Zuzenean

Nafarroan alerta laranja iragarrita dago, eta horregatik, Sorionekuak mugimenduak larunbat arratsaldean egin behar zuen ekitaldia bertan behera utzi du. Dena den, Nafarroako 20 herri zein eskualde baino gehiagotan herriko zubiak hartuko dituzte euskara etorkizunerako «zubi» dela irudikatzeko.
Etorkizunerako Nafarroa euskaraz izan dadin, «bakoitza badela zubi» nabarmendu du Xabier Gartziak, ekimenaren antolatzaile taldeko kideak. Herritar orori dinamikan parte hartzeko deia egin du: «euskarak gauza asko behar dituen arren, horretan jarraitu behar dugu». «Harrera ona izan du dinamikak, eta Nafarroako luze-zabalean jendeak euskara babestu eta bultzatuko du».
Larunbat arratsaldean euskarari «ateak ireki» nahi zizkioten, baina eguraldia oztopo izan dute. Beraz, arratsaldean irakurri behar zuten manifestua sare sozialen bitartez zabaltzeko deia egin du Gartziak.
«Hausnarketarako garaia» dela azpimarratu du Gartziak, euskarak «beste tratamendu» eta «beste errekonozimendu» bat behar duela aipatuz. «Bestelako Nafarroa» eraikitzeko urratsak eman behar direla gehitu du. Eskaera zuzena egin du azkenik: «Etorkizuneko Nafarroa eraiki behar dutenek badakite bestelako hizkuntza politikak garatu beharko dituztela».