Zuzenean
«Nire ahotsarekin zorretan sentitzen nintzen»
Hiru hamarkada bete dira Iñaki Garitaonaindia (Legazpi 1963) ‘Gari’-k bere bakarkako lehen diskoa argitaratu zuenetik. Efemerideak aukera eman dio merezi bezala tratatu ez zuen lan hartara itzuli eta jatorrizko pisten gainean egungo ahotsa sartzeko. Emaitza biniloan dator, Elkar etxearen eskutik.

«Nire ahotsarekin zorretan sentitzen nintzen»

Duela 30 urteko traje bat janzteko, ausardia puntu bat behar da. Lehenengo kezka, sartuko ote naiz. Arnasari eutsiz ekiten diozu eta, hara, leun doaz prakak. Josturetan tarratik egin gabe lotu duzu jaka. Sartzen zara. Orain dator, baina, bigarren urratsa, ispilu aurrean jarri eta begirada ikusten duzun horri zuzentzea: zarena zinenaren trajez jantzita. Eta irudi hori gustatzea. Eta zinen haren trajea jantzita zarena izaten eroso sentitzea.
Zuk duela 30 urteko trajean sartuko ote zaren, kezka gehiegi ez...
Kezkarik ez, alderantziz. Prozesu polita izan da. Atzerako begirada horretan aukera izatea jatorrizko pistak berriro eskuratzeko eta, jostailu berri bat balitz bezala, eurekin jolas egitea.
Bakarkako bideari ekitean, argitaratu zenuen lehenengo diskora itzuli zara. Izan da nolabaiteko bidaia kuantiko bat?
Bai, bidaia kuriosoa. Pistak lortu eta gero, saiatu nintzen guztia entzun eta ea zer aukera azaltzen ziren ikusten. Eta azaldu dira garaiko argazkiak. Proiektuarekin lotura estua zuten argazkiak. Prozesu deigarria izan da niretzat. Ikusi dut baita argazki orokor bat ere, garaiko artista gazte hura, gaur egun bere ibilbidea duena eta non dagoen erakusten duena.
30 urte. Bazenituen beste aukera batzuk: egin zenezakeen bilduma bat edo bertsio disko bat...
Aukera zenezakeen ezer ez egitea ere. Baina disko honetara itzultzea erabaki duzu. Zergatik?
Abeslariok deseroso sentitzen gara gure ahotsarekin. Norberaren ahotsa ez dugu onartzen. Eta disko honekin ere zor hori oso mingarria zen. Diskoko garai hura oso gogorra izan zen arlo pertsonalean. Ez zen proiektu erraza izan. Argi dago ni garai haietan ez nintzela artista erraz bat. Zorionez gauza horiek asko aldatu dira. Eta gehienbat artistikoki, banuen zor bat: ahotsarekin, norberaren ahots propio horrekin izan dudan zorra. Nahi izan dut hitz horiek hartu eta beste pausa bat ematea, beste modu batean abestea, gaur egungo ahotsarekin eta beste patxada batez.
«Banuen ospe bat, banuen izen bat, banuen ibilbide bat. Baina guzti horrek ez zuen ezertarako balio momentu horretan. Pertsona gaizki dagoenean inguruan dena okertzen da»
Bada nolabaiteko pribilegio bat ere, ez?
Musikak aukera hori ematen dizu, ez bakarrik atzera begirada horretan, baita zuzenekoetan ere. Beste arte adierazpide batzuk ez dute aukera hori ematen. Eta eman dit aukera ikusteko baita ere gaur egun nor naizen. Eta nor naizen horren argazkia argitsuagoa da. Eta hori ez nuen espero.
Ikuspegi askotatik disko ausarta izan zen. Musikalki garaiko sonoritatearekin hausten zuen. Hertzainak-en arrakasta neurrigabekoaren itzala ere gainean zenuen. Momentu pertsonal zailak aipatu dituzu. Hala eta guztiz ere, proiektua aurrera atera zenuen, disko hau abiapuntu. Izena bera ere esanguratsua da: ‘Gari’. Soil, nolabaiteko biluzte bat, zure zaurgarritasunak agerian utziz...
Fran Iturbe eta biok aspalditik ezagutzen genuen, bera bergararra, ni legazpiarra. Nerabe ginela uste dut ezagutu genuela, eta beti izan dugu horrelako harreman berezia, errespetu pila bat. Eta pentsatu nuen bera oso aukera egokia zela, gehienbat sonoritate berri baten atzetik elkarrekin bidea egiteko. Mikel Irazoki baxu jotzaileak ere bazuen bere bidea egina, nahiz eta gaztea izan. Eta uste dut Victorren lehenengo diskoa izan zela. Baina Victor dagoeneko garai haietan itzelezko talentuko tipoa zen. Eta horretaz konturatu naiz, orain jatorrizko pistak jasotzean. Geratu nintzen flipatuta, esanez: zer da hau? Eta hor ikusi nuen desoreka bat baita ere. Tipo hauek nola jotzen zuten garai haietan, ez ondo bakarrik, baita ere zer-nolako espresioz, ez? Ez nintzen hor haien mailan izan. Egoera pertsonalak, nik uste, karga handia zuen baita ere. Aipatu duzuna, Hertzainak-en burrundara ikaragarria izan zen. Hori gainditu edo horri erantzun bat ematea artistikoki ez zen erraza. Baina disko hau entzutean, pista horiek entzutean piztu zitzaidan baita ere gogo berri bat, esanez, nik ere abeslari bezala nahi nuela musikari hauek erakutsitako maila horretara iritsi.
Izan duzu beraiekin hitz egiteko aukera?
Harremanetan jarri nintzen eurekin, Mikel Irazokirekin, Fran Iturberekin, Aitor Ariño teknikariarekin, Anjel Valdes ekoizlearekin... eta gero Gorka Salmeron argazkilariarekin. Jatorrizko pista horiek entzutean, gehienbat garaiko sentsazioak azaldu dira. Arlo pertsonalean inportantea izan da gaur egun ikustea ni non nagoen. Bernardo Atxagak ‘‘Egun finlandiar bat’’ kantuan aipatzen duen bezala, libreak izan behar dugu. Eta egia da ni garai haietan ez nintzela batere libre sentitzen, ez arlo pertsonalean, ez artistikoan. Ikusten dut urteak behar izan ditudala nire askatasun pertsonal hori, ez bakarrik ikusteko, baizik eta sentitzeko. Argi eta garbi. Elkar diskoetxeak emandako aukera hau sari txiki bat balitz bezala jaso dut, eta horrek eman dit halako poz polit bat.
Atxaga aipatu duzu. Diskoko bi kanturen hitzak bereak dira. Garrantzitsua izan zen?
Oso, Atxaga bezalako artista batek zer nolako babesa eskaini zidan horrelako momentu konplikatuan. Momentu ilunetan ez da ohikoa. Eta momentu horretan oso-oso inportantea izan zen berak emandako babesa. Sentitu nuen bultzada bat zela proiektua gauzatzeko. Beti esaten dut zorretan naizela Atxagarekin. Inportantea izan zen momentu horretan. Ez ziren momentu politak izan, ez zen erraza izan...
Zer izan zen zailena?
Gauza asko. Gaur egun, distantziatik esatera noanak beharbada ez luke zilegitasunik. Zeren banuen ospe bat, banuen izen bat, banuen ibilbide bat. Baina horrek guztiak ez zuen ezertarako balio momentu horretan. Oso konplikatua izan zen. Baita Elkar diskoetxearekin harremana izatea ere. Pertsona gaizki dagoenean, inguruan dena okertzen da. Norbera gaizki egonda, normalena litzateke inguruan dauden adar horiek guztiak ere okertzea. Ikusten ditut garai haietako argazkiak, guztiak izan zirela oso konplikatuak. Sekulako indarra galdu nuen proiektu hau gauzatzen. Eta horrek ematen dit baita ere aukera gaur egun ikusteko zein ibilbide klase egin dudan eta non nagoen. Asko kostatzen zait gauzak zuzentzea, baina ikusten dut 30 urte hauetan kapaza izan naizela hainbat gauza konplikatu zuzentzeko. Horrek ere bere pisua du gaurko jarrera artistikoan.
Hala ere bakarkako bideari ekiteko eman zenuen lehen pauso hura beharbada zuk uste baino sendoagoa izan zen...
Urteak pasatu ditut, urte asko pasatu ditut disko honetako kantak jo gabe.
Zergatik?
Adibidez, ‘Amets’ izan zen oso kantu ezaguna, ez? ‘‘Amets’’ azkenengo 20 urteetan akaso 20 aldiz joko nuen. Ez gehiago. Asko kostatzen zitzaidan disko honetako kanta asko zuzenean jotzea. Kantak ez baitira bakarrik disko honetako kantak. Kanta horiek bazuten baita ere lotura bat nire barruarekin, nire mundu pertsonalarekin. Eta ez bakarrik deseroso, baizik eta gaizki ere jartzen nintzen. Beraz, zuzenekoetan kanta horrekin erabiltzen nuen trukoa zen lo-kanta bertsio bat egitea. Lo-kantek badute bere barnean sendatze asmo bat ere, ez? Esan nahi dizudana da, oso konplikatua izan dela niretzat disko honetara, kantu hauetara itzultzea.
«‘Amets’ azkenengo 20 urteetan akaso 20 aldiz joko nuen. Ez gehiago. Asko kostatzen zitzaidan disko honetako kanta asko zuzenean jotzea, nire barruarekin lotura zutelako»
Hortaz, izan da nolabaiteko bakeak egite bat kantuekin, zeure buruarekin?
Zenbat tormentu dagoen hor sartuta... Garai ekaiztsuak ziren oso.
Denboraren igarotzea dela eta, nola topatu dituzu kantuak?
Berriz entzutean kanta hauek oso ondo entzuten ditut. Baina distantzia dago. Eta gehienbat nituen zor horiek ordainduta daude. Bakean sentitzen naiz. Eta niretzat hori inportantea da, beti izan naiz oso ezkorra garai haiekin. Baita garai haietan zuzenekoetan sortzen zitzaizkidan sentsazio eta emozioekiko ere. Publikoa etsaitzat ikusten nuen, ez nintzen disfrutatzeko kapaza.
Orain bai. Diskoa entzuten dut eta ez da berria delako, baizik eta beste alde batean nagoelako. Disko honek erreferentzia ematen dit. Erreferentzia hori zein da? Ikusten dudala prozesua bere bidetik joan dela. Nire borroka horretan izan da nolabaiteko ate bat ixtea. Hor baziren mamu batzuk ate joka. Mamuak ez dira desagertuko, baina eurekin lortu dut beste harreman klase bat izatea eta bakean sentitzen naiz.
Biniloan argitaratu duzu diskoa.
Formatu honek ematen dion presentzia artistikoa da. Ikusi genuen, besteak beste, bazegoela baita ere argazkiekin lan izugarri bat egina. Argazki sesioa Legazpin egin genuen, nire herrian, Gorka Salmeron-ekin. Berezia izan da artxibo guzti horiek berriro berreskuratzea beste begirada batekin. Ikustea zer nolako lana egin genuen. Eta biniloak ematen dizu aukera hori baita ere, lan hori aurkeztekoa beste modu batean. Eta hor azaltzen dira karpetan Legazpin egindako argazki sesio horietako hainbat argazki. Zuzeneko kartela egiteko sesioko argazkiak ere agertzen dira, eta baita aurkezpen kontzertuaren argazkiak ere, Victoria Eugenian egindako kontzertuko argazkiak. Eta horrek guztiak ematen dio balore bat; beste dimentsio bat hartzen du lanak.
Garai hartako rock star hark, gaur egun ez dakit hartuko lukeen BEC edo Miribilla aurkezpen kontzertuetarako, baina gaurko Garik etxera jo du...
Patuak jarri nau Legazpin, nire amaren herrian, eta Zaldibarren, nire aitaren herrian. Aukera izango dut disko honekin bi herrietan izateko. Bakarrik ariko naiz gitarra soil batez. Donostian, Miramarren, taldearekin izango naiz.