Zuzenean
«Grebek izan duten babesak argi erakusten du irakasleek bat egiten dutela aldarrikapenekin»
Ez dago akordiorik Hezkuntzako mahai sektorialean. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuaren azken proposamena baztertu dute sindikatuek eta hurrengo asteko grebei eutsiko diete. Gehiago jakiteko NAIZ Irratian izan da Miren Zubizarreta, ELA sindikatuko hezkuntza arloko arduraduna.
«Grebek izan duten babesak argi erakusten du irakasleek bat egiten dutela aldarrikapenekin»

«Tamalgarria». Horrela deskribatu du ELA sindikatuko hezkuntza arloko arduraduna den Miren Zubizarretak sindikatuek Hezkuntza Sailarekin izan duten azken bilera. Apirilaren 9tik ez dute Sailaren berririk izan, orduan jaso zuten azken proposamena, bildu baino lau ordu lehenago. Bidalitako proposamen horrek aurrerapausorik ez, eta gainera, zenbait gaitan atzerapausoak ere planteatzen zituela salatu du Zubizarretak.
Hezkuntza Sailak edukiak jorratu baino «greba desaktibatzera» jokatzen duela dio ELA sindikatuko kideak. «Beti gaude greba bezperetan proposamenak aldez aurretik jaso gabe. Horrek negoziaketa efektibo bat aurrera eramateko baldintzarik ez du batere sortzen».
Aldaketarik ez
Ostiral honetan bilduko da berriro negoziazio mahaia eta oraingo honetan ere goizaldeko hiruetan jaso dute proposamena sindikatuek. Lehenbiziko balorazio batean, azaldu du Zubizarretak, «grebetan aldarrikatu eta hezkuntza komunitateak eskatzen dituen eskaera nagusiak ez dituela jasotzen proposamen berri honek».
Onartu du Jaurlaritza «lehen aldiz» hasi dela ratioen inguruan hitz egiten, baina «tamalez, hitz egiten hastetik edukiak planteatzera tarte handia» dagoela eta proposamen honetan ere ez duela planteamendu zehatzik egiten. Baliabide gehikuntzari dagokionean ere ez omen dago «inolako baliabide gehigarririk» pasa den apirilaren 9ko proposamenarekiko. «Gutxi gora behera %1eko giza baliabide gehikuntza bakarrik suposatzen du. Enplegua eta behin behineko langileak egonkortzeko ere ez dago inolako neurririk. Ezta irakasleen lana ez burokratizatzeko neurririk ere».
ELA sindikatuak «gabezia asko» ikusten dizkio Pedrosa sailburuaren proposamenari. «Greba eta mobilizazioek izan duten babesak argi eta garbi erakusten du irakasleek behar horiek ikusten dituztela eta erantzunik ez duten bitartean asko aldatu beharko lirateke gauzak proposamena onartu ahal izateko».
Jarrerak
Oso kritikatua izan da sindikatuek hedabideen bitartez izatea Begoña Pedrosaren azken proposamenaren berri, zuzenean beraiei helarazi beharrean. Miren Zubizarretaren esanetan «horiek ez dira formak negoziazio emankor bat gauza nahi baldin bada». Dena dela, formetatik haratago edukietan nahi du jarri fokoa ELA sindikatuak. «Uste dugu forma horiek erabiltzeak, hain zuzen, edukirik ez izateari erantzuten diola».


