da galderari erantzuten ari gara atzizki horiek erabiltzean. Adibidez, nolakoa da musika tresna? Ba... egurrezkoa, metalezkoa, haizezkoa, perkusiozkoa.

NEREA:
Kasu horietan, materiaz ari garenean, -zko erabiltzen dugu.

ANDER:
Hala ere Euskaltzaindiaren Hiztegian -zko eta -ko, bi formak ageri dira kasu batzuetan: dudako eta dudazko, gogoko eta gogozko, kalitateko eta kalitatezko...

NEREA:
Euskaraz kalitatezko filmak egiten dira.

ANDER:
Baina adjektibo bat tartean sartuz gero, esango zenuke: Kalitate oneko filmak egiten dira euskaraz.

NEREA:
Esaten dugu benetako, baina esaten dugu egiazko.

ANDER:
Berdin esaten dugu zalantzazkoa da filma, baina erdipurdikoa da filma.

NEREA:
Pelikulak era askotakoak izaten dira: akziozkoak, amodiozkoak, beldurrezkoak, umorezkoak... Filmetako kontuak izaten dira batzuetan fikziozkoak eta beste batzuetan benetakoak.

ANDER:
«Txantxetako kontua da», esan ohi dugu; baina, ez da esaten «txantxetazkoa».

NEREA:
Baina berdin esan dezakegu: «Gogozko bidean aldaparik ez» edo «gogoko bidean aldaparik ez».


AUDIOA-JOSEBA BERISTAIN


NEREA:
Animaziozko pelikula eta abenturazko pelikula aipatu ditu musikariak. Liburu baten edo film baten generoa adierazteko -zko baliatzen dugu, terrorezkoa izan edo dibertimenduzkoa izan.

ANDER:
Jatorrizko bertsioa deitzen zaio sortzezko hizkuntzan pantailaratzen denari.

NEREA:
Ahozko literatura eta idatzizko literatura bereizten ditugun bezala, jatorrizko bertsioa eta bikoiztua terminoak erabiltzen dira zineman.

ANDER:
Nahitaezkoa da Euskal Herriko zinema aretoetan euskaraz bikoiztutako film gehiago ematea.

ANDER:
Arrazoizkoa iruditzen zait.

NEREA:
Ez al dira zuri-beltzezko film gutxi egiten gaur egun? Niri asko gustatzen zaizkit zuri-beltzezko filmetako giroak.

ANDER:
Hara!, Nerea, hortxe duzu beste kasu bat. Bi eratara esan dezakegu. Zuri-beltzeko irudiak, baina zuri-beltzezkoak ere bai.

NEREA:
Zer ikasi dugu gaur?

ANDER:
Nolakoa da galderari erantzutean, -ko atzizkia eta -zko atzizkia txertatzen dizkiegu hitzei.

NEREA:
Egiazkoaren kontrakoa da gezurrezkoa.

ANDER:
Egiazkoa esan arren, benetakoa esaten dugu; eta sekula ez, benetazkoa.

NEREA:
Zure antza daukan aktorea zure antzekoa da. Ez dugu esaten antzezkoa.

ANDER:
Egiazkoa eta egiantzekoa bereiztea ez da beti erraza.

NEREA:
Kontuz ibili irudiekin, Ander. Batzuetan tronpatu egiten gaituzte eta.

Hemen entzun dezakezu Joseba Beristaini egindako elkarrizketa.

Jaurlaritza Logoa